UNICEFek begi onez ikusten du indarkeriaren aurrean haurrak babesten dituen legearen onarpena
Arauaren behin behineko onarpenarekin, adingabeei egindako sexu abusuaren delituaren preskripzio-epea handitu egingo du, eta biktimak 30 urte betetzen dituen unetik aurrera hasiko da zenbatzen
NAHIKARI CAYADO
Osteguna, 11 ekaina 2020, 20:57
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organikoaren proiektua onartu zuen pasa den asteartean. Parlamentuan behin behineko onarpenaren zain, UNICEFek ezagutzera eman du lege horrekiko duen iritzia. Erakundetik begi onez ikusten dute aurrerapausu hori, momentuan mota horretako salaketak goranzko joeran daudela adierazi baitute. Legea «beharrezkoa» ikusten dutenez, «ahal bezain laster» aprobatzea espero dute.
Arauaren behin behineko onarpenarekin, adingabeei egindako sexu abusuaren delituaren preskripzio-epea handitu egingo du. Horrela, beraz, duela egun batzuk egunkarian kontatu genuenez, biktimak 30 urte betetzen dituen unetik aurrera hasiko da zenbatzen, eta ez 18 urtetik aurrera, orain arte indarrean zegoen moduan. Delituak, aldiz, 5 eta 15 urte bitartean preskribatuko dira, haien larritasunaren arabera.
Beste alde batetik, ikastetxe guztietan figura berri bat sortzea proposatzen du legeak ere, 'Ongizate eta babes koordinatzailearena' hain zuzen.
Aldi berean, legeak adierazten duenez, ikastetxeetan jarduera-protokoloak ezarri beharko dira eskola-jazarpenaren, ziber-jazarpenaren, sexu-jazarpenaren, genero-indarkeriaren, suizidioaren, autolesioaren eta beste edozein indarkeria-motaren zantzuei aurre egiteko, besteak beste.
Neurri guzti horiek begi onez ikusten ditu UNICEFek, izan ere, gaur egunean «inoiz baino garrantzitsuagoa da lege hau. Kontuan izan behar da gero eta gehiago direla haurtzaroan indarkeria jaso izan dutenen salaketak», adierazi dute. Hala eta guztiz ere, Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) horrek gogora ekarri ditu haur migratzaileak, lege horretarik kanpo geratu direnak. Zentzu horretan, arau berriak «inor kanpoan utzi ez dezala», eskatzen dute. Aldi berean esan dutenez, neurri horrekin «Espainian biktimak izandakoekiko dagoen zorretako bat kitatuko da».
Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean erabat babesteko Lege Organiko hori Haurren Eskubideen Batzordeak gomendatu eta hamar urtetara onartu da. Garai hartan eskatu zioten Espainiari indarkeria mota hori errotik kentzeko arau bat ezartzea. Mezu horrek indar gehiago jaso zuen 2018an, Marta Santos Paisek, garaiko Nazio Batuen haurren indarkeriako ordezkari berezia zenak, Estatua bisitatu zuenean. Orain, errealitate bilakatzeko atarian dago jada.