Joan den astean, Leioako jaietara hurbildu nintzen Bizardunak taldea ikustera, eta, egia esan, espero nuena baino askoz gehiago aurkitu nuen. Kontzertua ez zen soilik musika-emanaldi bat izan; indarrez, jarreraz, ironiaz eta umore askoz eta mezu politiko sendoz beteriko ikuskizuna izan zen. Zortzi bizardun hauen folk-punk estiloak The Pogues taldearen garai onenen mailara eraman ninduen, baina bertako ukitu propioarekin.
Hala ere, musika bikainaz haratago, beste zerbaitek harritu ninduen: herriko jaietako eszenatoki txiki baten soinu-kalitate ikaragarriak. Baxuak eta bateriak sakonak ziren, bibolina, whistle eta akordeoia oso nitidoak somatzen ziren eta ahotsak argi entzuten ziren, hitz bakoitza ulergarri. Badirudi hau dela gaur egungo errealitatea: soinu-ekipoen teknologia izugarri hobetu da, prezioak jaitsi dira, eta, ondorioz, edozein tokitan, txikia edo handia, kalitatezko soinua lortzea posible da.
Garai batean, soinu bikaina kontzertu-areto edo jaialdi handien pribilegioa zen. Orain, aldiz, herriko jaietan, taberna txikietan edo kaleko emanaldietan ere goi-mailako audioa entzun daiteke. Teknologiaren demokratizazio honek musika esperientzia aldatu du. Musikariak, teknikariak eta antolatzaileak baliabide hobeekin aritzen dira, eta publikoak, noski, modu aberatsagoan bizi ditu kontzertuak.
Bizardunaken kasuan, eszenatokiaren mugak ez ziren oztopo izan. Soinuak ez zuen hutsik egin, eta horrek are gehiago indartu zuen emanaldiaren inpaktua. Soinuaren demokratizazioa ospatzekoa da eta bide berriak ireki ahal ditu musikaren munduan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.