Borrar
La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre

ETAren amaieraren urteurrena

Atzera begiratu eta zauriak zabalik ikusten ditut oraindik ordea

Igandea, 17 urria 2021, 00:44

Comenta

Hamar urte pasatu eta gero, urteurren honetan, gogora datorkidan lehenengo kontua kristalezko kaiola bat da, zeru gorri beilegi baten azpian. Bertan, barruko aldean, kolore, tamaina eta jatorri guztietako ehunka hegazti dabiltza airea harrotzen, zalapartaka. Norbaitek, kaiolara hurbildurik, ate txiki bat irekitzen du. Hegaldunak ostendu egiten dira, eta tupustean zerua txorien etorbide bilakatzen da, luma argi eta distiratsuak erakutsiz, eguzki-argi zuri eta berriaren azpian.

Uste nuen hamar urte geroxeago oso pozik egongo nintzela. Atzera begiratu eta zauriak zabalik ikusten ditut oraindik ordea, iturri gardenak balira bezala. Oraindik begiak itsutzen dizkidate bidean geratu zirenen edo besterik gabe utzi zituztenen errautsen errainuek, oroitzapena beroa baita. Oraindik ez dira lausotu itxaronaldian zorroztutako denboraren ahoan zulatu zituztenen bizitzak. Oinazea ikusten dut erle talde bat abaraska mingots batean itxita bezala; ametsak ikusten ditut ke bihurturik, eta beira puskatua, hondamendi etsia, basamortu elkorra. Zerbait gurea haiekin joan zen, haiekin hautsi zen, haiekin erre zen, eta ez dugu inoiz berreskuratu, ez garelako bila ibili. Batzuek bizia eta ondasuna galdu zuten, dena galdu zuten duintasuna izan ezik. Baina beste batzuek, biak gordetzeagatik, duintasunik gabe biluzik geratu ziren. Bizirik iraun dugu, baina ez gara bekaizkeriak apaldurik, irainak jipoiturik, mina segika geratu zirenak baino hobeak. Bizirik iraun dugu eta aldatu egin gara, ez dugu ia geure burua ezagutzen. Hustu egin gara, lehortu arte; xahutu egin gara, ezereztu arte; nonbait azkendu gara, jakiteke.

Jauzi bat jo eta dena irensten duen hutsune hori egiterik balego! Begiak itxi, nahi bat barneko indar guztiarekin eskatu eta berriro hasiko bagina! Egindakoa desegiteko, ibilitakoa ez ibiltzeko eta armatutakoa desarmatzeko aukera emango balitzaigu! Posible balitz erlojuak hasierako ordura ekartzea eta denborak atzera egitea, badakigun eta ez dakigun hainbat gauza bezala galdu genuen inozentzia berreskuratu arte! Baina jada ez gara errugabeak, agian ez gara inoiz izan eta kontrakoa pentsatuz engainatu gara. Ez gara errugabeak ikusi genuenetik lehen biktima kalean botata, bakarrik eta abandonatuta, izara hala moduzko batez estalita. Ez gara errugabeak, eta ez gara izango.

Gure begiek gauza izugarri gehiegi ikusi dute. Indarkeriak zerbait abstraktua izateari utzi zion, eta aurpegi adiskide, miretsi edo maitatu batean gorpuztu zen. Denok daramagu laidotuen nomina bat tatuatuta ariman. Indarkeriak zerbait urruneko izateari utzi zion, haurtzaroan eskolako patioan gurekin jolasten zen mutil hura hiltzaile bat zela jakin genuen unetik aurrera. Indarkeria gure amaorde izan zen. Begiradak deszifratzen ikasi behar izan genuen, keinuak argitzen, mugimendu soilak, dardara nabariak, keinu nahasiak zer ziren asmatzen. Disimuluaren eskolan doktoratu gara; haren trikimailu, imintzio, sorginkeria guztiak ezagutzen ditugu.

Marka bat daramagu kopetan, estigma bat, goazen lekura goazela ezagun egiten gaituena.

Hala ere, pozik egoteko eguna da. Aurrera jarraitzen dugu, eta, batez ere, aukera bat eman diogu denok geure buruari. Begiek itzal aldea abandonatu dute, beldurraren besarkada estutik libratu dira, dantza egiten dute, salto egiten dute eta hurbileko zeruertzaren bila abiatu dira. Ezpainek ez dute isilunerik jasotzen, eta pozezko eta itxaropenezko hitzak eramaten dituzte irabazian. Eskuek beste esku batzuk biltzen dituzte eta giza berotasun zintzoa sentitzen dute berriro. Bizitzak zauriak gainditzen ditu.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo ETAren amaieraren urteurrena

ETAren amaieraren urteurrena