https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Raquel Asensi eta Jon Gorospe artista euskaldunek hilabeteko egonaldia egingo dute New Yorkeko Guggenheimen

New Yorkeko Guggenheim museoa./
New Yorkeko Guggenheim museoa.

Aurtengoa egonaldi programaren bosgarren edizioa izango da

UNAI SARRIUGARTE

Raquel Asensi eta Jon Gorospe artista euskaldunek hilabeteko egonaldia egingo dute New Yorkeko Salomon R. Guggenheim museoan. Izan ere, eurek izan dira hautatuak museoak artista gazteentzat bideratzen duen egonaldi programaren bosgarren edizioan. Egonaldia urrian izango da, eta bi artistek hiri estatubatuarreko arte giroa ezagutzeko parada izango dute.

Egonaldi programa hau 2014. urtean jarri zuen abian museoak. Harrezkero arrakasta itzela izan du eta hainbat gaztek parte-hartu dute bertan. Carla Tobar eta Alain Urrutia 2015ean, Diego Vivanco eta Cristian Villavicencio 2016an, Gala Knörr eta Maite Pinto 2017an, eta Nora Aurrekoetxea eta Helena Goñi 2018an besteak beste.

Programa hau 2014ko abenduan museo bilbotarrak Solomon R. Guggenheim Foundation erakundearekin sinatutako kudeaketa akordioaren berritzearen barnean sartzen da.

Egonaldi honen bitartez gazteak New Yorkeko panorama artistikoan murgilduko dira. Salomon R. Guggenheim museoko profesionalek hiriko artista, komisario eta arte erakundeak ezagutzeko aukera ahalbidetuko diete bi artista euskaldunei.

Raquel Asensi barakaldarra Arte Ederretan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Egun EHUko Ikerketa Arte Garaikidean doktorego programan dihardu lanean. Azken urteotan zenbait lan artistiko burutu izan ditu eta zenbait beka irabazi: Bizkaiko Aldundiko Ikus Arteen Beka eta BilbaoArteren Egoitza Beka esaterako. Gainera, 2018an Ertibil Sarirako hautagai izan zen.

Jon Gorospe artista gasteiztarra, berriz, Arte Ikasketetan graduatua da Gasteizko ADGEn. Egun Oslo eta Gasteiz artean bizi eta lan egiten du. Bere ibilbide artistikoan hainbat beka eta garaikur jaso izan ditu: argazkilari gazteentzako Tetrapack saria (2011-2012), Argazkilaritza Garaikidearen Galizia saria, Montehermoso ekoizpen saria 2014an, eta Albarracingo Argazkilaritza eta Kazetaritza beka esaterako.