«15 urtez saiatu ostean, gutxien espero nuenean irabazi dut txapela»

Iñaki Viñasprek txapela hartzen du lehenengoz./Blanca Castillo.
Iñaki Viñasprek txapela hartzen du lehenengoz. / Blanca Castillo.

Iñaki Viñasprek, aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketako garaileak, arabako bertsolaritza maila «ona dela eta hobera doala» txalotzen du

Jon Ander Goitia
JON ANDER GOITIA

«Gutxien espero duzunean etortzen da otsoa», kantatu zuen Iñaki Viñasprek (Abetxuko, 1984) Arabako Bertsolari Txapelketako finaleko agurrean. Eta otsoa heldu zen. Gose, gainera. Txapelari haginkada emateko asmoarekin. Horrela erakutsi zuen, behintzat, finalean zehar. Luze eman du hau dastatzeko lanean eta honakoan ez zuen berriro esku hutsik bueltatzerik nahi. Otsoa gutxien espero denean etortzen den bezala, txapela Viñaspreri ere sorpresaz heldu zitzaion, horrela behintzat azaltzen du EL CORREOri eskainitako elkarrizketan. Hori bai, 15 urtez bere atzetik ibili ostean.

-Finala ospatu zenetik pare bat egun pasa dira dagoeneko. Nolakoak izan dira?

-Ederrak. Itzela izan da aste honetan bizi izan dudana. Plazer handia da jendea zuregana hurbiltzea eta zoriontzea. Baina pentsatzeko ere ematen dizu. Irabazi izan ez banu esan nahi du, nahiz eta saio berdina egin, merezi ez nuela horrelakorik?

-15 urte eman duzu txapelaren atzetik. Burutik inoiz pasatu zaizu irabazi gabe utziko zeniola parte hartzeari?

-Bai, azkenaldian pentsatua neukan gertatu ahal zela txapelketa uztea txapelik irabazi gabe. Esan daiteke gutxien espero nuenean irabazi dudala. Eta uste dut horrek lasaitasun puntu bat ere eman didala saioetan zehar. Egia da txapela irabaztea oso polita izan dela, baina horrela izan ez balitz ez zen ezer gertatuko. Batik bat bertsolari asko egon direlako finaletan eta irabazi gabe utzi diotelako parte hartzeari.

-Kostata, zure 11.finala delako, baina azkenean lortu duzu. Nola deskribatuko zenuke horri esker orain bizitzen ari zarena?

-Nik esango nuke oraindik hodei batean nagoela. Aste bat pasa da dagoeneko eta kriston urruti dagoela ematen du. Uste dut oraindik hodeian jarraitzen dudala, baina pixkanaka jaisten joango naiz. Nahi edo ez, hodeia apurka apurka zerutik urruntzen joango da. Ohinak lurrean edukitzea ere komeni zaigu. Ja, ja, ja.

«Txapela jartzea oso polita da, baina bide horretan eskuratu ditudan gauza guztiengatik pena merezi izan du bertsotan aritzeak» saririk onena

-Baina ospatu beharreko zerbait da...

-Bai, bai! Finalaren osteko gaua luzea izan zen. Luzea, txapela ospatu beharra zegoelako. Oraindik jendea etortzen zait garaipena ospatzeko tartetxo bat eske. Bi urte ditut aurretik ospaketetarako (barre egiten du). Finalen aurretik ez daukat ohitura berezirik; goizean aretoa ikustera noa eta gero lagunekin bazkaltzen dut.

-Orduan, emaitza ikusita, honakoan zerbait ezberdina egin duzu?

-Zerbait aldatu baldin badut, ez dut gogoratzen, beraz lasai egon daitezke besteak ja, ja, ja. Aurrekoetan izandako errutina mantendu nuen eta badirudi honakoan funtzionatu zuela.

-Hurrengo bi urteetan zu izango zara txapelaren jabea. Errepikatzeko asmoarekin?

-Urrun dago hurrengo txapelketa eta ez diot horrelako erronkarik jartzen nire buruari. Errepikatzekotan oso pozik egongo nintzateke, baina hau suertatzen baldin ez bada ere pozik egongo nintzateke. Finaletan ez naiz sekula galtzaile sentitu, nahiz eta azkeneko postuan geratu. Bi urtetik behin izateak bertsolarioi txapelketari begira jartzeko denbora gehiago ematen digu. Urtero ospatzen zirenean, aldiz, ia ia jarraian zeuden, aurre kanporaketak urrian hasten zirelako.

