Neomak-en kontzertua eta Maurizia Aldeiturriagari buruzko ikusletegia, Arriagan
Musika taldea osatzen duten zazpi emakume hauen doinuez gozatzeko aukera izango dute interesdunek martxoaren 14an, 19.30ean. Ordubete lehenago, Agurtzane Intxaurragak bideratuko du pandero jotzaileari buruzko ekitaldia
Loraldiaren hamargarren edizioak aurrera dihardu. Aurreko ostiralean abiatu ostean, interesdunek astelehen honetan euskararen etorkizunaren inguruko 'Euskara Bihar' berbaldi-saioaren lehenengo paradaz gozatu ahal izan zuten Bilboko Birakulturgunean (19.30ean). Asteartean, berriz, Bidebarrieta Liburutegian izan den 'Sustraien matxinada' proiektu berria eskaini zitzaien (19.00etan); asteazkenean, 'Gorputzaren atzean' ikuskizunaren txanda heldu zen Azkuna Zentroan (19.30ean); ostegunean, 'Belarriko kilkerra' lanaren nondik norakoak ezagutu ahalko dituzte Poza Lizentziatua kaleko Elkar liburu dendan (19.00etan)...
Publicidad
Bada, egutegia aurrera egin ahala eta egunero eskaintza anitzaz gozatzeko aukera dagoela kontuan izanik, gaurkoan Neomak taldeak martxoaren 14an tradiziotik abiatuta eskainiko duen irakurketa garaikidean zentratuko gara. Arriaga Antzokian izango da, 19.30ean, eta taldea osatzen duten Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutiérrez, Maria Lasa, Amets Ormaetxea eta Garazi Otaegiren doinuez gozatzeko aukera izango dugu.
Zazpi emakume horiez osatutako Neomak-i dagokionez, Kepa Junkeraren 'Sorginak' bezala hasi ziren, eta, ondoren, beraien proiektu propioa sortzea erabaki zuten. Taldeak tradiziotik edaten du bai, baina musika eta doinu berriak sortzeko. Hau da, trikitixa eta panderoa soinu elektronikoekin nahasten dituzte, sorginkeriaz betetako doinu berritzaileak sortuz. Hala, Loraldia Festibaleko oholtza gainean zentzumen guztietarako ekitaldia agindu dute. «Beren sormena askatuko dute, orain arte ezarritakoarekin hautsiz, eta soinu organikoak elektronikoarekin uztartuz», diote antolakuntzatik.
Baina Neomaken jarrera artistikoa ulertzeko, Maurizia nor zen eta zer ekarpen egin zuen ezinbesteko iruditzen zaie antolatzaileei. Hala, kontzertua hasi baino lehen, Loraldiak Ikusletegi bat eskainiko dio ikusle talde txiki bati (berbaldiaz gozatzeko ezinbestekoa izango da Neomak ikusteko sarrera erostea). Agurtzane Intxaurragak bideratuko du ikusle klub hau, eta bertan Maurizia figurari buruz ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Maurizia Aldeiturriaga azken hamarkadetan izan den herri musikaren aitzindaria izan zen, gaur egun ditugun trikitilari eta pandero joleen iturria, hain zuzen ere. Beraz, esan bezala, XX. mendeko musikari honetaz gehiago jakin nahi baduzu, aukera izango duzu martxoaren 14an, 18.30ean, Neomaken kontzertua baino ordubete lehenago.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión