«Zientzia fikzioan barneko kontakizunak plazaratzeko askatasuna topatzen dut»
Santurtziarrak 'Lara de Altopico' eleberria argitaratu berri du, gaztelaniaz idazten duen lehenengo nobela
irati alonso
Igandea, 21 azaroa 2021, 20:23
Botere eskuratzea, obsesioa eta identitatea ditu xede 'Lara de Altopico' eleberriak. Garazi Albizua idazle santurtziarrak Lara gaztearen fikziozko istorioa oinarri duen liburua argitaratu berri du, gazteleraz kaleratzen duen lehena. Eroso sentitu ote den galdetuta, hizkuntza bakoitzak berezitasunak dituela azaltzen du: «Euskarazko hitzek modu zehatz batean zizelkatzen dute errealitatea, gaztelaniazkoak beste batean; bateri zein besteari erreparatuta idatzi ditut obrak. Ahots ezberdinak dira kontakizunen erregai».
Duela zazpi urte hasi zen abentura hauek idazten eta lehen zirriborrotik azkenekora asko aldatu dela aitortzen du. «Kontraesana badirudi ere, arintasunez idatzi dut. Akzioa, paisaia, eraikitako mundua... Malgua eta erraza iruditu zait. Askotan, jolastu naiz ikaragarri unibertso horren barnean. Barre egin dut, asko, gainera», aitortzen du idazleak.
Lara de Altopico
-
Egilea Garazi Albizua
-
Urtea 2021
-
Argitaletxea Apache Libros
Lararen eskutik heltzen dira istorio honen narrazio guztiak. Neska gaztea da, beldurrik gabekoa. «Horrek arriskuan jarriko du behin baino gehiagotan, baina xalotasunez eta lasaitasunez bizitzera lagunduko dio ere». Bere herriko maitagarriak eta ninfak atzean utzi eta Llanosora bidaiatzen du trasgoen bila. Han iluntasuna ezagutuko du, hainbat kide aurkituko dituela bidean. «Ez ditu laguntzat joko berehala. Larak erabaki behar du bestea ezagutu nahi duen edo ez. Harentzat ez da erraza berehalakotasunean bestea adiskidetzat jotzea, oso gauza serioa da hori, behin laguna izanda, pertsona ezagutu eta maite nahi duelako», adierazten du Albizuak.
Bai Lararen kasuan eta baita gainontzeko pertsonaien izaeran santurtziarraren ikuspegia somatu daiteke. Idazleak argitaratutako beste liburuetan jazotzen den moduan, normalean atzekaldean dauden profilak lehen planora ekarri ditu. «Uste dut nire nortasunaren eraikuntzan hori horrela dela. Nirekin fidela banaiz, horrelako protagonistak izango ditut istorioetan», dio.
Mundu imaginario bat sortu du berriz Albizuak eleberri honetan. Eraikuntzaren inguruan, prozesua «ikaragarri dibertigarria» dela nabarmentzen du: «Nire buruan ez dut horren beharrik, baina istorioaren lehen pausuak idaztean, ikusi dut, nolabait, horiek egiten duten ibilbidea zehaztu behar dudala: sortu bide guztiak, herrialde, itsaso eta kreaturak. Bestela, irakurlea erabat galduko da; nire barneko mundu horretan, itsu».
«Lanaren isla da. Nire begirada eta ahots propioan konfiantza hartu dut edo horretan ari naiz»
aldaketa
Garapena
Fantasia asko gustatzen zaio. «Zientzia fikzioaren lurraldean barneko kontakizunak plazaratzeko nahi dudan eta behar dudan askatasuna topatzen dut. Gainera, uste dut goxotasun edo xarma propioa duela genero literarioak; hein handi batean, idatzi aurretik istorioa lantzeko malgutasuna eskaintzen duena».
Hainbatetan esan du faltan botatzen dituela emakume erreferenteak liburuetan, baina azken urteetan eskasiari heldu eta hutsune hori txikitzen ari dela uste du. Fikzioak arlo honetan ere paper garrantzitsua jokatzen du: «Badu gaitasun ederra: edozein eszenatoki sortzea bertara kezka edota obsesio guztiak botatzeko».
Hainbat eleberri idatzi ditu Albizuak eta komikiak ere landu ditu. Duela hainbat urte hasi zen, eta koadernoan idatzi zituen lehen esaldi horietatik asko aldatu dela aitortzen du. «Uste dut nabaria dela tarte horretan askoz ere gehiago irakurri eta idatzi dudala. Ez dakit heldutasuna heldu den, baina bai lanaren isla. Nire begirada eta ahots propioan konfiantza hartu dut edo horretan ari naiz», azaltzen du. Pertsonalki ere, garapena somatzen du: «Lortu dut aisialditik ateratzea eta bestelako seriotasunez lantzea».
Idazkera lantzen duen heinean, beste hainbat proiektutan murgilduta dago santurtziarra, hala nola, irakurketa klubak eta sormen idazkera tailerrak. Halaber, Bizkaia Irratian Irakurriera irratsaioan ari da eta Kristina Saez marrazkilariarekin batera, umeei zuzendutako ipuina idatzi du, 'Lea ipurterrea eta harmonika trebea!', hilabete honetan kaleratuko dena. Eta Izaskun Avellanal idazlearekin proiektu literario erraldoi batean sartu da. «Zorotasun bihurri batean erdi itota zein elikatuta bizi naiz», dio.