https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Shakespeare

William Shakespearen irudia erakusten digun marrazkia./AP
William Shakespearen irudia erakusten digun marrazkia. / AP
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Eichmann ez zen Yago bat, ezta Macbeth bat ere. Eta ez zuen batere asmorik gaizkilea izateko, Errege Rikardo III. aren antzera». Hannah Arendtek idatzi zuen testua hau, gaitzari buruzko teoria zabaltzen eta loratzen duen liburuan. 'Eichmann Jerusalemen', jakina. Arendtek esan nahi du Eichmannek ez zuela motibo berezirik gaizkile izateko. Yago, bekaizkeriak jotako gizona da, Oteloren mirabe eta zerbitzaria. Ez du bakerik izango Oteloren suntsipena, herioren esku beltzaren bidez, lortu arte. Otelo zelogina den bezala, Yago da gaizkilea. Psikiatriaren arloan bada «Oteloren gaitza» deitzen dena. Fikziozko pertsonaia batek izena eman dio fikziozkoa ez den gaitz bati. Shakespeare horretan maisua zen, Freud eta psikoanalisia baino lehenago ikusi zuen gizatasunak zer ezkutatzen zuen bere baitan. Baina psikiatriaren kontuetan ezer ez da dirudiena, fikzioak errealitatean ditu sustraiak, eta errealitatea bizi daiteke fikzioa bizi den bezala. Otelok gezur bat sinesten du, eta egia balitz bezala jokatzen ikusiko dugu. Jeloskeria, izan ere, irudimenaren jokoa da, non egiaren antza duen gezurra sinesten den eta horren arabera epaitzen eta, askotan, zigortzen. Errealitatea guztiz da tronpagarria, fikzioa bezainbeste. Macbethek erregea hiltzen du, anbizioak jota, eta horrek bere suntsipena ekarriko dio, mendeku-katea bati hasiera emanez. Mendekua ezinak bultzatutako nahia da.

Literatura gizarte barruko pentsamenduaren isla zehatza da. Lagun batek esan dit, bera epaimahaikide izanik, literatura-lehiaketa batean irakurri zutela mendeku bati buruzko ipuina. Pertsonaiaren senarra ETAk bahitzen du eta baldintza gogorrak jartzen ditu bera askatzeko. Baldintzak hogeita lau orduan ez betez gero, hil egingo dute bahitua. Bete ezinak ziren, beraz. Emazteak, berriz, minaren minez, etsipenez beterik, politiko abertzale ezagun baten alaba bahitzen du. Igaro dira hogeita lau orduak, eta bahitzaileen baldintzak bete ez direnez, hil egiten dute bahitua. Lagunak esan zidan ipuinaren azken orriak izugarriak bezain hunkigarriak zirela. Emakumea, hil dutenaren emaztea, erdibitu egiten da, mendeku nahiaren eta erruki sentimenduaren artean. Tragediaren bi hari, bakoitza indar batek eutsia. Mendekuak minari amaiera jarriko lioke, seguru asko beste klaseko min bat sortuz. Enpatiak senarrak bizi izandako egoera ekarriko lioke, ez sosegurik ordea. Ipuinean emazteak politikoaren alaba hiltzen du. Lagunak ez zuen ipuina saritu. Ez dakit neuk ere, haren lekuan, sarituko ote nukeen. Ez zait bukaera txukuna iruditzen; mendeku nahiaren eta erruki sentimenduaren artean ez dago irtenbiderik, errukia ez bada.

Esaldi hau Spinozak idatzi zuen: «poztu egingo da gorrotagarri zaiona desegiten dela irudikatzen duena». Spinozari diodan maitasuna gorabehera, ez nago oso seguru bizitzan, nik ezagutzen dudan bizitzan, hala ote den. Gorrotoak ezezagutza dakar berarekin, pasio triste hori eskaintzen diogunaren ezezagutza hain zuzen, tristea baita gorrotoa eta tristeak izan ohi dira gorrotatzaileak.

Hannah Arendtek 'Eichmann Jerusalemen' liburuan idazten du, nazia (alegia Eichmann) bere akusatu aulkian eserita dagoelarik, gizaki gisa ezdeus eta erabat arrunta zela, bere baitan gorrotorik gordetzeko ere ezgauza. George Orwellek kontatzen du preso alemaniar batzuekin hizketan aritu zela, gerra-krimenak egiteagatik zeudela preso. Berak uste izan zuen kriminal odol-gose eta gotorrak zirela, baina berehala ohartu zen jende gaiztoa zela, baina beren gaiztotasunean erabat arruntak.

Ulertzen den pasioa ez da pasio. Beste zerbait da. Pasioa neurri handian irudimenaren eragina da. Maite duguna maite dugu, ez erreala delako, errealitatearen jantzia duen irudia delako baizik. Maite ez denak, eta Shakespeareren pertsonaiengana itzuliz, ez du kontraesanik sortzen, ezta lehiarik ere. Ez du penarik ekarriko, galduz gero. Ez du bekaizkeriak eragingo, besteren bat haren jabe egindakoan. Ez izurik ez gorrotorik, labur esateko. Hilkorrak diren gauzak (gizon-emakumeak barne) maite ditugunean, ez da halakorik sortzen.

Baina nor bizi daiteke inor maitatu gabe.

Temas

Euskera