Portugesen erara
Gizon zintzoak, izan ere, nekez dira maitemintzen: pasio eta grina gaiztoek ez dituzte jotzen
Garai batean, maitasuna aldarrikatzea modan zegoenean, goi-mailako artea eta lotsarik gabe aitortzen zen sentimendua izateagatik, «maitasun portugesaz» idazten zen, hitz egiten bainoago. Sevigné andreak eman zion zentzu jasoa esaerari: «Hain gutun samurra idatzi zidan, ezen berak kitatzen baitu iraganeko zapuzkeria guztia. Bihotzez hitz egiten dit. Doinu berean erantzungo banio, gutun portugesa idatziko nuke». Maitasun portugesa, definizioz, edo maitasun bizi, kartsu, etsipenaren mugakoa ia. Sevignék, saloietako bizitza ezagutu zuen, literatura saloietarako eta, neurri batez, saloietan egiten zen garaian. Idazle batzuen adiskide eta babesle izan zen, idazketa-saioen bultzatzaile izateaz gainera. La Rochefoucauld aipa daiteke saloietako idazle gisa, baina ez zen bakarra izan, Voltaire ere zalea zen. «La Rochefoucauld jauna hil da, dakizun bezala, oso galera handia da. Badut lagunmin bat, ezin kontsola daitekeena», Sevigné andreak bere sentimenduak gutun bidez azaldu zituen. Gutuna alabari idatzia da, eta ezin kontsolatuzko emakumea, Lafayette andrea. Gutunen garaia zen, testu labur, mamitsu eta esanguratsuena izan zen bezala: esamoldeak, zuhur hitzak, adimenaren erakusleak. La Rochefoucauld jaunak zintzotasunaren alde egin zuen bere testuetan, uste baitzuen «zintzotasuna» zela gizartearen eredua, alegia aitoren semeen arau eta legea. Noèl Bouton de Chamilly, gizon zintzoa zen, konde izateaz aparte. Bere bihotz abenturazaleak Portugalera eraman zuen, Espainiaren aurkako gerran, boluntario gisa. Horraino iritsita, dena da lauso eta itzal, egiaren artetik dabilen istorioa, edo istorioen artean dabilen egia. Portugalen, Mariana Alcoforado ezagutu omen zuen, Beja herriko komentuko serora bat, etxe onekoa bera. Emakumea gizonaz maitemindu zen, elkar maitatu zuten eta frantsesak alde egindakoan, bost gutun idatzi omen zizkion emakume portugesak.
Chamilly 1668an Frantziara itzuli zen, diotenez presaka, eta 1669an Moja portuges baten maitasunezko gutunak argitaratu zituen, egilearen eta itzultzailearen izenik gabe. Saloietako giroan zabaldu zuten moja portugesak Chamillyri idatzitako gutunak zirela, gizonak emakumea abandonatu ondoren, eta Guilleragues poeta, gortesau eta plazagizonak portugesetik itzuli zituela. Ez zen edonor: Istanbulen enbaxadore amaitu zuen. Italiera menderatzen zuen, baina ez portugesa. Gizon zintzoak, izan ere, nekez dira maitemintzen: pasio eta grina gaiztoek ez dituzte jotzen, aldi batez baizik. Gauzak garbi esatera, nahiz oraindik badiren ikertzaile eta kritikoak gutunen egilea serora portugesa izan zela baieztatzen dutenak, XX. mendean, lehen aldiz argitaratu eta hirurehun urte igaro ondoren, nahiko garbi utzi zen frogaturik Guilleragues zela egilea, ez itzultzailea. Arrakasta handia izan zuen liburuak: batetik, bere burua erlijioari eskainitako serora batek gorpuzten den maitasunaz idaztea ezohikoa zelako, eta, dakigunez, egiazkoak diruditen kontuak sinesgarriagoak eta, beraz, hunkigarriagoak direlako asmatutakoak baino; bestetik, testu moduan, bihotz-altxagarriak direlako bost gutunok. Baina gure mendean badakigu irudiaren baitan egia bezain eroso bizi dela gezurra; nahiago izaten da gezur bat ondo biribildua egiarik latzena baino.
Rousseauk, irakurri ondoren, idatzi zuen ezin zitekeela emakume bat izan haien egile, ez baitute (emakumeok) halako fineziarik idaztean. Baina, hain zuzen, finezia izan da testuak emakume portugesari leporatzeko argudioetako bat. Stendhalek gutunak egiazkotzat hartu eta amodioari buruzko teoria ehun zuen: «Maitatu behar genuke serora portugesaren antzera eta haren suzko arimarekin: orbaina bizia utzi digu gure baitan». Maitatu behar genuke, fikzioan bezala. Philip Sollersek ere antzeko arrazoiak darabiltza egilea serora portugesa dela baieztatzeko: «Ez dago gizonik hain urrun irits daitekeenik halako emakume maitasun ero baten deskribapena egiterakoan». Guilleragues, ordea, gizon sentikorra zen, eta sentitu izan zituen adiskideen ahazmena eta bazterkeria. Maitasunari adiskidetasun deitzen zion; biak bat ziren haren adimenean: adiskidetasuna maite zuen.