Borrar
George Steiner idazle eta teorialaria.
Literatura zaharra euskaratzeaz

Literatura zaharra euskaratzeaz

Nola ematen zaio itzulpen bati atorrizkoaren klasiko edo zahar kutsua

Joxeme López de Arana

Sábado, 27 de agosto 2022, 10:58

Literatura-itzulpenak zahartu egiten direla esana dut, eta, horren frogagarri, itzulpenok aldian behin berritu beharrean daudelako ebidentzia ekarri. Horri gutxi irizten ziotenen-tzat, autoritate baten bermeaz berretsi nuen esana, kasu hartan Walter Benjamin-ek 'Itzultzailearen egitekoa' (1923) saiakera laburrean idatzitako hitz batzuen bitartez (hitzak, Benjaminenak ez ezik, Garazi Arrularenak ere badira, euskaraz): «Mendez mende literatura lan handien tonua eta esanahia goitik behera aldatzen den bezala, itzultzailearen ama-hizkuntza ere aldatu egiten da. Egiaz, idazlearen hitzak bere hizkuntzan bizirauten badu ere, itzulpen onena behin eta berriz lausotuko da bere hizkuntzaren garapenean, bilakaera horren ondorioz hiltzeraino».

Hala ere, Benjaminen hitz erabatekoek ñabarduraren bat behar dutelakoan nago. Bistakoa denez hizkuntzaren aldaketak ez direla hain azkar gertatzen, esango nuke hizkuntza-ohiturak edo hizkuntza-modak direla itzulpen berrien beharra eragiten dutenak. Euskararen kasuan, hizkun-tzaren malgutasuna bera ere aldatu da, inondik ere onerako. Demagun duela lauzpabost hamarkada Altuberen lege zaharren arabera egiten zirela itzulpen asko (pena da 'Itzuliz usu begiak' Anjel Lertxundiren saiakeran Altuberi buruzko tesela jakingarriak desagertu izana gaztelaniazko bertsiotik; halako obra bati heltzen dion erdal irakurle motak ere izan bailezake interesik euskal esaldiaren antolamenduan). Bada, gaur egun, Lertxundik bikain esandakoak tarteko, askoz malguagoak dira bai hizkuntza, bai irakurleak, biak behiala sobera zurrunak. Demagun, aipatutako garai ez hain urrun hartan, 'haizkora', 'hilargia', 'entrepresa', 'unkitu', 'bazter erazi', 'hilaurra', 'manifestapena', 'sozial arazoak', 'humorea', 'liburuetaz', 'zihur', 'hauzoa', 'egun batetan' eta abar idazten eta irakurtzen zirela normaltasun osoz. Demagun 'dotoreziaz' idazteko arau idatzi gabekoak ere nabarmen aldatu direla… Nire orduko haren ondorioetako bat zen itzulpenak xede hizkuntzaren egoera jakin baten lekuko direla, eta horrenbestez, normala dela gaur eguneko irakurle bati arrotzak gertatzea duela hamarkada batzuk egindako itzulpen bateko hainbat esamolde eta beste zenbait hizkuntza kontu. Hori guztia eta gehiago kontuan hartuta, berritu egin dira itzulpen asko, euskaraz bezala beste hizkuntza askotan ere.

Baina, eta horretara dator gaiari berriko heltzea, nire esanak irakurtzen dituen irakurle eta lagun bakarrenetariko batek, koska bat estuago eginez, erronka bota zidan: «Ondo dago behin eta berriro esaten zabiltzan hori guztia, baina, testu klasiko/zahar bat euskaratzen denean, nola ematen zaio itzulpenari jatorrizkoaren klasiko/zahar kutsua?». Beste edozein irakurle begi zorrotz konturatuko zenez, galderak tranpa zuen (baina galdetzailea zaindu beharreko lagun urrietariko bat izanda, ezin nion esan galdera gaizki planteatuta zegoela, noski).

Eskuarki, desberdintasun nagusi bat egiten da halako galdera bati erantzuteko orduan, testuaren harrerarekin zerikusi zuzena daukana. Eta galdera bakarrari, ordainetan, bi galderekin eran-tzuten zaio, eztabaida ez baita berria, tonu didaktikoak laguna ez haserretzeko moduan. Alegia, jo dezagun XVI. mendeko idazlan bat itzuli behar dugula. Kasu horretan, berritu beharko genuke XVI. mendeko irakurlearen harrera (zeinarentzat idatzi baitzen idazlana)? Edo gaur eguneko irakurleak testu jakin hartaz duen zahar/klasiko pertzepziora ekarri beharko genuke itzulpena?

Itxuraz aurkakoak diren bi norabide lotuz

Lehen kasuan, irakurketa garaikide baten aurrean geundeke, eta beraz gaur eguneko testua balitz bezala itzuli beharko litzateke, beharbada garaiko kontu berezi eta arrotz asko nola edo hala egokituz.

Bigarren kasuan, berriz, baliabideren bat bilatu beharko litzateke irakurleak klasikotasunaren hautsa sumatu ahal izateko. Zer baliabide, ordea? Pablo Ingberg argentinar itzultzaileak oso gogoeta interesgarria egiten du gai honetaz, nolabait bi bideak uztartuz, George Steiner itzulpen-teorialariak 'After Babel' saiakeran esandako hitz hauek oinarri hartuta: «Itzulpen bikainek etxekotu egiten dute kanpoko obra jatorrizkoa, distantzia linguistiko-geografiko nabarmenaren ordez denbora-distantzia sotil eta barneratua ezarriz». Hala, Ingberg-en arabera, «lotu egiten dira bi norabide itxuraz aurkakoak: irakurlea denboran idazlearengana eramatea, historizatzea; idazlea espazioan irakurlearengana ekartzea da, etxekotzea». Eta hori lortzeko, Steiner-ek berak iradokitzen zuen bezala, itzulpena arkaismo-dosi doi batez janztea izan daiteke bidea.

Gaia euskal itzulpengintzara ekarriz, badirudi Steiner-ek proposatutako bide hori ez dela gehiegi jorratu eta, aldiz, lehen bidearen alde egin dela. Balirudike arkaismo dosi hori toki berera daramaten bi bidetatik etor litekeela, teorian behintzat: euskalkiarenetik eta klasikotasunarenetik. Bien topalekua, beharbada, «lapurtera klasikoa» litzateke, itzultzaile bakoitzaren era eta neurrira erabilia. Gabriel Arestik hala jokatu zuen hainbat itzulpenetan, eta beste hainbeste egin du Jean Baptiste Orpustanek 'Aro galduaren bila' Marcel Proust-en obraren itzulpenean, besteak beste. Ez da izan, ordea, joera nagusi bat. Esaterako, Literatura Unibertsala bildumako testu zaharrenen itzulpenetan hizkera eta sintaxi nolabait 'jasoak' baliatu dira, baina ez hurbilagoko testuetan baino gehiago, esan bezala testu garaikideak balira bezala irakurriak izateko. Hortxe daude, adibidez, 'Urrezko astoa', 'Hamlet', 'Hautapen ahaidetasunak', 'Pertsiar gutunak', 'Gulliverren bidaiak', 'Hau ez da ipuina' edo 'Bidaia sentimentala Frantzia eta Italian zehar', zaharrenetariko batzuk aipatzearren. Hala gauzak, esango dit lagunak erantzun diodan edo ez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Literatura zaharra euskaratzeaz