«Dohinuak beti ditut buruan. Kaletik bakarrik noanean txistuka ibiltzen den horietakoa naiz» bertsolaritza egunerokoan

-Finaleko maila eta bizitako giroagatik, Araban bertsolaritza osasuntsu dagoela esan daiteke?

-Osasuna ona da eta hobera doa. Batetik finalean egondako gazteek suposatzen duten berritze horregatik eta txapelketa bera ere handitu delako, aurre kanporaketak eginez. Aurrera indartsu egiteko sustraiak badituela erakusten dago.

-Bertsolari bat bere egunerokoan bertsotan aritzen da?

-Gero eta gutxiago, baina hasi berria zarenean bai. Gure hastapenetan gogoratzen dut nola autobusa hartzen genuen bakoitzean bertsoak pentsatzen ibiltzen ginen, matematika klaseetan koadernoan bertsoak idazten genituen... Orain, berriz, txapelketarako bakarrik uzten ditugu horrelako lanak, baina dohinuak beti izaten ditugu buruan. Kaletik bakarrik noanean txistuka ibiltzen den horietakoa naiz, ja ja ja.

-Nola da bertso bat sortzeko prozesua?

-Lehenengo gauza ideia pentsatzea da. Buruari horrelako galdera bat egiten diogu: 'zer esan nahi dut eman didaten gaiarekin?' Ondoren, horri bukaera bat ematen saiatzen gara eta jarraian errimak sortzen ditugu. Bertsoaren gainontzekoa, berez, inprobisatua da goitik behera; momentuan kantatzen zoazena. Ideiari bukaera, errima eta bat-batekotasuna jarraituko liokete.

-Zein ariketan sentizen zara erosoen?

-Puntu erantzunetan. Nahiz eta finalean okerren egin nuena izan, gehien gustatzen zaidan ariketa da, bertsoaren bat-batekotasun horri garrantzia ematen diolako. Gai jartzaileak lehenengo bi lerroak kantatzen dizkizu eta zuk beste seiak gehitu behar dituzu. Egia da ofizioka aritzea ere asko gustatzen zaidala, albokoarekin elkarrizketa izatea. Baita ere bakarka bertsotan aritzea, zure ideiak zabaltzeko aukera ematen dizulako.

Txapelaren 'tourra'

-Orain, leku batetik bestera zoazela, txapela zurekin beti eraman beharko duzu.

-Eskolaz eskola aritzen naiz bertsolaritza lantzen eta momentuz poltsa batean daramat egunero eskola batetik bestera. Agindu nien eramango nuela eta hitza beti bete behar da. Erakusten diet nolakoa den, etorkizunean beraiek irabaziko dutelakoan. Eskertzekoa da, baita ere, egiten dizkidaten harrerak; bertsoak kantatuz, adibidez.

-Horrelako bizipenengatik, pena merezi izan du bidea hau egiteak?

-Bai, baina ez bakarrik txapelagatik, bertso munduak gauza asko eman dizkidalako; momentu gozoak eta beste batzuk gaziak. Txapela jartzea oso polita da, baina bide horretan eskuratu ditudan gauza guztiengatik pena merezi izan du honetan aritzeak. Azken honi emango nioke garrantzia gehien.

-Noiz hasi zinen bertsotan?

-Instituko garaian geneukan hautazko batean deskubritu nuen. Kasualitatez bertsolaritza munduan bukatu dudala esan dezaket orain atzera begiratuta. Hamar urterekin galdetu izan bazidaten ea bertsolaria izan nahi banuen, nire erantzuna seguraski 'zer da hori?' izango zen. Aldiz, 16-17 urterekin argi nuen bertsotan egin nahi nuela. Bertsolari izan nahi nuen oraindik ez neukan horren argi, baina bertsotan ibili nahi nuela baneukan buruan.

-Eta 15 urte barru non ikusten duzu zure burua?

-Publikoan, txapelketari dagokionez. Hori bai, bertsotan jarraitzea gustatuko litzaidake, baina plazetan arituko nintzateke. Arabako txoko ezberdinetan oso gustora ibiltzen naiz. 17 edo 100 pertsona ohi ditugu aurrean eta horrelako bizipenak ikaragarriak dira. Eta txapelketetan plana, berdina: lagunekin bazkaltzera joan.

Temas

Korrika