https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Sarajevon Izet Sarajliç

Izet Sarajliç./
Izet Sarajliç.
Jon Kortazar
JON KORTAZAR

Poetaren hitzak hiriaren irudia sortzen duela maiz ikusten da, gure Arestirekin eta Bilboko kartografiarekin gertatzen den bezala. Horrelakoxea da Sarajevo hiriarekin eta Izet Sarajliç poeta bosniarrarekin (Doboj, 1930-Sarajevo, 2002) gertatzen dena. Ezin da bere poesia irudikatu hiriaren izana kontuan hartu gabe. Hiri poesia da berea, hiriaren hitz bizia, haren geografia.

Gainera, Sarajliç abizenak sarajevoarra esan nahi du, beraz, guztiz erabateko da poetaren eta hiriaren arteko identifikazioa. Gabriel Arestik bezala, berak ere poesia soziala egin zuen, Nazim Himket poeta komunista maitatu eta bere aurretik egiten zuten poesiaren harrabotsa ukatu. Hizkera sinple eta zuzena erabiliz, hitz poetikoaren alde jarri zuen bere luma.

Gaztelaniaz poema bilduma bi aurkitu ditzakegu liburu dendatan, edo eskatu ditzakegu hobe esateko, zeren liburu dendetara behar dena eskatzera joan ohi da, berri-berria ez bada erosi nahi, behintzat. 2013an Valparaísok, Granadako poesia argitaletxeak Fernando Valverderen eskutik 'Sarajevo' izenburuko liburua eman zuen ezagutzera, poetaren azken urteetako lanaren antologia zaindua. 2017an, Seix Barral argitaletxe ezagunak plazaratu du 'Después de mil balas' liburua, Erri de Luca poeta italiarraren hitzaurrearekin.

Besotik elkarri adorea emanez doazen adiskideen antzera, liburu batek bestea aberastu du eta bigarrenak lehena osatu. Bosniako gerratea piztu zenean, Izet Sarajliçek aukera izan zuen Sarajevo utzi eta handik irteteko. Bertan geratu zen, ordea, eta beraz, bere izena ez zen soilik hiriaren geografiari lotu, hiriaren tragediara josi zen betiko. Gerratearen minari eman zion ahotsa poetak. Eta minaren sen gogorra ageri du 'Sarajevo' liburuan, hiriaren setioari hitza eman baitzion Sarajliçek. Kontatu da Karadzic bere ikaslea izan zela, eta poeta izan nahi zuen Serbiako errepublikaren agintariak eta setioaren koordinatzaileak poesia errezitatuz janzten zuela triskantza.

1992tik 1996ra bitartean eta setioak iraun zuen 1336 egunetan Izet Sarajliçek xamurtasunaz eta maitasunaz galdetzen zion bere buruari ea inguruan zuen heriotza, gerra, triskantza, samin eta desolazioaren aurrean gizatasunari esperantza txiki bat emateko gai ote zen bere hitza. Eta 'Sarajevo' liburuak ederki erakutsi du idazlearen alde konprometitu hori. 'Después de mil balas', ordea, hautapena historikoa da, eta bere lehen poemak eta setioaren ondorengoak ere hartzen ditu kontuan.

Fernando Valverderen hitzaurrea historikoa da eta oso ongi aurkeztu digu poetaren historia. Gerrate bi bizi izan zituen. Bigarren Mundu Gerratean anaia galdu zuen, faxista italiarrek fusilaturik. Bosniako gerran arrebak galdu zituen bere begien aurrean. Baina horregatik ez zuen Italia gorroto. Izet Sarajliçek bazekin banatzen italiarrak eta 'alkandora beltzak'. Italiarrak maite zituen, beste horiek ez. De Lucak, berriz, hitzaurre poetikoagoa, literarioa idatzi du eta poetaren erretratu zuzena eman du.

Idealistatzat edo, behintzat, humanistatzat erakusten du poeta: «Nork betetzen du gaueko txanda munduaren bihotza bahitu ez dezaten? Geuk, poetok». Leialtasun zibilaren izenean geratu zen Izet Sarajliç Sarajevon, bere hitzetan galdu zen mundu bat gordez, izena zuena aipatuz, bere poesian hil egingo zituzten pertsonei hitza eta izaera emanez. Argia piztuz, infernuaren erdian… Kontsolamendurik ez dagoen tokian giza izaeraren oroimena gordez, beti ere gerra ostean izango zen bidea agertuz.

Gerra ostean, baina, emaztea hil zitzaion poetari eta berriro minak joko du zuzen bere poesian, min intimoak oraingoan, baina ez horregatik leunagoak. Berriro zuzena da poeta, eta 'maitatu' aditzaren gaurkotasuna aldarrikatu zuen poesian, maitatu aditzaren modu guztiak agerian utziz.

Ezinbestean irakurri beharreko poeta: Izet Sarajliç, Sarajevoko idazlea, Sarajevo hiriaren aurpegi edertua.