Borrar
Xabier Monasterio aspaldi ari zen berak maite zituen munduko idazle ezagun edo ez hain ezagunen lanak euskaratzen. E.C.

Literatura sukarra

Badira dirua galtzeko bide ezagunagoak, baina liburuak argitaratzearena denen artean ederrena da

Igandea, 3 martxoa 2019, 01:24

Comenta

Carlos Casares (1941-2002) idazle galiziarra bizi zenean oso ezaguna zen ahoz-kotasunaren teknika erabiliz kontatu ohi zituen ipuin ironiko eta guztiz miresgarriengatik. Memoriaren eta tradizioaren altxorra zen halakoetan Casares. Haietariko bat zen, Ourensen, bere jaioterrian gertatu zen pasadizo bat. Dirudienez hiri horretako 'paisano' batek ba omen zuen joera berezi bat: gaua egunkari bat idazten, konposatzen eta inprimatzen ematen zuen. Hurrengo goizean etxetik irten eta egunkariaren ale bakarra atepetik sartu eta kasinora joaten omen zen gosaltzera. Etxera bueltan, egunkaria hartu eta «ea zer berri dakarkigun gaur egunkariak» esaten omen zuen eta hura irakurriz pasatzen omen zuen goiza. Casaresek kontatzen zuen hizkuntza berezi bat ere asmatu zuela egunkari hori argitaratzeko.

Literaturak sortzen duen sukarraren eredu ederra iruditu zait beti Ourenseko 'paisano' famatu horren ibilbidea. Hizkuntza sortu, nahi zituen berriak asmatu, idatzi, argitaratu eta irakurle bakar izan… literaturak sortu dituen eromen zoriontsuen jarrera ezin hobea!

Bada, Euskal Herrian jarraitzaile sutsua jaio zaio galiziarrari. Haren moduan literaturaren sukarrak jo du, eta munduko idazleen artean maite dituen lanak euskaraz irakurri nahi dituenez, orduak kenduta gauari, berak itzultzen ditu, eta goiza datorrenean, lanetik itzulita, «Hara Maupassant euskaraz! Ea zer moduz moldatu den haren hizkera euskarara» esan eta goiza ematen du egile frantsesaren lana, itzulpena beste norbaitena balitz bezala irakurtzen.

Sukarrak gora egin dio, eta orain, itzuli ez ezik argitaratu ere egin ditu bere itzulpenak. Eta Ourenseko semeak bezala, Kafe Antzokitik etxera itzultzerakoan, posta kutxa zabaldu eta «Hara. Ikus dezagun zer dakarren berri gaur postak» esanaz, berak itzulitako eta berak argitaraturiko liburuaren azala ferekatzen du, ezezaguna balitu bezala han tindaturiko esaldia, han jarritako irudia eta paperaren xamurra.

Xabier Monasterio dugu literaturaren sukarrak jo duen euskal semea. Aspaldi ari zen berak maite zituen munduko idazle ezagun edo ez hain ezagunen lanak euskaratzen. Orain gustukoen dituenak argitaratzeko editorial txiki bat jarri du martxan: 'Testu Zaharrak' izena darama etxeak.

Ez du anbizio handirik, tiradak laburrak dira. Adiskideentzako soilik, edo bera bezala literaturaren sukarrak jota daudenentzat pentsatua. Baina edizioak kalitate handikoak dira, Laura Freijoren diseinu lan bikainarekin (ezin utzi aipatu gabe diseinatzaile gazte horren lana). Liburu ikusgarriak, irakurtzera bultzatzen dutenak. Arruntasunetik oso gora daudenak.

'Bele saldo bat' zortzi ipuinez osatutako liburua da. E.C.

Oihartzun berezia

Euskal sisteman bada behin eta berriro errepikatzen den joera bat argitaletxe berri txiki bat sortzear dagoenean, batez ere txikia eta berria denean: egunkarietako interesa argitaletxearen tasunean kokatzen da; ez, ordea, argitaratu behar dituzten liburuetan. Laster urte bi egingo ditu 'Pott Banda. Ekilibrista bihotza (1977-2017)' liburua argitaratu nuela Santi Lapatza-Gortazar adiskidearen Sorzain argitaletxean. Bada, liburu bakar hori kaleratu aurretik argitaletxeak prentsan oihartzun berezia lortu zuen.

Kontrakoa egin du Xabier Monasteriok Googlen aurkitzeko izen zaila, edo orokorregia duen 'Testu zaharrak' edizio etxearekin. Liburuak agertu ditu lehenago, ahapeka eta isilik, eta etxearen aurretik jarri ditu irakurketa eta literaturaren plazera.

Badira dirua galtzeko bide ezagunagoak, baina liburuak argitaratzearena denen artean ederrena da. Eta liburu bi eman ditu inprentara argitaletxe jaio berriak.

Denji Kuroshima (1898-1943) idazle japoniarraren 'Bele saldo bat' zortzi ipuinez osaturiko liburua da abentura berriko lehen zenbakia eta biderako argia. Militarismoaren aurkako egilea dugu Kuroshima. Eta ipuinotan gai zuzen bi ageri dira: Japoniako langileen bizitza gogorra eta Siberiako gerratean hara bidalitako soldaduek eta Errusiako zibilek jasandako triskantza. Kontzientzia biziaren eta gai sozialen jarraitzaile izaki, idazlearen lumak samina isuri du. 1918ko udagoienean eta Armada Gorriari eta Sobieten indarrari aurre egiteko asmotan, Japoniako Gobernuak bere armada bidali zuen Siberiari. Soldadu haien artean zegoen idazlea eta eremu hotzetan bizi izandakoa kontatu zuen, 1925 eta 1928 urte bitartean idatzitako ipuinotan. Latza da giroa, bukaerak ez dio esperantzari leihorik irekitzen. Izadiak pisu handia du Siberiako gaiaz onduriko kontakizunetan. Beste laurek Japoniako klase xumeen bizitza dute oinarri. Eta horietan ere goseak, txirotasunak eta diru faltak eratzen dituzte bigarren zikloko ipuinak, beti ere Kuroshimaren ideia politikoen defentsan.

Guy de Maupasanten 'Oilagorraren ipuinak' liburuak osatu du editorial berriaren bigarren emaitza. Xabier Monasteriok biziki maite du egile frantziarra eta eman zuen jada euskaraz haren 'Ipuin beldurgarriak' bilduma, euskara errazean, euskara irakasteko asmo didaktikoarekin. Ez da lehen aldia baina, 'Oilagorraren ipuinak' euskaraz ematen dela. Aspaldian argitaratu zuen Elkarrek Felipe Juaristiren itzulpena. Jantzi berria dakar, ordea, Monasterioren itzulpen honek. Berriz euskaratua izan da, itzultzaileak maite duen ipar euskalkien usainez, bizkaierako hitzen aipamenaz, tradizioko esaeren erabileraz. Maupassanten lanarekin inpresio bikoitza dut. Ikusten diot zer esan nahi duen, eta nola, ikusten dizkiot teknika narratiboen nondik norakoak, jarraitzen dizkiot estilo kontu bereziak, eta miresten dut mundu oso desberdinak eta haien esan-moldeak eratzeko trebezia. Baina hotz uzten nauen idazlea dut. Ez dio nire gustu horrek itzulpenaren trebeziari ezer kentzen.

Oraingoan, Xabier Monasteriok bere bete beharrak utzi ditu eta askatasunez jokatu du. Liburu berri eder bi -kanpoz eta barnez- eman ditu argitara Testu Zaharrak etxeak.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo Literatura sukarra

Literatura sukarra