Zeelanda Berriko finantza erakunde eta enpresek ingurumenean duten kutsagarritasunaren berri eman beharko dute
2023. urtetik aurrera banku, aseguru-etxe eta inbertsio funts ezberdinek euren negozioek duten inpaktu klimatikoa eman behar izango diote ezagutzera Gobernuari
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 19 apirila 2021, 20:53
Zeelanda Berriko finantza empresa eta erakundeek ingurumenean duten kutsagarritasunaren berri eman beharko dute 2023. urtetik aurrera. Horrela adierazi du Ozeaniako herrialde honek, Finantza Sektorearen legeari zuzenketa bat aurkeztu ondoren. Hori dela medio, aurrerantzean banku, aseguru-etxe eta inbertsio funts ezberdinek euren negozioek duten inpaktu klimatikoa eman behar izango diote ezagutzera Gobernuari. Hortaz, bertako 200 enpresa eta erakunde inguruk txostenak aurkeztu beharko dituztela aurreratu dute.
Hala, munduko lehen herrialdea bilakatuko da esparru honetan arau ezartzen. Zeelanda Berriak hartutako erabaki hauxe aurrerapauso ikaragarria da aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren erronkan. Izan ere, egitasmo honek klimari eta ingurumenari eragingo dizkioten arriskuak enpresa agendaren erdigunean jartzea du xedetzat.
Finantza erakundeei gardentasuna eskatzeaz gain, Zeelanda Berriak empresa horien kudeaketan klimarekin zerikusia duten nondik-norakoak aditzera eman beharko dituzte. Ekimen berri honek hainbat eragile hartzen ditu aintzat, hala nola, banku, kreditu kooperatiba, hipoteka kreditu erakunde, inbertsio gestore eta 1.000 milioi dolarretik gorako (589 milioi euro) aktiboak dituzten aseguru-etxe guztiak.
Dena den, hori ez da ingurumaneraren aldeko erronkan Jacinda Ardern buru duen Gobernuak hartu duen erabaki bakarra. Zeelanda Berriak 2050. urterako karbono neutral bilakatuko dela zehaztu du eta baita 2035. urterako autoen % 50 elektrikoak izango direla adierazi ere.