https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

111 literatura aldizkariaren agurra

Aldizkariaren itxiera irudikatzen duen irudia./Fotolia
Aldizkariaren itxiera irudikatzen duen irudia. / Fotolia
Jon Kortazar
JON KORTAZAR

'111 Literatura Aldizkaria' 10. zenbakira heldu eta agur esan dio bere bideari. Andoingo Udalaren babespean eta Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren laguntzarekin argitaratu dute Amaia Goikoetxea zuzendariak, Maddi Trutxueloren diseinuarekin eta Garbiñe Ubedaren maketazioarekin. Baina editorialak, 'Azkena duzu, gazte' izenburuarekin, adioaren itzalak zabaldu ditu.

Ixtearen arrazoiak ekonomikoak izan omen dira, batez ere: «Bai, 111 Akademiari ekonomikoki eusten dion Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 2018an ere diru-galera handiarekin amaitu du urtea eta diru-galera hori, gehienbat, 111 aldizkaria argitaratzeak sortu dio».

Krisialdi ekonomikoa bukatutzat jotzen ari dira (nahiz eta berri baten oihartzunak zabaltzen ari diren), eta pena da literatur ekimen horrek bukaera eman beharra. Penak orain berandu datozela esango duenik izango da. Baina ni behintzat aldizkariaren harpidea nintzen eta urteko diru apurra zuzen-zuzen ordaintzen nuen.

Betidanik ikusi dut sinpatia handiz 111 Aldizkariak eta 111 Akademiak egin duten lana. Parte hartzeko enparantza sortu zuten. «Euskal Herriko literaturazaleen bilgune»tzat aurkeztu dute beren burua eta benetan saiatu dira irakurketak eta zaletasunak biltzen eta elkartzen.

Aldizkariak hiru adar izan ditu beti. Lehen lehenik idazleei egindako elkarrizketak. Idazleen pentsakizun literarioa beren eginkizunean garrantzizkoa dela uste dugunok gogo onez irakurri ditugu idazleei egindako elkarrizketak. Bide batez esanda, liburua irakurri ondoren eta gaia ongi mamitua zelarik egindako elkarrizketa zabalak eta sakonak ziren aldizkariak agerturikoak. Eta itzultzaileen lana ere beti landu dute begi onez.

Bigarrenez, idazleen iritziak ageri ziren, artikulu mamitsuetan. Eta hirugarrenez, eta zaletasunari tokia emanez, «200 irakurlek parte hartzen dute egitasmoan: liburuak irakurriz, iruzkinak bidaliz». Parte hartze txoko hori guztiz irakurgarria egiten zitzaidan. Iritziak gordinak ziren, egileek ez zuten egilearen adiskidantza galtzeko beldurrik eta liburua zer iruditu garbi azaldu ohi zuten. Xalotasunez ere bai, guztia esan behar badut. Iritzi asko eta asko bat-batekoak ziruditen, lehen bulkadak eragindakoak. Freskotasunaren gain, zuzentasuna. Iritzi emaileek ez zuten goi egileak eta behe egileak, lehen mailakoak, eta ez hain gorakoak aipatzen zituzten aleetan eta beti izaten nuen zer irakurri irakurle anonimoek bidalitako iritzi zuzen horietan. «Liburua oso erraz irakurtzen da, nahiz eta lehen zatia nahikoa astuna izan»: horra hor iritzi borobila.

Beste ekintza bat ere bultzatu dute 111 Akademiakoek. Urteetan 111 Saria eman dute. Literaturaren kanon ederra dago hor bildua: Ur Apalategi, Harkaitz Cano, Ramon Saizarbitoria, Miren Agur Meabe, Mikel Peruarena, Katixa Agirre, Kirmen Uribe.

Aspaldi aldarrikatu zuen Joseba Gabilondok, ohi duen probokazio puntuarekin, euskal literaturak behar zuela zinemako Oskar famatuetan egiten den antzera, jende zabalaren botazioen bidez erabakiko zen lehiaketaren bat. Nirekiko pentsatzen dut 111 Akademiakoek aurrea hartu ziotela, eta berak esan egiten zuen bitartean, Andoaingoek egin egiten zutela eta aurrera eraman proiektua.

Parte hartzerik gabe ez da ulertzen desagertzera doan proiektua eta «pena da» esateak ez du onik ekarriko, baina desagerpen horrek ez dio onik egingo euskal literaturari. Horrela da mundua, ordea, eta ur handiak datoz.

Temas

Euskera