https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Udarako irakurketen proposamena (I)

Udarako irakurketen proposamena (I)

Hondartzan, mendian edota parkean... urte-sasoi honetan primeran pasa ezazu nobela baten aurrean

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Uda heldu da eta berarekin lasai eta eroso irakurtzeko momentua ere. Gauzak horrela, irakurketen proposamen bat egiten dizugu, hondartzan, mendian edota parkean primeran pasa dezazun nobela baten aurrean. Hauek dira aste honetako gure gomendapenak:

Mendi-jokoak Mendiak irakatsia

Udarako irakurketen proposamen honetan aipatzen den lehenengo liburua mendiari lotuta dago. 'Mendi-joak' du izenburua eta Aingeru Epaltzaren eskutik datorkigu. Idazlan honetan hamar istorio jasotzen dira, eta aipatutako osagai komun horrek lotzen ditu hamar kontakizunak: mendiak. Istorio hauen aurrean irakurlearen arreta erakartzen duen lehenengo osagaia idazkera bera da. Aingeru Epaltzaren eskuetan, balio berezi batez hornitua agertzen zaigu hizkuntza, momentu bakoitzean behar den erregistroa erabiltzen baitaki. Edukiari erreparatzen badiogu, ipuin guztietan kontatzen diren istorioetan mendia agertzen zaigu osagai bateratzaile moduan. Baina mendiak gertakarien kokagunea hutsa izatea transzenditzen du, espazio sinbolikoa baita, pertsonaien desioen helburutzat aurkezten dena. Askatasuna adieraz dezakeen neurri berberean presentzia itogarri eta zapaltzailea izan daiteke, edo arrago bat, non gizakiaren benetako izaera azaltzen den.

Ospa Ihesaldiaren simulakroa

Bigarren proposamen hau ere narrazio liburua da, 'Ospa', Juan Luis Zabalarena. Liburu honetan hogeita hiru kontakizun biltzen dira, hogeita hiru kontakizun, denborak aurrera jotzean sortzen den desengainua azaltzeko. Narrazio hauetan agertzen diren pertsonaia nagusiek askotan ikusten dute nola bizitza beren inguruan gertatzen ari den. Besteek bizi izandakoaren lekuko dira pertsonaia horiek, bizitza beraiei ez baizik-eta besteei gertatuko balitzaie bezala. Askotan kazetariak edota idazleak dira, eta beraien bizitzeko moduak besteek egindakoa kontatzera mugatuta dagoela dirudi. Orainaldi etsigarrian, pertsonaiak aspaldiko oroitzapenekin konformatu behar dute eta hauek aurkezten direnean ez dirudite oso zirraragarri. Izan ere, bizitza haurtzaroan hasten den amildegiratze moduko bat da, non askotan bakardadea den lagunik leialena. Eta amildegiratze horretan ihesaldien simulakroekin konformatu beste irtenbiderik ez dute pertsonaiek.

Jenis Joplin 80ko hamarkadaz geroztik

Uxue Alberdik argitara eman duen 'Jenisjoplin' izenburuko eleberria irakurketa interesgarria da, besteak beste, azken bolada honetan modan jartzen ari zaigun joeraren ordezkaria den aldetik: 80ko hamarkadatik hona gertatutakoa hizpidera ekartzen duten liburuen adibidea. Nobela honetan, ardatza, protagonistarena egiten duen pertsonaiaren ibilbidea da. Nagore Vargas ('Jenisjoplin', aitak deitzen dion bezala) izeneko pertsonaiaren inguruan antolatuta dago argumentua. Emakume hau 80ko hamarkadaren lehenengo urteetan jaioa da eta oso gaztedanik, nerabea denetik, bere bizitzaren lema eskuetan eduki nahi izan du. Nobelan azaltzen denez, hiru zutaberen gainean eraikitzen du bizitza: militantzia, sexua eta disidentzia. Euskal Herriko eskualde marjinatuan hazita, klase kontzientzia argia du lehenengo momentutik. Eta berak, baztertuen alderdian dagoelarik, mundua marjinalitate horretatik ikusten du, horretarako taberna espazio pribilejiatua delarik.

Barbaroak baratzean Paradisutik egotziak

Udan denbora-pasa moduko irakurketak hobesten diren arren, poesia irakurtzeko garaia ere izan daiteke. Azken urte hauetan agertutako poema liburu interesgarrienetako bat proposatzen da hemen: Luis Garderen 'Barbaroak baratzean'. Irudi batzuek zeharkatzen dute liburu hau alderik alde, poema hauei batasun tematikoa eskainiz. Irudi horiek (harresia edota itsasoa, adibidez) aldez edo moldez mugarekin erlazionatuta daude. Erreferentzia zehatza du muga horrek (mendebaldearen inguruan eraikitzen den harresi modukoa, itxurazko paradisu honetatik kanpo daudenek bertaratzerik izan ez dezaten). Baina egoera zehatza transzenditzen da poema hauetan eta maskarak kenduta gizakiaren benetako izaera nabarmentzen zaigu. Izan ere, gizaki guztiak momenturen batean baratzetik kanpo egon diren barbaroak izan dira, paradisu batetik egotzita eta paradisu baten esperoan. Existentzialismo humanistaren adibide bikaina eskaintzen du Garderen poema liburu honek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos