Ibilaldiak 150.000 pertsona espero ditu Bilbon
Maiatzaren 31n ospatuko da ikastolen aldeko 37. jaialdia Bizkaiko hiriburuan, Harrobia Lanbide Heziketako zentroak antolatuta
elcorreo.com
Viernes, 15 de mayo 2015, 00:21
150.000 pertsona harro ibiliko dira aurten Bilboko kaleetan. Hala adierazi dute behintzat Ibilaldiaren antolatzaileek. Bizkaiko ikastolen aldeko 37. jaialdia maiatzaren 31n egingo da Bilbon, Harrobia Lanbide Heziketako zentroak antolatuta. 'Harro ibili' lelopean, aurtengo edizioaren xedea 16 eta 65 urte bitarteko ikasleak dituen Lanbide Heziketako ikastetxe honek egiten duen lana ezagutaraztea da, eta biltzen den diruarekin, heziketa zentroan beste eraikin bat egiteko proiektua jarriko da martxan.
Logotipoari dagokionez, oinez dabilen ikastola edo eraikuntza baten irudikapena da, eta "etenik ez duen eta etengabe hobetzen jarraitzen duen proiektu baten sinboloa" dela adierazi nahi da. "Aurtengo leloa 'Harro ibili' da. Gure ikasle zein enpresak, dugun kalitatezko heziketa profesionalaz harro sentitzeko beharra helarazi nahi da" azaldu dute antolatzaileek.
Aurtengo edizioko abestiari dagokionez, Zea Mays talde bilbotarra izan da kanta egin eta Bizkaiko Ikastolen aldeko abestiari ahotsa jartzeko ardura izan duena. Harrobia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendutako eta Itundutako Lanbide Heziketako Zentro euskalduna da. Halaber, Kirol Irakaskuntzetarako Ikastola baimendua da.
Kooperatiba elkartea eta irabazi asmorik gabeko erakundea da. Portugaleten jaio zen 2001-2002 ikasturtean, Ibar Ezkerra Ikastola izenarekin, eta Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba elkartearen partaide da. 2011tik aurrera, lanbide prestakuntza zerbitzua Bilbon eskaintzen du Harrobia izenarekin. Hasierako eta bizitza osoan zeharreko kualifikazio prozesuak sustatzen eta bultzatzen ditu, ikasleriari behar besteko konpetentzia emateko enplegu bat aurkitzeko edo bere lan egoerari eusteko edo hobetzeko, bai mendeko lanetan, bai enpresa proiektu berritzaile bat abiarazteko, bai goiko mailetan zein osagarrietan trebatzen jarraitzeko.