https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Volar' euskal lanak Atzerriko Dokumentalik Onenaren Saria irabazi du Kopenhagen

'Volar' dokumentalaren protagonistak./Emakunde
'Volar' dokumentalaren protagonistak. / Emakunde

Bertha Gaztelumendiren zinta Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ekoitzi du, eta, bertan, iraganean genero indarkeria pairatu zuten bederatzi emakumek euren esperientziak kontatzen dituzte lehenengo aldiz

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍA

Inork ez du zalantzan jarriko euskal zinemagintza eta dokumentalgintza goraka doazela. 'Handia' eta 'Errementari' bezalako filmek asko egin dute gure kultura zinematografikoa mapan kokatzeko. Eta horri gehitu behar zaio orain dela hilabete eta erdi inguru Arantxa Echevarría zuzendari bilbotarrak Goya saria irabazi zuela bi emakume ijitoren arteko amodiozko istorioa kontatzen duen 'Carmen y Lola' filmagatik.

Oraingoan, saritua Bertha Gaztelumendi zuzendari euskalduna izan da 'Volar' lanagatik , Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ekoitzitako zinta. Bertan, iraganean genero indarkeria pairatu zuten bederatzi emakumek euren esperientziak kontatzen dituzte lehenenengo aldiz. Atzerriko Dokumentalik Onenaren Saria jaso du Annual Copenhagen Film Festival izeneko zinemaldian. Dinamarkako hiriburuan ospatu zen jaialdia, joan den astean, baina zuzendari gipuzkoarrak ezin izan zuen saria jaso, Libanon baitzegoen Beirut International Women Film Festival (BWFF) zinemaldian bere filma aurkeztuz.

Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, 'Volar' Annual Copenhagen Film Festival-era bidalitako mila filmen artean aukeratu zuten eta Atzerriko Dokumentalik Onenaren Kategoriako lehian parte hartu zuen. Zuzendariak Beirutetik etorri berri denean jaso du sariaren albistea.

Beiruteko festibala urtero ospatzen den zinemaldia da. Bertan, mundu osoko zinemagileak eta zinemazaleak biltzen dira, eta generoen berdintasuna, sexu askatasuna edo indarkeria sexista bezalako gaiak tratatzen ditu. Emakumeei buruzko edo emakumeek egindako filmak bere baitan hartzen ditu eta bere ingurua aldatzearen alde duintasunez lan egiten duten emakumeen irudi positiboa sustatu nahi du.

'Volar', nazioarteko zinemaldietan

'Volar' filmera bueltatuz, nabarmendu behar dugu bere bidea egiten ari dela nazioarteko zinemaldietan. Izan ere, Grezian, -Documentary Fest Ierapetra-, Kolonbian -Medellín International Film Festival (FestMedallo) eta Festival Internacional de Fusagasugá, Uruguain -Globale Uruguay-, Zimbawen -International Images Film Festival for Women (IIFF), Mexikon -MIC GÉNERO Itinerante Latinoamérica y Mexico International Film Festival, Ipar Irlandan -Respect Belfast Human Rights Film Festival- eta Italian -Social World Film Festival Italia- proiektatu dute. Berlineko Mov(i)e Activism zinemaldiaren hurrengo edizioan parte hartzeko ere aukeratu berri dute.

Donostia Zinemaldian 2017an aurkeztu zenetik, filma etengabe eman da sare komertzialetik kanpoko aretoetan. Euskal Herrian eta Espainian ehun emanaldi berezi eta zine lehiaketa baino gehiagoetan izan da, bere protagonisten parte hartzearekin.