Pirinioetako hizkuntza gutxituek lankidetza teknologikorako sarea eratu dute
Aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazioan aurrerapausoak emateko manifestu bat sinatu dute hainbat eragilek
Pello Zupiria
Astelehena, 21 ekaina 2021, 22:51
Hizkuntxa txikien erronkarik handiena da bizirautea. Ondoan dituen hizkera erraldoiek ematen dituzten pausuak eman behar dituzte ezinbestean, eta gaur egun, aurrerabide hori teknologia berriei estuki lotua dago. Eta hizkuntza gutxituak elkarren artean laguntzen badira, ba askoz hobeto. Hori jorratu dute azken egun hauetan Interreg Poctefa Linguatec Kongresuan hainbat eragilek, zeintzuk 'Adimen Artifizala Hizkuntzan Mugaz Gaindiko Bikaintasun Sarea' eratzearen alde agertu diren, tartean, Euskaltzaindia eta Elhuyar Fundazioa.
Jean-Baptiste Coyos, Euskaltzain buruordearen hitzetan, «hizkuntza baten garapena, eta beraz, hizkuntza horretatik elikatzen den kultura, erabat loturik dago hizkuntza horrek ingurune moderno eta aldakorretan, hala nola mundu digitalean funtzionatzeko duen gaitasunarekin. Hala, hizkuntza- eta kultura-aniztasuna estu lotuta dago mundu digitalean hizkuntza batek dituen gaitasun eta baliabideekin, hau da, gure kasuan, mugaz gaindiko hizkuntza-azpiegitura sortzearekin».
Hiru urteko ibilbidearen ondotik, mugaz gaindiko izaera duen kongresua antolatu du egunotan Linguatec proiektuak, UPV/EHUren Udako Ikastaroen barruan: Adimen artifiziala eta mugaz gaindiko lankidetza: azpiegitura linguistiko, adimendun eta irisgarri baten bidean. Egitasmoak aragoieraren, euskararen eta okzitanieraren digitalizazioan aurrepausuak emateko hzikuntza baliabideak bultzatzen ditu
Pausu handia izatea nahi dute manifestua Linguatecen parte hartutako ordezkari eta eragileek, mugak gainditu eta Pirinioetako hizkuntza gutxituen sarea sortzeko helburua aurrera baitoa. «Eleaniztasuna da gure lurraldeko aktiborik handienetako bat, eta erronka garrantzitsuenetako bat ere bada, kulturaren eta ekonomiaren ikuspegitik kohesionatutako lurralde bat sortzeko. Hizkuntzarekin lotutako adimen artifiziala eguneroko produktu digital askotan erabiltzen da, gehienak hizkuntzaz baliatzen baitira. Komunikazio mugikorrak, sare sozialak, laguntzaile adimendunak eta ahotsean oinarritutako interfazeak aldatzen ari dira herritarrak, enpresak eta administrazio publikoak mundu digitalean elkarreraginean aritzeko modua», adierazi dute manifestuan.