Posmemoria
Zergatik izan behar dute bilobek errurik gurasoek edo aitona-amonek egindako horretan?
Hirurogeita hamarreko hamarkadan kritikari batzuek leporatu zioten L. Visconti zinema-zuzendariari bere pelikulak, dekorazio aldetik, oso kargatuta ageri zirela, eta berak erantzun zuen Balzacen lanak irakurtzen hezia zela, eta irakurketa hori gabe zaila zela haren mendeko Frantzia ulertzea. Garai bakoitzak bere estiloa sortzen du. 29ko depresioak literatura genero bat ekarri zuen berarekin, alderraiena. Eleberriak, izan ere, iraganaren edo orainaren esanahiaz du ikertzen. Bigarren Mundu Gerrak, hondarrean, existentzialismoa utzi zigun.
Ikerketa iraganari begira bada, orainaren metafora bilaka daiteke, edo izan daiteke sormen lan bat erretoriko, fantastiko edo mitiko, beren muga sinbolikoez haratago joango ez dena. Azken gerra zibilari buruz idatzitako ehunka testuk duten xedea, neurri batean, kontatu ez zen historia kontatzea da. Gaur egun, nekez ulertu daiteke bestela Gerra Zibilari buruz idaztea. Isaac Rosak horregatik idatzi zuen '¡Otra maldita novela sobre la guerra civil!'.
Baina idazten denean, joera nagusia, bai hemen eta bai Espainian, triskantza horren pasarteak birsortzea da. Narratzaile-protagonista bat aukeratzen da; gurasoek eta aitona-amonak ez bezala, Gerra Zibila ez du bizi izan eta ondorioak ere nekez ikusi ditu: oraina, beraz, garbi eta aratz ageri zaio. Javier Cercas, Julio Llamazares, Dulce Chacón dira, besteak beste, posmemoriaren lurraldean bazka egin duten idazleak.
Santos Juliá historiagileak memoriari buruz eta, batez ere, bere belaunaldiari buruz ari denean, gerra, entzunez baizik bizi ez zutelako, honela dio: «Gazte haiek nahiago izan zuten oroimenaz ez fidatzea; are gehiago, nahiago izan zuten gerra ahanztera bultzatzea. Gerra ezagutza gai zen, ez oroimen gai. Haren ondorena ez zen ongi etorria».
Posmemoriaren teorikoentzat gogoratutako gertaerak garrantzi txikiagokoak dira gurasoak seme-alabekin duten lotura sinboliko eta afektiboa baino. Marianne Hirtsch da posmemoriaren teoriko nagusia. Memoria eta historiaren arteko ezberdintasuna neurri afektibo hori da. Bizi ez diren gauzak kontatzen dira, bizi izan balira bezala, bigarren eskuko testigantza erakutsiz, eta batez ere testigantza hori literatura bihurtuz. Espainiako Gerra Zibila bizi izan zutenek kontatu zuten lehenbizi. Lehen eskuko lekukotasuna erakusten zuten, gerra hura bizi, sufritu eta irentsi izan zutenek. Garaileek, noski, garaipenari eusten zioten narrazioaren bidez. Bizi izan zutenen seme-alabek ere idatzi zuten Gerra Zibilari buruz. Normalean galtzaileen ondorengoak ziren, gurasoen oroitzapenei forma ematen zieten, beren bizikizun, esperientzia eta ideologiarekin. Eta, azkenik, biloben belaunaldia etorri da, Gerra Zibilarekin harreman erabat ezberdina duena.
Belaunaldi honetan desagertu da errudun sentimendua. Zergatik izan behar dute bilobek errurik gurasoek edo aitona-amonek egindako horretan? Hortik sortu da zuzenean erantzukizun politiko edo-eta moral kolektibo bat onartzeko borondatea.
Posmemoria memoria literarioa da, gertaeren lekuko izan ez dutenean, esperientziarik ez dutenen esperientzia metatua. Gure aitona-amonek gerra zibila jasan izan bazuten, eta ondorioak sufritu eta sufriarazi, gure esperientzia gerra horri buruz fikziozkoa da, kontatzeko modukoa beraz, beste era batez jakina, ezin eta haiek bezala.