Olatz Savador izango da 'Hitzetik Hortzera' saioko gonbidatua
Horrez gain, Donostiako eta Eibarko bertsoaldiak entzungo dira larunbatean, 21.00etan, ETB1eko saioan
Zurekin
Ostirala, 20 iraila 2024, 18:49
Olatz Salvador musikaria izango da aste honetako 'Hitzetik Hortzera'ko elkarrizketatua. Musikari donostiarrak hirugarren lana argitaratuko du irailaren 25ean, eta ETB1eko saioa berarekin elkartu da disko berriaren sortze prozesuaz hitz egiteko. Gainera, Eibar eta Donostiako bertsoaldiak izango dituzte larunbat honetan, 21.00etan hasiko den saioan.
Uda aurretik argitaratu zituen disko berriko hiru abesti: 'Basan', 'Gerorik balego' eta 'Azken eguzki printzak', eta orain Salvadorren zaleak kantu berrien zain daude eta bera ere gogoz dago egindako lana erakusteko.
Bertsolariek ere izango dute lekua disko berrian, aurreko lanetan bezala, oraingoan ere, bidelagun izan baititu. Hain zuzen ere, Olatz Salvadorrek tarteka bertsolariengana jotzen du abestien hitzak sortzeko. Adibidez, ezagunak dira Alaia Martin, Ane Labaka, edo Leire Vargas eta Oihana Aranarekin sortutako abestiak.
Lan berriaz, sortze prozesuaz eta bertsolaritzaz hitz egiteaz gain, musikaren panoraman emakumeen presentziaz ere ariko dira hizketan Olatz Salvador eta Mirari Martiarena.
Bertsozale gaztetxoak
Saioaren arduradunen arabera, txikitik handira bertsozale gaztetxoek egindako atala ere izango da aste honetako Hitzetik Hortzeran. Euskal Herriko bost bertso-eskoletako gaztetxoei bertsolaritzari buruzko galderak egin zaizkie eta euren hausnarketak eta erantzunak ikusi ahal izango dira. Agurain, Aizarnazabal, Antsoain, Itsasu eta Zornotzako gaztetxoek hartu dute parte.
Donostia eta Eibarko bertsoaldiei dagokienez, kontuan izan behar da udan 'Donostia 1813: Herri memoria kantuan' bertso saio musikatua egin zela Donostiako Plaza Berrian. Kantuan aritu ziren Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariak, Unai Gaztelumendik jarri zituen gaiak eta Iker Laurobak eta Beñat Antxustegik musikatu zituzten bertsoak.
Bestalde, Eibarren, Arrate Egunaren bezperan, urteroko bertso afaria izan zen. Jon Mikel Mujikak gidatu zuen saioa eta kantuan aritu ziren Andoni Egaña, Agin Laburu, Maialen Lujanbio, eta Nerea Ibarzabal.
Ez baduzu galdu nahi, piztu ezazu ETB 1 larunbatean, 21:00etan.