Musika independentea indarrean jartzen duten MIN sariak telebistan ikusi ahalko dira aurten
Doctor Deseo, Zea Mays, Zetak, Maite Larburu eta Niña Coyote eta Chico Tornado dira euskarazko album onena eskuratzeko hautagaiak
NAHIKARI CAYADO
Ostirala, 9 urria 2020
Aste bete baino ez da falta 2020ko MIN sariak ospatzeko, Espainiako musika independentearen sari banaketaren ekitaldia, alegia. Martxoan, pandemiaren ateetan, bertan behera geratu behar izan bazen ere, data berria dauka jaialdiak: urriaren 16a. Oraingoan baina, segurtasun neurri guztiak ondo betetzeko, telebista erabiliko da euskarri gisa ikuskizuna eskaintzeko. Movistar+ kanalean emango da iluntzeko 22.00etatik aurrera, Leonor Watling aktore eta abeslaria aurkezle lanetan egongo delarik.
Urtero bezala, Etxepare Euskal Institutuak euskarazko album onena sarituko du ekitaldian. Gogora ditzagun aurtengo hautagaiak: Doctor Deseo, Maite Larburu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Zea Mays eta Zetak. Bost talde euskaldun horien artean dago aurtengo albumik onena.
Bestalde, aipatzekoa da ere Rodrigo Cuevas musikagile asturiarra izan dela izendapen gehien bildu dituena, sei hain zuzen. Bere atzetik doaz, besteak beste, Kase.O zaragozarra eta Viva Suecia taldea. Horrez gain, Kiko Veneno artistak Ohorezko MIN Saria jasoko du bere ibilbide guztiarengatik.
Telebistan eskainiko den ekitaldian, sariak emateaz gain, oraindik argitu gabe dauden artista batzuen zuzeneko ikuskizunak ere izango dira. Ordu eta erdi inguru iraungo duen saioan, halaber, «musika sektorearen batasuna aldarrikatzeko keinuak» izango direla esan du antolakuntzak. Hala nola, urte honetan ospatu ezin izan diren musika jaialdiak ekarriko dira gogora. Izan ere, «soilik elkarrekin eta industria amankomun baten gisan lan eginez lortuko dugu krisi honetatik ateratzea», adierazi dute antolatzaileek.
MIN Sariak orain dela hamaika urte jaio ziren, 2009an hain justu. Helburua, musika eta produkzio independenteak ezagutzera ematea eta baloratzea, Espainiar Estatura arlo horretako sorkuntza motak hurbiltzen diren aldi berean. Sari horiek guztiak hemeretzi kategoriatan banatzen dira, haien tartean Artistarik Onenaren Fluge saria, Zuzeneko Onenaren Ticketmaster Saria, edota Album Onenaren The Orchard saria daudelarik.