Nobel sarien jatorria zein den ezagutu nahi?
Gaur egun munduko saririk ospetsuenak direnak 1895ean sortu zituen Alfred Nobel izeneko zientzialariak
NAHIKARI CAYADO
Asteazkena, 14 urria 2020, 21:39
Nobel Sarien jatorria 1895eko azaroaren 27an kokatzen da. Egun zehatz hartan, Alfred Nobelek bere azken testamentua sinatu zuen, bere aberastasun gehiena Fisika, Kimika, Fisiologia edo Medikuntza, Literatura eta Bake arloko sari batzuei emanez. Horrela sortu ziren Nobel sariak. Testamentu horrek eztabaida handia sortu zuen bai Nobelen familian, ez baitzuen ulertzen hainbeste dirutza sari batzuei ematearen beharra, eta nazioarteko iritzi publikoaren artean ere. Gatazka guzti horren aurrean, bost urte itxaron behar izan ziren, 1901era arte, lehen Nobel Saria emateko. Gaur egun, munduko saririk ospetsuenak dira.
Urte horretatik aurrera, Nobel Sariek eta Ekonomia Zientzien Sariak (1968an sartu zen) ia 600 sarituen lana aitortu dute. Horien artean ikertzaileak eta literaturazaleak daude, denak historiako ekarpenik handienak egin dituztenen zerrendan tokitxo bat merezi izan dutenak. Haien artean askotariko izen ospetsuak agertzen dira. Horietako batzuk aipatzekotan, Albert Einstein, Alexander Fleming, Martin Luther King Jr., edo Marie Curie aurkitzen dira.
Alfred Nobelen nahia bere dirutza gizartearen onurarako baliogarria izatea zen. Haren arabera, bere ondarea bost ataletan banatu beharko litzateke: lehenik eta behin, fisikaren alorrean garrantzitsuenak diren aurkikuntzak edo asmakizunak kokatzen dira. Bigarrenik, aurkikuntza edo hobekuntza kimikorik garrantzitsuenak egindako pertsona sailkatzen da. Hirugarren atala, ordea, fisiologiaren edo medikuntzaren arloan aurkikuntzarik garrantzitsuena egin duenarentzat izan beharko litzateke. Beste zati bat, literaturaren alorrean lanik nabarmenena egin duen pertsonarentzat gordeko litzateke. Eta azkenik, nazioen arteko batasunean, armada iraunkorren abolizioan eta bake-biltzarrak ezarri eta sustatzean lan gehien egin duenarentzat izan beharko litzateke.
Bere abizena eramango zuten sarien edukia zehazteaz gain, Alfred Nobelek sariak emango zituzten erakundeak ere idatziz utzi zituen. Horrela, fisika eta kimikako sariak Suediako Zientzien Akademiak ematen ditu. Lorpen fisiologiko edo medikoak, bestalde, Karolinska Institutuak ematen ditu, Stockholmen. Literaturari dagokionez, Stockholmeko Akademiak ematen ditu, eta bakearenak aldiz, Norvegiako Storting-ak.
«Sariak ematean norbanakoaren jatorria kontuan ez hartzea da nire nahia. Saria merezi duen pertsonari ematea nahi dut, eskandinaviarrak izan edo ez». Argi eta garbi utzi zuen, beraz, Alfred Nobelek zein izango zen bere hil ondorengo nahia.
Nobelek 350 asmakizun baino gehiago patentatu zituen bere bizitzan, horietako ezagunena dinamita izanik.