Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Bermeora dator domeka arratsaldean
Hitzordua herriko Kafe Antzokian izango da, 18.00etan hasita
iratxe astui
Viernes, 15 de abril 2016, 01:28
Urte birik behin antolatzen dan Bizkaiko Bertsolari Txapelketa fasez fase eta saioz saio aurrera doa. Joan dan astean edizio barria Berrizen inauguratu eta gero, Bermeon jokatuko da bigarren sailkatze saioa, datorren domekan. Hitzordua, izan be, herriko Kafe Antzokian izango da, 18.00etan hasita. «Sarrerak txarteldegian salgai egongo dira saioa baino ordu bete arinagotik», iragarri dabe Bizkaiko Bertsozale Elkarteko arduradunek.
Publicidad
Guztira, sei bertsolari lehiatuko dira Bermeon eta euretariko bi Busturialdekoak izango dira. Oholtza gainera igoko dira, beraz, Aitor Arrutia (Enkarterriak), Ander Elortegi (Busturialdea), Dani de Miguel (Uribe Kosta), Imanol Arrutia (Enkarterriak), Jone Larrinaga (Uribe Butroe) eta Julen Ibarguengoitia (Busturialdea). Saioan gaiak emoten Olatz Larrinaga ibiliko da eta epaimahaiko kideak, barriz, Jon Jaio Aiartzaguena, Mirari Azula Aurrekoetxea eta Miriam Juaristi Urizar izango dira. Idazkari beharretan, Itziar Basterretxea ariko da.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udabarriko fasean, bertsolariek egin beharreko lanei jagokenez, zortziko nagusian ofiziotan hiruna bertso, zortziko txikian ofiziotan hiruna bertso eta lauko handian ofiziotan launa kopla izango dira. Bakarkako lana, bestalde, gai bati buruz bertso bi, doinu eta neurri librean izango da.
Aurtengoan, Busturialdetik parte hartuko daben bertsolariek Asier Galarza, Ander Elortegi, Gurutz Uruburu, Julen Erezuma, Julen Ibarguengoitia, Koldo Gezuraga eta Mikel Retolaza izango dira. Lea Artibai eskualdetik, bestalde, Aissa Intxausti, Aitor Ruiz, Bikain Urkidi, Eneko Arrate, Iñaki Lersundi, Joseba Artza, Lander Ibarluzea, Nerea Ibarzabalek jokatuko dabe. Aurtengo Udabarriko fasean 56 bertsolarik eman dabe izena eta eskualde guztiek dauke ordezkaritza. Kopuru hori kontuan hartuta 9 saio egingo dira.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión