Borrar
Heras

Miguel Delibes euskaraz

Landa gunean nagusi den ahozko hizkeraren ezaugarri bat omen da zehaztasuna; zehatza da jatorrizkoan, eta oso argia itzulpenean

Astelehena, 19 urria 2020, 00:29

Comenta

Ez da ohikoa izaten gaztelaniazko liburuak euskaraz ematea, ziurrenik pentsatzen delako (Hegoaldeko) euskal irakurleak baduela aukera berezko testua sortu den hizkuntzan irakurtzeko eta gozatzeko.

Lan enblematiko bakan batzuk pasatu dira gaztelaniatik euskarara. Nork ez du gogoan Aita Berrondok egindako 'Don Kixote Mantxakoa'ren itzulpena, edo, urrunago joan gabe, Lukax Dorronsorok emaniko Cervantesen beste lanena. Jose Hernández argentinarraren 'Matxin Burdin' ekarri zuen euskarara Jakakortaxarenak, bertsoz gainera. García Márquezen 'Heriotza iragarritako baten kronika' Xalbador Garmendiak, 1982an, eman zuen. Andres Urrutiak, Blas de Otero poetari egin zitzaion omenaldi urtean, 2016an, 'Istorioak, alegiazkoak nahiz egiazkoak' argitaratu zuen.

Klasikotasunaren ospea eta omenaldi loretsua izan ohi dira arrazoi nagusiak liburu bat gaztelaniatik euskarara ekartzeko. Itzultzaileen artean ba omen dago beste arrazoi nagusi bat nobela bat hizkuntza batetik bestera ekartzeko. Gustu pertsonala. Apeta. Idazlea gustuko izan eta haren ahotsa euskaraz entzuteko gogo atsegina, ez baita gozoa eta denbora luzean norberarena ez den testu bat euskaratzeko ahaleginetan, zerbitzari, igarotzea.

Patxi Apalategik horrela jokatu zuen Miguel Delibesen 'Kastilla Zaharreko kontu zaharrak' 1985ean itzuli zuenean.

Arima bikiak

Patxi Apalategi itzultzaileak, orain gutxi, Charles Baudelaireren 'Gaitzaren loreak' liburua eman du euskarara errima gordeaz, baina Delibesen ipuin liburutxo harekin bere barne gustuak lotzen zuen, bai, baina hori baino gehiago zen liburua irakurtzerakoan sentitu zuen zirrara: Ataungo bere haurtzaroarekin egiten zuen bat Delibesen ipuin liburu horrek, landa gunean jaiotako pertsona baten hiztegia eta bizipenak biltzen zituen Gaztelako idazleak bere lanean. Patxi Apalategiren haurtzaroa eta goitik behera galtzen zetorren mundua ziren Miguel Delibesek biltzen zituenak bere kontakizunetan. Giroak bazuen zer eragin itzultzailearen gogo eta ahaleginean. Gustua ez ezik, nolabaiteko lotura berezia zuen itzultzaileak liburuarekin: arima bikietan sortzen den lotura hautsi ezina.

Gainera 1985a ez zen urte ona euskarara liburuak ekartzeko. Gutxi itzultzen zen garaia zuen aurrean Patxi Apalategik. Eredu faltaren aurrean, bere herriko hizkera, bere barneko oihartzunak aukeratu zituen. Horregatik hain zuzen agertu den «Kastilla» hori izenburuan.

«Baserria aurpegian» deitzen da lehen ipuina eta honela hasten da liburua ataundarraren hitzetan: «Nire jaioterria utzi nuenean, berrogeita zortzi urtez gazteago nintzen orduan. Aniano Errekardariarekin topo egin nuen Elizioren makalondoaren itzalean, Zerona andrearen usategiko atarian, Pozal de la Culebrako bide ertzean». Kontu bi azpimarratuko nituzke hasiera horretan, herritik joan doan pertsonaren irudia (bide batez, Bilboraino heltzeko), eta tokiak izendatzeko zehaztasuna, pertsonaia bion arteko aurkikuntza zehazteko toki bati hiru zehaztasun eman zaizkio: makalondoa, usategia eta bide ertzea, bakarrarekin nahikoa ez balitz, eta memoriaren zehaztasunak bere indarra agertuko balu bezala, eta kontatzeko munduko asti guztia balu bezala.

La Primitiva Casa Barojan ikusi zuen argia 'Kastilla Zaharreko ipuin zaharrak' ipuin liburuak, baina egile eskubideak ordaindu behar zirela eta argitaletxeko arduradunen bat eta Patxi Apalategi bera joan ziren Miguel Delibesi bisita egitera, eskubideen kontratua sinatu zezan, eta hala egin zuen Valladolideko idazleak, diru zorrak barkatuz, eta itzulpenari begirada boteaz aldi berean:

«O sea que a los estorninos, ¿los llamáis 'Arabako xoxoak'?», esan omen zuen itzulpena esku artean hartuz. Eta baietza hartu zuen erantzunez. Begirada bakar batez ikusi zuen idazleak itzultzaileak hiztegiarekin egindako lan izugarria. Bai, landa gunean nagusi den ahozko hizkeraren ezaugarri bat omen da zehaztasuna; eta zehatza da jatorrizkoan, eta oso argia itzulpenean.

Argitalpen bi

Patxi Apalategiren itzulpenak bide malkarra egin du. Ez da egunero aipatu ohi dugun itzulpena, baina bere ospetxoa lortu du zeren argitalpen bi izan ditu. Bata, lehena, 1985ean, La Primitiva Casa Baroja hartan, esan dugun bezala; bigarrena, Hiria argitaletxeak egin zuen, 2002an.

Lan horren joera nagusia Felipe Juaristik deskribatu zuen zuhurtzia handiarekin: «Kastilla Zaharra Atauna ekarri zuen, ataundarrak Kastilla Zaharrekoak balira bezala. Literaturaren miraria horixe baita: norbaitek bere herriari buruz idazten du, eta idazten duen hori beste herrikoentzat eredu bihurtzen da».

Liburuak badu zer erakutsi. Delibesen idazketak errealitatean jarri du arreta baina errealitatearen tratamendua ez da ohitura zalea, kostunbrista, pertsonaien patua ez delako zoriontsua. Gazia da bizitza, eta gozotik badu ere, ez da gozoa gainditzen. Iñaki Caminok «traza biblikoa» ikusi zion lanean ageri den tonuari. Bai, horrelaxe da. Mundua mutua da, eta pertsonaiek bete beharreko patua besterik ez dute. Eta tarteko da Delibesen estiloa, zehatza, aberatsa, izadian den ororen izena zuzen emanez.

Patxi Apalategik literaturaren miraria egin du. Gurea ez dena guretu, gure hizkuntzara ekarri, gure egin.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Miguel Delibes euskaraz

Miguel Delibes euskaraz