https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Oreina' eta 'Espedizio handia' euskal filmak, Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdian

Koldo Almandoz eta Marian Fernández, iaz, Donostiako Zinemaldian./Arizmendi
Koldo Almandoz eta Marian Fernández, iaz, Donostiako Zinemaldian. / Arizmendi

Koldo Almandozen filma eta Iban del Camporen film laburra izango dira ikusgai, zuzendariek beraiek aurkeztuta

EL CORREO

Euskal zineak «toki berezia» izango du aurtengo Edinburgh International Film Festival (EIFF) jaialdian, aurreko asteazkenean hasitako festibal horretan Koldo Almandozen 'Oreina' filma eta Iban del Camporen 'Espedizio handia' film laburra izango baitira ikusgai, zuzendariek beraiek aurkeztuta.

Proiekzio horiek Etxepare Euskal Institutuaren #ScotlandGoesBasque programaren eskutik helduko dira. Bere arduradunek atzo adierazi zuten Eskozian «euskal zinearen udaberria» izan dela aurten. Izan ere, apiriletik maiatzera bitartean euskal zinemagintzaren 40 urteren atzera begirakoa aurkeztu zuen CinemaAttic erakundeak Glasgown, Edinburgon eta Erresuma Batuko zenbait hiritan egindako askotariko jardueren bidez (zine emanaldiak, solasaldiak, zinea eta gastronomia uztartzen zituzten topaketak eta abar).

Orain, berriz, Eskozian Euskal Herriko zinemagileei eskainitako programazioak bere lekua izango du nazioartean egiten den zine jaialdi zaharrenean, Edinburgokoan, kasu honetan euskarazko zine berrienari bide eginez.

Esan bezala, EIFFren Focus on Spain ildoan, Koldo Almandoz zuzendari donostiarrak 'Oreina' aurkeztuko du Edinburgon, astelehenean eta asteazkenean, eta estreinaldia Eskozian izango da. Gainera, 2018ko Kimuak euskal film laburren bildumako piezatako bat izan zen Iban del Campo arrasatearraren 'Espedizio handia' zientzia fikziozko pelikula Eskoziako hiriburuan ikusgai izango da ekainaren 26an.

Filmen ezaugarriak

'Oreina' da Koldo Almandozen (Donostia, 1973) bigarren luzemetraia. Txintxua Films-en ekoizpena da, eta Patxi Bisquert (Jose Ramon) eta Laulad Ahmed Saleh (Khalil) dira protagonistak. Javier Agirre du argazki zuzendari eta Laurent Dufreche muntaiaren egilea; musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok idatzi dute. Almandozek berak idatzitako gidoian oinarrituta, filma gizakien eta espazio geografikoen mugez mintzo da, Khalil eta Jose Ramonen arteko harremana abiapuntu duela. Pelikulak Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen 2018ko Donostia Zinemaldian.

Halaber, Iban del Campo zinemagileak (Arrasate, 1971) Antonio del Camporekin batera idatzi eta Limbus Filmak-ekin elkarlanean ekoitzitako pelikula laburra da 'Espedizio handia'. L'Estrange familiako kideak antzezle dituen zientzia fikziozko filmak artxiboko materiala eta familiarteko Super 8 bideoak batzen ditu, planeten arteko bidaien zirrara islatu asmoz. Sinopsiak zera dio: «Gizakiak, berez dena baino gehiago izan nahi du, izarren hautsa baino zerbait gehiago».

Bestalde, kultur eragileen artean zubiak eraikitzea helburu duen #ScotlandGoesBasque programak euskal zine industriari so eginda, Etxepare Euskal Institutuak hainbat topaketa eta bilera bideratu ditu Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdiak industriari zabaldutako atalean.