Ongi etorri, misterioaren lagunak. Argi dago hau 'Cuarto milenio' ez dela, baina, zer demontre. Kasualitatea guztiz harrapatu gaitu beste behin ere, eta, gertaera larriez aparte, kirolaren historian eman daitekeen egoera bitxia kontatzeko aprobetxatuko dugu oraingoan.
1918. urtean Torontoko hockey taldeak, istorioan lehenengo aldiz irabazi zuen Stanley Cup ospetsua. Toronto Arena zuen izena gaur Maple Leafs bezala ezagutzen dugun frankizia. Hurrengo urtean, 1919an alegia, ezin izan zen denboraldia bukatu 'Gripe espainola' deitutako epidemiaren erruz. Ez zen txapeldunik izan denboraldi horretan.
Hirurogeita hamahiru urte beranduago, 1992an, Toronto Blue Jays, istorioan lehenengo aldiz heldu zen beisballeko Munduko Serieetara. Bai eta irabazi ere. Huerrengo urtean... Geldi, Fitipaldi. Hurrengo urtean denboraldia bukatu zen, lege osoz, eta Torontoko Blue Jaysak irabazi zuten berriz ere. Dardara, 1994an ailegatuko zen. Grebara jo zuten jokalariek eta denboraldia amaierarik gabe geratu zen. Berriro ere ez zen txapeldunik izan.
Badakizu nondik doan hau, ezta? Aurten Covid-19 dela medio eta lur guztiko estatuek alrman daudela, ez dago kirola egiterik. Ezta txapelketarik ospatzerik ere. Dena eten egin behar izan da gure bizitzak, eta, are gehiago, gure nagusienak babesteko. Eta Estatu Batuetako saskibaloi ligak, NBAk, birus madarikatu horren ondorioak pairatu ditu ere bai. Hilabete bat darama partidarik gabe eta hainbatek eskatu egin dute jada denboraldia bertan behera uztea.
Beste aukera batzuk ere badira. Itxarotea. Lehiaketa modelo berria asmatzea, harmailetan jenderik gabe, noski. Edota tenisean egindakoa adibide bezala hartu, eta talde guztiak hiri bakar batean batu play off moduko bat egiteko. Partida bakarrera. Irabazleak aurrera, galtzaileak konfinamenduarekin jarraitzera. Wimbledon modura. Aste pare bat eta listo. Las Vegas, 'of course', eta Hawaii aurkeztu dira dagoeneko txapelketa amaiera hori egiteko.
Zer gertatuko den, ez dakigu, baina indar magikorik unibertsoan baldin bada, historiak erantzuna birritan eman digu. Zein taldek irabazi zuen iaz NBAko eraztuna? Bai, lehenengo aldiz egin zuen: Toronto!!!!!