Borrar

Ilara luze bateko azkenengoa

Ustelkeria kasuek hamaikatxo aldiz astindu dituzte Espainiako gobernuan azken hiru hamarkadetan txandakatu diren bi alderdiak. Ratorekin jazotakoa ez da anekdota puntual bat edo besterik gabeko arazo partikularra, kate luze bateko orain arteko azken begia baizik

joseba arruti

Lunes, 20 de abril 2015, 01:29

Espainiako Gobernuko presidente orde eta Ekonomia ministro (1996-2004), Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari (2004-2007) eta Bankiako presidente (2010-2012) izandako Rodrigo Ratoren ordu gutxiko atxiloketak eta bere etxeko zein bulegoko miaketek ustelkeria jarri dute berriz Espainiako aktualitate politikoaren erdigunean. Pertsonaiaren tamainakoa izan da jazotakoak izan duen oihartzuna eta PPren baitan eragin duen beldurra. Ikerketak aurrera jotzen duen heinean jakingo da iruzur egitea, ondasunen ostentzea eta kapitalak zuritzea egozteko susmoak mamitzen diren ala ez, baina Ratok berak zein PPk jasotako kolpea latza da. Aznarren ordezko izatear egotetik auzitegietarainoko eta, beharbada, kartzelako atarirainoko bidea egin duenak nahikoa izango du bereari eustearekin.

Bankiarekin lotuta dator guztia. Aurretik auzibidean dituenak, txartel beltzei dagokiena esaterako, eta oraingoan Madrilgo 35. Instrukzio Auzitegia, fiskalaren eskaera tramitera onartu ostean, egiten ari den ikerketa. Guzti honekin lotuta, asko hitz egin eta idatzi da egunotan Ratoren gainbeherari buruz, Espainiak aurreko mendeko azken urteetan eta honetako lehenengoetan izandako ustezko'mirari' ekonomikoaren aitatzat jo zutenak orain duen etorkizun ilunaren inguruan. Egia esan, bere ibilbideak asko ematen du eta kazetariak fin dabiltza xehetasun guztien atzetik.

Baina Ratori dagokiona ez da istorio pertsonal soila. Hobe esanda, batez ere ez da norbanako baten besterik gabeko ibilbidea, garai zehatz bateko Espainiako politikarekin ezin estuago lotutakoa baizik. Ostiralean jazotakoak datorren hilabeteko hauteskundeetan izan dezakeen eragina dela-eta biziki kezkatuta ei dabiltza PPko buruzagiak. Horrek argiro erakusten du zenbait eremutan jarduera politikoak duen kalitate demokratikoa. Ilargira begiratu beharrean atzamarra baino ez dute ikusten, nonbait. Kontua ez da alderdi bitako sistema osoa arinkeriaz auzitan jartzea, baina horren baitan politika egiteko moduetako askok ustelkeria ahalbidetu dutela gero eta argiago dago.

Ez dira kasu isolatuak edo garrantzi gutxikoak. Tarteka azaleratu dira eta gobernu zentralarekin edo autonomikoekin lotutako arduradun politiko garrantzitsuei dagozkie. Berandu izan arren, azkenaldian neurriren batzuk jarri dira indarrean horiek eragozteko edo, baina sakoneko arazoa ez da inondik inora konpondu. Alderdien finantziazio gardenagoa, justiziaren independentzia ahalik eta erabatekoena eta, aurrekoekin lotuta, balore demokratiko sakon eta aurreratuenetan oinarritutako kultura politiko berria ezinbestekoak dira benetan eraginkor jokatzeko.

Ustelkeria ez da berez sortu, lau gaizkile gobernu erakundeetan edo horien inguruan sartu ahal izan direlako. Jarrera askok osatutako giro batek ahalbidetu ditu horrelakoak. Alderdiek kritika bortitzak eta aldarrikapen handiosoak egiten dituzte ustelkeria bestekoari dagokionean, baina epel azaltzen dira euren zilborrei begira jartzerakoan. Inputatuak euren karguetatik edo zerrendetatik baztertzea ere ikaragarri kostatzen zaie, eta hitzez haratago ekintza bidezko erresistentziak agertzen dira, nabarmen. Horrek sinesgarritasuna kendu die eta herritarrak Espainiako bi alderdi nagusietatik urrundu ditu. Inpunitate usteak, hasieran, eta justiziaren gaineko kontrolak edo presioak, beti, iruzurretan ibili direnen lana erraztu du. Horrez gain, kasuetako askotan, aipatutako talde politikoek ez dute gehiegi lagundu horiek argitzen, eta beroriek nahasten edo kalteak leuntzen saiatu dira besterik gabe.

Herritarren jokabide kritikoa zorroztu egin du krisiak, eta hori ona da. Zergapekoei eredugarri jokatzeko eskatzen dietenek bestelakoek baino gehiago hartu behar dituzte kontuan betebehar horiek. Egunotan behin eta berriro errepikatu dituzte Ratoren aspaldiko adierazpen batzuk, iruzur fiskalaren aurkakoak. Lotsagarriak dira, gaur egungoaren argitan. Baina euren alderdien diru kontuekin edo zenbait gobernu autonomikotako jokamoldeekin lotuta beste askok aspaldion egin dituztenak ere ez dira hobeak.

Azken urteotako hondamendi ekonomikoa aukera bat izan liteke arduradun politiko hainbaten ahotan etika kontzeptu hutsala izatetik edukiz betetakoa izaten hasteko. Bi alderdi nagusiek urrats hori euren kabuz egiten ez badute, herritarrek behartuko dituzte horretara. Ez da nahikoa estatuburua aldatzea edo bestelako aldaketa kosmetikoak egitea. Luzaroan sakon errotutako molde txarrek egitura mailako erantzunak behar dituzte. Eta oraingoz ez da horrelakorik ikusten, partxeak eta aitzakiak besterik ez. Azala itxuraberritzeko ahaleginetan ari dira, zertxobait aldatzen benetan ezer ez aldatzeko. Baina mamiari heldu behar zaio. Rato ilara oso luze bateko orain arteko azkenengoa baino ez da. Hori da benetako arazoa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Ilara luze bateko azkenengoa

Ilara luze bateko azkenengoa