Taldeen garrantzia
Bai horixe ·
Taldea bera osagaitzat dituen partaideen batura baino gehiago daModu askotan adieraz daiteke zientziak aspalditik dakiena: multzo bat osagaien batura baino gehiago da; zu eta ni, elkarrekin, bi baino gehiago gara; osatzen duten kideen batura baino gehiago da taldea, beste zerbait azaleratzen da kideen batura horretatik, berria den zerbait.
Taldeari erreparatu nahi diot gaur, inguratzen gaituen indibidualismo amorratuari aurre egiteko tresna eraginkorra delako. Jabetu gabe ere, gutako gehienok osatzen dugu talde bat baino gehiago, eskolan, bizitza profesionalean, gizarte ekintzen esparruan, zaletasunenean, familian, herrigintzan. Baina begi bistakoa da gizarte honetan nagusi den joera: gora ni, hor konpon gainerakoak.
Oraindik guztiz menperatu ez dugun pandemiak ere erakutsi digu joera hori. Pentsa zitekeen mundu bazter zehatz honetan inguruko hainbat lekutan baino komunitate sentikizun sendoago genuela, baina ez da horrela izan. Gure gizarteak frogatu du inguruko gizarteak bezain indibidualista dela, nekez onar-tzen dugula taldea banakoaren aurretik jarri behar denik norbanakoaren interesak direla nagusi.
Jakin badakigu talde antolatuek gorpuzten dutela gizartea, zenbat eta talde gehiago orduan eta sendoagoa dela jendartea, hain zuzen, taldea bera osagaitzat dituen partaideen batura baino gehiago delako, nork bere ekarpenak eginez aberasten delako taldea, hor azaleratzen direlako ondorio berriak. Eta hori horrela dela aitortzeko ez dugu, soilik, apaltasunera jo behar, aski da errealismo pitin batekin.
Talde horien barruan sar daitezke alderdi edo erakunde politikoak, baina baita beste asko ere. Etenik gabe sortzen dira gurean talde berriak, baita desagertu ere. Zergatik desagertzen dira taldeak, zergatik zatikatzen dira hamaika taldetxotan, gurean joera hori muturreraino eramanez? Zergatik jotzen dugu zatiketetara, lege biologikoa balitz bezala?
Bada, batzuetan, pertsona batek edo pertsona batzuek uste dutelako taldea zama zaiela, hainbat kideren konpromiso faltak taldea indargabetzen duela pentsatzen duelako. Sortu dezagun azpitalde bat, zama hori izango ez duena, hegaldia galarazten duen pisu hila burutik kenduz. Gero, ikusten dugu zatiketak indarrak eta eraginak ahultzen dituela, batzuk etxe zulora joatea erabakitzen dutelako eta sortutako taldeen artean etsaigoa sustatzen delako.
Ze zaila den indibidualismoaren aurka jardutea, zeinen boteretsua den horretara bultzatzen gaituen indarra.