https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udarako irakurketen proposamena (II)

Udarako irakurketen proposamena (II)

Hondartzan, mendian edota parkean... urte-sasoi honetan primeran pasa ezazu nobela baten aurrean

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Aurreko igandean udan irakurtzeko gure lehenengo proposamena egin genuen. Horretan, Aingeru Epaltzaren 'Mendi-Jokoak', Juan Luis Zabalaren 'Ospa', Uxue Alberdiren 'JenisJoplin', eta Luis Garderen 'Barbaroak baratzean' eleberriei buruz hitz egin genuen. Oraingoan, berriz, hauek dira gure gomendapenak:

Mina edo libertatea Borrokalari erromantikoa

Bi saiakera ere aipatuko dira hemen. Lehenengoa Kepa Larrearen eskutik heldu da eta 'Mina edo libertatea!' du izenburu, Xabier Minaren figura aldarrikatzeko idatzitakoa. Idazlan honetan, Xabier Mina nafarraren irudia eraikitzen saiatzen da, historian izan duen partean oinarrituta. Mina 1789an jaio zen, Otaon. Eta hil, 1817an hil zuten, Mexikon. Bizitza laburra, ikus daitekeenez, baina bere laburrean bi gertakari historikoren erdigunean agertzen zaigu. Ospea lortu zuen frantsestean, Nafarroako gerrillarien buruzagietako bat izan baitzen. Historiaren bidezidorrak bitxi xamarrak dira, eta, gerra amaitu ondoren, bertan heroi izandako asko traidoretzat hartuak izan ziren absolutistek boterea berreskuratutakoan. Erbestean eta espetxean egon eta gero, Mexikoren independentziaren alde borrokatzen hil zuten. Fikziozko pertsonaiaren mugan, abenturero erromantiko moduan agertzen zaigu Mina, edonon tiraniaren aurka borrokatzeko prest.

Saiakera

Egilea:
Kepa Larrea
Argitaletxea:
Pamiela Iruñea, 2017. 224 orr. 18,50 euro

Bidean ikasia Eskubide berdintasunaz

Bigarren saiakera, Arantxa Urretabizkaiak idatzitako idazlan hauxe da, non kronika eta memoria uztartzen diren: 'Bidean ikasia'. Liburu honetan Hondarribiko alardearen auzian emakumeen partehartzea dela-eta sortutako istiluak azaltzen dira. Alardearen jatorria argitzeko historia gogoratu ondoren, 90eko hamarkadaren hasieratik planteatu diren aldaketen kontaerari ekin dio idazleak, emakumeen presentziagatik sortu ziren arazoak erdigunean jarrita. Urretabizkaiaren kontaeran ikuspuntu pertsonala nabarmentzen da, berak lehen pertsonan bizi izandakoa adierazten baita. Baina subjektuaren inpresio horiek azaltzerakoan, bidelagun izan dituen hainbat pertsonak jasandakoa ere biltzen da kontaeran, bizipen horiek kolektibo batek ere partekatzen baititu. Kontaera osoan emakumeen partehartzea generoen arteko eskubide berdintasunetik azalduta agertzen da. Derrigorrezko liburua iruditzen zait, berdintasuna lege-kontua baino gehiago dela erakusten duena.

Saiakera

Egilea:
Arantxa Urretabizkaia
Argitaletxea:
Pamiela. Iruñea, 2016. 144 orr. 12 euro

Ordaina Errealitatearen izaera

Bi itzulpen komentatuko dira hemen. Lehenengoa, orain dela hiru urte agertutako liburua, zientzia fikziozko narrazioak biltzen dituen idazlana: Philip K. Dick-en 'Ordaina'. Bilduma honen izenburua bertan agertzen den lehenengo narraziotik hartuta dago, 'Paycheck' jatorrizkoan, film bertsioan oso ezaguna. Eta zineari buruzko aipamenak bidea ematen du idazle honen ezaugarri bat gogorarazteko. Izan ere, Philip K. Dick-en garrantziak bere literaturaren mugak gainditzen ditu, bere eragina batzuetan bere literatura baino handiagoa baita. Eta honen kausa zineman aurkitu behar da. Izan ere, bere idazlan askok film bihurtuta lortu dute ospea, filmean kontatzen dena eta jatorrizko bertsioan plazaratutakoa askotan guztiz bat ez badatoz ere. Kezka nagusi bat aurkezten dute istorio gehienek, eta kezka horrek errealitatearen izaeraz du zerikusia. Liburu interesgarria, ia-ia klasikoa, idazleak noizean behin koherentziaren esanahia ahaztu arren.

Zientzia-fikzioa

Egilea:
Philip K. Dick
Argitaletxea:
Meettok Donostia, 2015. 392 orr. 20 euro

Isil-mandataria Militar aspertuak

Jeneral bat erdi baztertuta dago eta, antza denez, ez dauka zeregin handirik destinatuta dagoen lekuan. Hala ere, ekintza sekretu bat antolatzea bururatu zaio eta horretarako emakume bat behar du, zerbitzu sekretuekin batere zerikusirik ez duen emakume bat. Eta Constance izeneko emakumea bahitzen dute. Abiapuntu hau du hemen agertzeko hautatu den bigarren itzulpenak, Jean Echenozen 'Isil-mandataria' izenburukoak. Argumentuan pertsonaien artean eraikitzen diren harremanen sarea gero eta nahasiagoa da, eta istorioak sinestezina dirudi, absurdoa askotan, Ipar Koreara egiten den bidaia haluzinagarrian ikus daitekeenez. Edonola ere, emaitza, nobela dibertigarria da, narratzailearen komentario sarkastikoz beterik dagoena, umoretsua, nahiz eta umore honek pixka bat krudela izateko joera duen askotan. Batzuetan esan izan da inteligentzia militarra 'contradictio in terminis' bat dela. Idazlan honetan kontatzen dena horren froga izango litzateke.

Eleberria

Egilea:
Jean Echenoz
Argitaletxea:
Meettok. Donostia, 2016. 248 orr. 19 euro

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos