Zeanurin Ermiten XXXIII. Mendi Martxa ospatuko dute bihar
Joko Alai elkarteak Zeanuriko Udalarekin elkarlanean atontzen duen ibilbideak orotara 35 kilometro aurkezten ditu, eta guztira 19 ermita edo elizetatik igarotzen da
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 2 iraila 2022, 13:54
Zeanurin Ermiten XXXIII. Mendi Martxa ospatuko dute larunbatean, irailaren 3an. Joko Alai elkarteak Zeanuriko Udalarekin elkarnalean atontzen duen ibilbideak orotara 35 kilometro aurkezten ditu, eta, guztira, 19 ermita edo elizetatik igarotzen da.
Bizkaiko udalerri honetan parrokia bi eta hemezortzi baseleiza daude, udalerriko zazpi kofradietan sakabanatuta. Hori dela medio, ondare erlijiosoa ezagutuz naturarekin hartu-emanean egoteko aukera paregabea eskaintzen du ibilbide honek. Irteera Zeanuriko plazatik izango da goizeko 07.30ean abiatuta, eta, zazpi orduko inguruko zeharkaldia egin ondoren, berriro ere udalerri honetako plaza honetara ailegatuko da.
Joko Alaiko bazkideek zazpi euro ordaindu beharko dituzte izena ematerako orduan, eta, 14 urtetik beherakoek, aldiz, 4 euro. Era berean, bazkideak ez diren nagusientzat 9 euroko prezioa izango du, 5 eurokoa nerabeen eta haurren kasuan. Dirua BBK-ko kontu-zenbaki honetan sartu beharko da, 2095 0335 29 3830586275.
1988. urtean abiarazitako martxa da hauxe, Joko Alai Kirol Elkartearen eskutik jaio zena, eta, urteen poderioz, natura eta ibilaldi luzeak maite dituzten mendizaleen hitzordu esanguratsua bilakatu da. Ekimen honen bitartez ere Zeanuriko bizilagunei, nahiz bisitariei Gorbeia mendiaren magalean kokatutako herri hau osatzen duten ermita eta auzuneak aditzera ematea bilatzen da. 20 ermita eta eliza hauexek Egiriñaoko Elurretako Andre Mariaren ibilbidetik kanpo geratzen dira, Gorbeiaren gailurretik oso hurbil.
Zeanurin ospatzen da egitasmo hauxe, Arratiako eskualdean kokatuta dagoen herria, Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Gorbeia mendiaren magalean, hain zuzen ere. Bizkaiko lurralde historikoko hirugarren udalerri zabalena dugu, orotara 15 auzoz osatuta dagoena, bertan sakabanatuta ageri dira 20 ermita eta elizak.