Sortzaileek egitaraua osatzeko proposamenak aurkez ditzakete
Urriaren 6ra bitartean erregistratu ahalko dituzte proposamen horiek durangokoazoka.eus webgunean
Euskal kulturarekin inplikatuta bazaude eta Durangoko Azokaren hirurogeigarren edizioan parte hartu nahi baduzu, jakin ezazu zabalik dagoela sortzaileek proposamenak bidaltzeko epea. Aurtengo edizioan ere «ekitaldi sorta aberatsa eskaintzeko asmoa» du antolakuntzak, eta, gunez gune, diziplina anitzetako artistek aurtengo nobedadeen berri emateko aukera izango dute. Urriaren 6ra bitartean erregistratu ahalko dituzte proposamen horiek durangokoazoka.eus webgunean, izen-emateei dagokien atalean, antolakuntzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Publicidad
Baina zer proposamen mota? Ba gunearen arabera. Ahotsenean liburu eta diskoak aurkeztu ahal izango dira; Irudienean, ikus-entzunezkoak (film laburrak, dokumentalak, fikzioak, egitasmoen aurkezpenak); Kabian, teknologia berriekin lotutako hitzaldiak, jokoak edo tailerrak; Saguganbaran, haurrei zuzendutako literatura eta musika; Szenatokian, dantza, antzerki eta bakarrizketak, pieza laburretan, eta Talaian, literaturaz aparteko lanak, euskara hutsezkoak zein Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak.
Horrez gain, antolatzaileek nabarmendu dute 2025eko edizioan ilustrazioen erakusketa bat ere antolatuko dela, azokako urteko nobedadeetan argitaraturiko irudiak ikusgai jartzeko (liburuetan, aldizkarietan, disko azaletan, ikus-entzunezkoen karteletan eta abar). Horretan parte hartzeko interesa duten sortzaileek ere proposamena bidali ahalko dute izen-emateen ataletik.
Bestalde, 60. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra egingo da, eta lehen egunean Ikasle Goiza izango da. Bada, bertaratu nahi duten ikastetxeek ere webgunean izena emateko aukera dute urriaren 6ra arte. Azoka bisitatzeaz aparte, tailerretan parte hartu ahal izango dute ikasleek zein irakasleek.
Beste ekimen batzuk
Hori nahikoa ez balitz, Azoka abenduaren 5ean hasi aurretik, sortzaileentzako beste plaza batzuk ere eskainiko dira, eta kasu hauetan ere izen-ematea zabalik dago. Alde batetik, DA! PRO topaketan parte hartu ahalko dute musikariek eta familia ikuskizunak taularatzen dituztenek, programatzaileen aurrean euren lanak aurkeztuz. Momentuz, sortzaileek eman dezakete izena, eta programatzaileentzat aurrerago egongo da aukera.
Publicidad
Beste alde batetik, 'Zu Non, Han DA!' egitasmoa azokaren aurretik abiatuko da aurten Euskal Herriko liburu dendetan, eta liburu aurkezpenak ere aurreko bi asteetan egingo dira. Orain arte, azoka amaitu ostean antolatu izan da ekimen hori. Bada, dagoeneko parte hartzeko inskripzioa egin dezakete dendariek zein sortzaileek.
Azkenik, antolakuntzak gogorarazi du erakusmahaiak eskatzeko aldia ere hasita dagoela irailaren 1etik, eta, kasu honetan, irailaren 30era arte egin ahalko direla eskariak.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión