Busturialdeko dantzek ohituran diraute
Haren 50.urteurrena ospatu berri duen Foruko Urdaibai Dantza Taldeak antolatu zuen aurtengo eskualdeko jaialdia Muruetan
ANDER RETOLAZA
MURUETA.
Lunes, 25 de noviembre 2019
Eskualdean antzina zegoen tradizioa berreskuratzea xede, 1987an eman zen Urdaibaiko Dantzarien Egunaren lehen edizioa, Busturiako Altamira auzoan. Zonaldeko dantza taldeen helburua, beraz, taldeak batzea zen, denek batera dantzatzeko. Hain ohitura indartsua da non, egun ere, XXXIII. edizioan jada, Busturialdeko Dantzarien Eguna ospatzen jarraitzen den, oraingoan Muruetan, igarotako asteburuan.
Foruko Urdaibai, Bakioko Itxas-Alde, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiako Irrintzi Alai, Gernikako Elai-Alai, Ajangizko Artxube eta Gautegiz Arteagako Artie Dantza Taldeek hartu zuten parte, hau da, 300 bat dantzari guztira. Arratsaldeko 19etan eman zen jaialdia, herriko frontoian. Antzeko egitaraua izan zuten dantza talde guztiek; denen artean dantzatu zuten Dantzari Dantza, Gipuzkoako Dantzak eta Ziegoko Dantzak, eta, ostera, talde bakoitzak berauek prestatutakoak aurrera eraman zituzten.
Orain 30 bat urte sorturiko jaialdiak, beregain du eskualdean dagoen zaletasuna euskal folklorearen inguruan, ohiturak jarraitzea gustukoa baita Busturialdean. Honi jarraiki, ohitura horien baitan daude bakarkako dantzak. Elai Alaiek Falzes deituriko dantza egin zuen, Irrintzi Alaiek aldiz, Tudela, Alkartasunak Luzaideko Polkak prestatu zituzten, Artxubek Axuri Beltza, Itxas-Aldek Bralea eta Arin-arina, Egunsentik Launango Zaharra eta, anfitrioia azken, Urdaibaik Nafarroako Dantzak.
Ekitaldia bukatzeko, Gaztelugatxe martxa dantzatu zuten dantzari guztiek batera, bai eta publikoko hainbatek ere.Muruetako Udalaren laguntza uneoro eman zen ikuskizuna ospatzeko. Urdaibai Dantza Taldekoek leku eske jo zuten Muruetara, ekitaldia egiteko gune egoki bat lortu nahi zutelako.
Elkartasuna
Herriko alkatea den Julen Karrionek eskualdeko jaialdia Muruetan egitea hasiera batetik «begi onez» ikusi zutela adierazi zuen. «Muruetan dantzari asko bizi dira Foruko Urdaibai Dantza Taldean daudenak eta harreman horrekin jarri ziren gurekin kontaktuan», azpimarratu zuen.
Halere, eguraldia dela medio hainbat arazo izan zituztela ere azaldu zuen. «Eguraldiak azken orduko arazo batzuk sortu dizkigu, baina herriko jendearen laguntzarekin jaialdia bere ildo onetik segitzea lortu izan dugu», gehitu zuen. Ekitaldia hasteko, bestalde, EITB maratoiak haur minbiziaren aurka duen ekimenarekin bat egin zuen Busturialdeko Dantzarien Egunak, 'Lau Teilatu' kanta abestu baitzuten dantza talde guztiek.