https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Neurriz kanpo

Punk Mugimendu osoa neurriz kanpo dago baloratua eta gehiago zehazteko The Clash, Sex Pistols eta Ramones, batik bat, duda barik, gehiegi baloratuak daude

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Beatles eta Rolling Stones, neurriz kanpo baloratuak daude. Baita ere The Who, Jimi Hendrix, The Doors, Santana, Bob Dylan (berak ere badaki), The Kinks, Janis Joplin, Lou Reed eta David Bowie, besteak beste. Beraien eredu izan zirenak: Elvis Presley, Chuck Berry, Bill Haley, Little Richards eta gainerako Rock & Roll aitzindariak neurriz kanpo baloratuta daude. Hauetariko bakar batek ez luke inoiz amestuko izan duen oihartzuna.

Punk Mugimendu osoa neurriz kanpo dago baloratua eta gehiago zehazteko The Clash, Sex Pistols eta Ramones, batik bat, duda barik, gehiegi baloratuak daude, beraz, gaur egun, azken hauen elastikoak eramaten dituzten askok ez dakite talde hura zein zen ere.

Euskal Rock Erradikala (osoa bai), Madrilgo mugida, Ez Dok Amairu, Donosti Sound, Getxo Sound eta antzeko guztiak neurriz kanpo daude baloratuak, of course. Baina ez dira bakarrak:

AC/DC (Bon Scott barne), Deep Purple, Metallica, Led Zeppelin, Motorhead, Aerosmith, The Kiss eta Heavy Metaleko izar gehienak ere.

Picassoren 'Gernika', 'Mona Lisa', 'Los borrachos', 'Las lanzas', Dalí, Tapies, Gaudí, Oteiza, Txillida, Guggenheim, Artium, San Telmo eta arte ederretako museoa, baita Madrilgo Pradoko museoa eta Parisko Louvrea ere neurriz kanpo baloratuta daude.

Izan ere, Madril, Paris, Londres, New York, Los Angeles, Praga, Erroma, Bartzelona, Mosku, La Habana eta, jakina, geure hiriburu guztiak neurriz kanpo baloratuak daude.

Alfred Hitchcock, Tarantino, Coppola, Scorsese, Oliver Stone, Ridley Scott, Woody Allen, Billy Wilder, Almodovar, Berlanga, David Linch, Carlo Ponti eta beste asko, neurriz kanpo baloratuak, bai.

Marilyn Monroe, Che Guevara, Bob Marley, Jesus (eta bere aita), Groucho Marx eta gainerako poster eta kamiseta saltzaileak... baloratuegiak.

Hego Amerikako literatura, gure gerra osteko idazleak, euskal literatura osoa, 'Mantxako Kixotea', Errusiar klasikoak, Paul Auster, Nick Hornby, Ignacio Aldekoa, bertsolariak... denak baloratuegien zerrendara.

Bada, politika, erlijioa, zientzia, medikuntza, ideologiak neurriz kanpo baloratuak, noski.

Ekologismoa, LGTBren mugimendua, feminismoa, komunismoa, podemismoa, liberalismoa... eta gehitu nahi dituzun 'ismo' guzti guztiak, denak poltsara.

Opera, musika klasikoa, zirkua, folk musika, antzerkia, telebista-saioak ('Juego de tronos' eta 'Breaking Bad' barne), balleta, sukaldaritza, kirola oro har, eta gehienbat futbola... (Athletic eta bere filosofia barne); horiei guztiei balio handiegia ematen diegu, ezbairik ez.

Maitasuna, bidaiatzea, sexu egitea, jendea ezagutzea, adiskidetasuna, hezkuntza, hizkuntza, umorea, familia, jaioterria, erostea, saltzea, dirua irabaztea, lan egitea, bizitza bera... horiek denek prentsa onegia daukate, ez al da hala?

El procés està sobrevalorat. Donostiako Zinemaldia, BBK Live, Azkena Rock Festival, Durangoko Azoka, Korrika, Ikastolen jaiak... denak beren senetik at daude.

Marihuana, haxixa, speeda, heroina, kokaina, DMA, estasia, tripiak...denak neurriz kanpo baloratuak, batez ere, noski, debekatuta daudelako.

Baaaale, badakit. Agian hauetariko asko ez lirateke zerrendan egon behar eta -aitortu behar dut- nire bihotzaren zati bat irabazi dute noizbait. Baina benetan, honen moduko ariketa bat, noizean behin egitea, guztiz gomendagarria da. Ez dakizu zein gustura geratzen zaren.