Orri-markagailuen lehiaketa martxan jarri du berriro Gorbeialdeko Kuadrillak
Gehienez hiru lan aurkez ditzake lehiakide bakoitzak, eta lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 16 izango da
Paul Picado
Igandea, 30 urria 2022, 21:20
Orri-markagailuen lehiaketa martxan jarri du berriro Gorbeialdeko Kuadrillak. Hamazazpigarren edizioa izango da aurtengoa, eta lehiakide bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkez ditzake. Lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 16a, asteazkena, izango da, eta norberak aukera dezake zer marrazki, lelo edo testu egin.
Bost kategoria bereizi dituzte adinaren arabera, besteak beste, benjaminak, 2 eta 5 urte artekoak direnak (2017-2020 artean jaiotakoak); kimuak, 6 eta 10 urte artekoak (2012-2016); haurrak, 11 eta 14 urte artekoak (2008-2011); gazteak, 15 eta 17 urte artekoak (2005-2007), helduak, 18 eta 65 urte artekoak (1957-2004) eta seniorrak, 66 urtetik gorakoak (1956. urtean baino lehen jaiotakoak).
Ohikoa denez, aurkezten diren orri-markagailuak ezin dira aurretik argitaratuta egon, ez eta bestelako lehiaketetan sarituta egon ere. Horrez gain, ezin da agertu pertsonaia ezagunen irudi edo marrazkirik, izan ere, hala gertatuz gero, ez dira onartuko lehiaketarako. Bestalde, egindako lanak 4,5 x 21 cm-ko folio edo kartulina batean aurkez daitezke; ezin da bestelako euskarritan jarri, eta alde batetik bakarrik idatzita egon beharko dute.
Hiru sari banatuko dituzte, baina lehiaketa bakoitzak sari bat bakarrik eskuratu ahalko du. Lehen saria 150 eurokoa izango da; bigarrena, 100 eurokoa, eta hirugarrena, 60 eurokoa, txikienen eta nagusien kasuan izan ezik, izan ere, benjaminen zein seniorren kasuan, 40 eurokoa izango da saria.
Lanak, esan bezala, azaroaren 16a, larunbata, baino lehen aurkeztu beharko dira, herriko edozein liburutegitan, udal bulegotan edo Gorbeialdeko Kuadrillako bulegoan, 'XVII. Orri-markagailu lehiaketa- Gorbeialdeko Kuadrilla' eta dagokien kategoria idatzi beharko duten gutun-azal batean. Gutun-azal horren barruan, izen-abizenak, NAN, jaiotze-data, telefonoa eta helbidea jasotzen dituen beste gutun-azal bat sartu beharko dute.