Musikaren inguruko dokumentalak emango ditu Zornotza Aretoak
ZINEMA ·
Hizkuntza originalean proiektatuko diren hiru ikus-entzunezkoen aurretik zineforum irekia egingo da bertannahikari cayado
Larunbata, 21 abendua 2019, 22:23
Amorebieta-Etxanoko KINE Zineklubak primerako egitaraua antolatu du urteari hasiera emateko. Arrakasta handia duten bi genero nahastuko dituzte zinemagintza bultzatzen duten klub zornotzar honen bigarren hiruhilekorako. Alde batetik dokumentalak izango dira emango diren ikus-entzunezkoak, denak musikari lotutakoak izanik. Gogoratu, Zornotza Aretoan izaten diren proiekzio guztiak 20.15etan hasten direla, eta hau eman baino lehen, zineforumera gonbidatzen zaituztela 18.45etatik 19.45etara bitartean. Ekimen hau irekia eta doakoa da.
Lehenengo proiekzioa urtarrilaren 7an izango da. Hemen Seamos Murphy zuzendari irlandarraren 'PJ Harvey: A Dog Called Money' dokumentala ikusteko aukera izango da, bertsio originalean. Bidaietan, PJ Harvey kantari britainiarrak material inspiratzailea biltzen du, gero kanta bihurtzeko. Seamus Murphyk sorkuntza-prozesu hori dokumentatzen du, Harvey bere hartan erakusteko: berezko aura misteriotsu horretan bilduta; artistaren bilaketa, poesia-muntaketa eder batean.
Hurrengo filmaz gozatzeko urtarrilaren 21era arte itxaron beharko da. Irango Rokhsareh Ghaem Maghami zuzendariaren dokumentala iritsiko da egun honetan. 'Sonita', hizkuntza originalean ere. Rap-kantari izan nahi duen neska gazte afganiar baten istorioa kontatzen du filmak. Sonitak gurasoek markatzen dioten paktuari aurre egin beharko dio, ezagutzen ez duen senar bati saldua izatea. Sari desberdinak irabazi ditu ikus-entzunezko honek, hala nola Sundance eta Documenta Madrid jaialdietan.
Urtarrilaren 28an iritsiko da hirugarren eta hiruhileko honetako azkeneko pelikula ikusteko aukera. Nata Moreno zuzendariaren 'Ara Malikian: una vida entre las cuerdas' dokumentala ikusi ahal izan da. Ukaezina da musikari polifazetiko honek bizitzari eta musika klasiko eta garaikideari egiten dion ekarpena. Aldi berean, artistaren historia pertsonala kontatzen du. Musikak bizia salbatu zion gerratik ihes egin behar izan zuenean. Beirut utzi behar izan zuen 14 urterekin, eta, ordutik, nomada gisa bizi izan da, munduan barrena bere musika eramanez.