Bonello, Périot eta Tverdovsky zinemagileen klase magistralak Zinemaldian
Ekitaldi hauek doakoak izango dira. Sarrera librea da, plaza guztiak bete arte
elcorreo.com
Viernes, 2 de septiembre 2016, 02:05
Donostia zinemaren erdigunea izango da laster. Bertrand Bonello, Jean-Gabriel Périot eta Ivan I. Tverdovsky zinemagileek klase magistralak eskainiko dituzte 64. Zinemaldiko Zinema Ikasleen Nazioarteko XV. Topaketaren barruan.
Bonello (Niza, Frantzia, 1968) Sail Ofizialean lehiatuko da aurten, 'Nocturama' filmarekin, baita Zabaltegi-Tabakaleran ere, 'Sarah Winchester, opéra fantôme / Sarah Winchester' film laburrarekin. Topaketan, mintzaldi libre bat egingo du hainbat herrialdetako zinema eskolatako ikasleen aurrean (Alemania, Argentina, Belgika, Espainia, Frantzia, Israel, Lituania, Mexiko, Polonia, Erresuma Batua, Errumania, Errusia eta Serbia), baita bertaratu nahi duen hiritar ororen aurrean ere. Klasea irailaren 20an izango da, 12.15etik 14.00etara arte, Tabakalerako zinema aretoan.
Bestalde, Jean-Gabriel Périot (Bellac, Frantzia, 1974) 'Une jeunesse allemande / A German Youth' filmaren egileak Berlinale zinemaldiko Panorama saila inauguratu zuen iaz film horrekin, eta Zabaltegirako hautatu zuten. Leku berean hitz egingo du, 17.00etatik 18.30era bitartean, teoria eta praxis zinematografikoari buruz. Hark ere planteamendu libre bat erabiliko du. Périot-en bigarren filma, 'Lumières d'éte - Natsuo no hikari / Summer Lights', Zuzendari Berriak Sailaren lehiaketan izango da.
Azkenik, Ivan I. Tverdovskyk (Shelkowo, Errusia, 1981) ere Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartuko du, 'Zoologiya / Zoology' bere bigarren filmarekin. Tverdovsky topaketaren azken egunean arituko da, irailaren 23an, 11.30etik 14.00ra bitartean, eta film laburrak egiten izan duen esperientzia azalduko du, baita film luzerako trantsizioaren prozesuan izan duena ere.
Halaber, bere lan hauek proiektatuko dira: 'As If Waiting For A Bus (2009)', zinema eskolako amaierako lana; 'Snow' (2011), Natalya Pavlenkova protagonistarekin; eta 'Space Dog' (2012), Amsterdamen lehiatutako eta munduko hainbat dokumental jaialditarako hautatutako filma.
Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako klase magistral guztiak doakoak dira. Sarrera librea izango da, plaza guztiak bete arte, eta ikasleei eta akreditatuei emango zaie lehentasuna.