Borrar

Umorearen mugak

Kontu polita da barre egitea kezkarik eta neurririk gabe (umorearen neurria neurririk gabeko umorea baita)

Felipe Juaristi

Sábado, 25 de marzo 2017, 01:36

Denboraren zama, denboraren zauria, denboraren zentzua, denborak berak emanak eta era berean kenduak. Gauza bakoitzak bere aldia du; eta aldi bakoitzak bere gauza, edo kontua. Troiako Helena, batzuentzat, Espartakoa, besteentzat, munduko emakumerik ederrena izan zen, garai batean, gerra-piztaile. Zer esango zukeen oraingoan? Zer esango genukeen orain hari buruz? Ez ote genuke emagaldutzat hartuko Helena bera, Zeusen alaba, Menelaoren emazte, Parisen maitale? Bai, seguru nago. Emagaldu izango litzateke hitzik finena; euskaraz ere askoz gogorrago eta zakarragoak ere bai baitaude. Jakina, hizkuntza bakoitzak bere kodeak ditu, bere moduak gizon-emakumeak laudatzeko eta, hala nahi izanez gero, haiek iraintzeko ere bai. Horretan, bederen, ez gara euskaldunok, bestelako hiztunen aldean, traketsago eta aldrebesagoak. Denborak aldatzen dira eta orain zuri dena bihar beltz bilakatuko da. Ezer ez baita betiko izaten. Eta betikotasun sentipenak are gutxiago du irauten. Eguneroko zoritxarrek iluntzen gaituzte; atertzen ez diren gaitzek jotzen, boxeolari eroa bezala utzi arte; borroka latzen artean ibiltzen gara, amaiera ezin asmaturik; biktimak egunetik egunera ugariagoak dira eta ezin denekikoa egin. Zorionak ez du irauten, baina iraungo balu bezala jokatzeko ohitura dugu. Lasaitasunak ere ez du irauten, baina ohitzen gara. Denera ohitzen gara, pentsatuz datorren aldia hobea izango dela. Eta hala ez izanik, datorrena are okerragoa bada, orduan ere ohitzen gara. Ohiturazkoak gara. Umoreak, bertikala izan ala horizontala, erantzun behar dio unetik unera aldatzen ari den egoerari.

Fernando Amezketarraren garaian euskal umorearen geziak norabide bakarra zuen. Jo eta zauritu egiten zuen goian zegoena, apaiz edo aberats jendea batez ere. Espainian ere garai batean ugaria izan zen umore klase hori. Arrastoen bila hasita, ibaiz ibai joanda, Tormesko itsu-mutilarengana iritsiko ginateke. Eta Tormesko uretan itsasontzi txikia hartuko bagenu, ipar itsasoa joko genuke, Rotterdamen hain zuzen. Hango uretan busti baitziren goikoen aitzakian barre egin zuten beheko jende apal ustekoak. Umore klase horrek ez zuen sekretu handirik. Bizian garrantzia duten kontuen inguruan ibili ohi zen: jan eta lanaren inguruan, lehenik; fama eta ohorearen inguruan, bigarren. Gose garaiak ziren, eta pobreak edo ahulak (askotan biak bat baitziren) burua nekatu behar izaten zuen lanik gabe jateko; edo janik gabe ez geratzeko. Ezer gutxi zuenak asko zuenaren bizkar lortzen zuen afanekoa; nekazari xumeak noblearengandik, baserritar petoak jakintsuarengandik, elizkoi leialak eliza gizonarengandik. Mundua alderantziz jarri izan balitz bezala zen: eromenaren laudorio fin eta zorrotza. Herria hiriaren aurka matxinatu balitz bezala; irudimenean noski. Benetako gerratan hiritarren poltsak ordaindutako soldaduek larrituak baitzituzten herri eta landak oro. Baina ezin ahanztekoa da horretan guztian zegoen helburu morala. Gizonak, edo emakumeak, iraganaz beste egin zezakeen, eta, bizi berrira etortzearekin batera, beste irudi eta itxurak hartu, ohoretsuagoak noski.

Amezketatik mundura igaro gara euskaldunok. Amezketa txiki geratu zaigu. Kontu polita da barre egitea kezkarik eta neurririk gabe (umorearen neurria neurririk gabeko umorea baita): aho arkuak haustea, azpiko arropa bustitzea, tripako minez bukatzea. Mundua, ordea, txiki geratu da guztiontzat. Itxi egin zaigu, eskumuturra bezala. Ilundu egin zaigu, etxeko argiak gauean bezala. Eta sartzeko ateak dobleko blindajea dauka. Zantzuak ere ezin sartu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Umorearen mugak