Seaskak giza katea gauzatu du Bordelen, Brebeta eta Baxoa frogak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz
Astelehen honetako eguerdiko 12.00etatik 13.00etara burutu zuen giza katea euskalgintzak, ikasle, irakasle, guraso eta Seaskako ordezkariak, tarteko
UNAI SARRIUGARTE
Asteartea, 15 azaroa 2022, 10:56
Seaskak giza katea gauzatu zuen astelehen honetan, azaroak 14, Bordelen, Brebeta eta Baxoa frogak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko asmoz. Eguerdiko 12.00etatik 13.00etara burutu zuen giza katea euskalgintzak, ikasle, irakasle, guraso eta Seaskako ordezkariak, tarteko. Giza kate honek Akitania Berriko hiri honetako Hezkuntza Errektoretza eta Giza Eskubideen Plaza lotu zituen.
Izan ere, duela 60 egun hitzartu ziren Euskararen Erakunde Publikoa buru zuen delegazioa eta Frantziako Hezkuntza Ministerioa azterketak euskaraz egiteko eskubidearen inguruan eztabaidaitzako helburuarekin. Hortaz, Parisek hitz eman zuen Brebetarekin zerikusia zuen erabakia berehalakoa izango zela, baita Baxoaren inguruko aukeren inguruan aritzeko beste batzar baterako data zehaztuko zutela ere. Baina, Euskararen Erakunde Publikoak bi hilabete jada igarota ez du Frantziako Gobernuaren edonolako berririk izan.
Azaroaren 14a da ikasleek Baxoan izena emateko duten azken eguna, eta egun seinalatu hauxe baliatu nahi izan dute Seaskako ordezkariek giza kate hau gauzatzeko. Baxoa goi mailako ikasketak egiteko Ipar Euskal Herriko ikasleek ezinbestean eskuratu behar duten titulua da. Brebeta, aldiz, kolegioa amaitu ondoren, lizeora igarotzeko derrigorrean egin beharreko froga da.
Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, hau da, Seaskak guztira 38 ikastetxe ditu Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean sakabanatuta, hala nola, lau kolegio, lizeo bat eta 33 lehen mailako ikastola. Guztira 4.200 ikaslek ikasten dute euskaraz Iparraldean, Seaska murgiltze eredua osoki eskaintzen duen sare bakarra delarik.