Idazleak eta literatoak
Gogoan dut Atxaga eta Txillardegi aurrez aurre aritu zirenekoa. Beste garai batzuk ziren, noski. Euskal literatura aurrera jotzen hasi berria zen; inork gutxik zekien zein izango zuen ibilbidea, eta are gutxiago zein izango zuen muga
Felipe Juaristi
Domingo, 4 de diciembre 2016, 02:01
Lagun liburu-dendak badu meritua. Bi eleberrigile bildu zituen orain dela gutxi: Ramon Saizarbitoria eta Fernando Aramburu. Ez da lehen aldia halako topaketa edo solasaldia antolatzen dela. Gogoan dut Atxaga eta Txillardegi aurrez aurre aritu zirenekoa. Beste garai batzuk ziren, noski. Euskal literatura aurrera jotzen hasi berria zen; inork gutxik zekien zein izango zuen ibilbidea, eta are gutxiago zein izango zuen muga.
Euskal idazleok ere hasi berriaren ilusioa genuen. Gure bideak amaiera ona izango zuela eta ondorengoei obra eder batzuk utziko genizkiela sinesten genuen. Ez genuen, nik bederen, arrakastaren kezka buruan. Ez ninduen horrek kezkatzen. Orain ere ez. Bai, badakit batzuek uste zutela mundua aho betean irentsi eta ezagunak diren hizkuntza guztietara itzuliak izango zirela eta gero Nobel saria emango zitzaiela; eta, ezer ganorazkorik idatzi aurretik, prestatua zuten Nobel sari hipotetikoa jasoko zuteneko hitzaldia: dena topikoz betea, jakina; dena hitz eder esanahi hutsez hanpatua, hala 'aberri' nola 'hizkuntza' hitzez.
Baina, dena esan behar bada, gutxienekoak ziren. Eta Nobel saria jaso ezin eta Euskadi sari txiki baina alaia jasotzearekin ezin etsita, beren baitarako hitzaldiak egiten amaitu dute, alegrantzia batere gabe, beren gainbehera euskal literaturarena balitz bezala adieraziz. Ez dut 'porrot' hitza erabili nahi, bestelako inguruak eta koskak baititu, baina hor nonbait dabil idazle askoren animoa. Eta hor tronpatzen dira, idazlearen egoera ez baita literaturaren egoera bera izatera iristen.
Baina ezer epaitu aurretik jakin behar bakoitzak zer espero zuen bere literatur lanaz. Balio izan al du hainbesteko ahaleginak? Eta ez dut galdera zentzu ekonomikoan egiten, ez baitago euskal idazlerik goseak hil duenik, ezta zeharo aberastu denik ere. Ez, 'balioa' beste zentzu batean darabilt, ea norberarentzat baliagarri izan ote den egindako ahalegina. Ea gaubeilako orduak, kafe tristea lagun, ea familiari eta adiskideei lapurtutako asteburuak, obraren ideia bultzagile, ondo erabilitakoak izan ote diren; sakrifizioak bere saria ekarri ote duen, eta ez naiz ekonomiaz edo ekonomiaren baliokide den famaz ari. Ez; galdera da ea norbera aberatsago atera ote den ibilbide horretatik, ea obra bat bukatu ondoren ez ote den zoriontsuago sentitu.
Saizarbitoria eta Aramburu, nor bere estiloan, biak saiatu izan dira herri honen azken urteotako kronika egiazko eta sinesgarria egiten. Ez naiz horretaz kexatzen hasiko. Literaturaren espazioa infinitua da, eta ez dago mugatzerik, ez gaiz ezta estiloz ez bestelako baldintzaz ere. Idazten hasi nintzenean, orain hogeita hamar urte pasatxo, 'konpromisoa' zen hitzik garrantzitsuena: euskararekiko konpromisoa, gizartearekiko konpromisoa, aberriarekiko konpromisoa. Azkenik, konpromiso guztiak bat eta bakarrean bildu ziren, aberriarekiko konpromisoan, hain zuzen. Eta nola aberriak bere interpretari eta borrokalari, bere teorilari eta bestelako 'tarilari' zituenez, haiek dogman jarritakoa izan zen konpromisoaren azkena.
Denok dakigu zein izan den ondorioa. Euskal literatura gerra literatura izan da, zentzu askotan. Salbuespenak salbu, noski. Eta ordaintzen ari gara. Orain, nonbait, konpromisoa bestelakoa da. Ahantzi egiten da idazlea gizakia dela, eta gizakiaren pasioak dituela bizitzan, gizartean bizi dela eta politikaren grinak bultzatzen duela. Eta izan dezakeela haragian letratan ageri ez zaion marka gorria. Gerta daiteke. Horregatik libre behar du idazleak. Bestela, literato bilakatzen da.