Lerro ikusezina
Ez da gauza bera gaia historia liburu batean tratatzea edo telebistako serie batean
Geldialdi garai honetan, irakurtzeaz aparte, telebista serieak ikusteko aukera ere izan dugu. Orain hiru bat urte, adiskide batek telebista serieak goratu zizkidan etorkizuneko narrazio mota gisa. Niri, orain arte ikusi ditudanek edo gaztetako tebeoak (Capitán Truenoren abenturak) edo XIX. mendeko folletinak ekarri dizkidate gogora. Bestela esanda, etorkizunari begira baino, iraganari begira ikusi ditut gehienak.
Bat izan ezik, egia esan, Txabi Etxebarrietaren bizitzari buruz Mariano Barrosok estreinatu duen 'La línea invisible' lana. Gustura ikusi dut ETAk hartu zuen erabaki nagusiari buruzko lan hau, heriotzak markatzen duen lerro ikusezina igarotzeari buruzkoa. Gure bizitzako pasarte nagusi bat kontatzen du, eta horrela aipatuko genuela ikusi nuen lehen unetik.
Lehen eztabaida asmatzea ez zen zaila. Serieak, batzuentzat, Meliton Manzanasen irudia humanizatu egin du; besteentzat, aldiz, Txabi Etxebarrietarena. Hori gertatuko zela iragartzea aldez aurretik irabazitako apustua zen. Kontakizunean ageri diren ekintzak hain gertu izanik, protagonistak ezagutu zituen pertsonak bizirik egonik, gertatu behar zuen eztabaidak.
Fikzio honek gai biren inguruko eztabaida sortu du: egiazkotasunari eta egiantzari buruzkoa lehena, eta eraginei buruzkoa bigarrena.
Garaia bizi izan zutenen artean, garbia zen egiantzari buruzko eztabaida. Ramon Zallok oso hausnarketa luzea egin du. Zalloren ustez, diktadura eta haren eragin gordinak ahaztuak daude telefilmean. Ez dakit nik Bandaseko greba zapaltzen deneko eszena ez ote duen ahaztu. Tesia argi utzi du: «Pero la Dictadura y sus largas maldades no están en la serie; solo en sordina, edulcorada, aunque tampoco se la salve explícitamente». Gainera zehaztasunez, telebistako serieak dituen hutsuneak hartu ditu kontuan. Benetako izenak jarri dizkie fikzioko pertsonaiei, eta, Zalloren ustetan, kontakizunak fideltasuna galdu du zenbait momentutan. Artikuluak planteatu nahi dudan lehen kezkari erantzun dio: Egiantza ez denez ongi betetzen (V. Asanblada agertzeko modua aipatzen du berak), serieak oztopo handiak ditu sinesgarri izateko, eta ideologikoki boterearen diskurtsoa adierazi duenez, determinismoaren alde egin du.
Gure historiari buruzko zinemaz aditua da Santiago de Pablo historialaria, eta harentzat, berriz, arazoa garbi dago: gai historikoak desberdin lantzen dira (literatur) genero desberdinetan. Ez da gauza bera gaia historia liburu batean tratatzea edo telebistako serie batean. Horrek, nahi eta nahi ez, bere mugak ditu: lanaren iraupena inork ezin du saihestu. Barrosoren serieak zuzen erabili du «asmakizun egokia» deitu duen kontzeptua. Hau da, genero historikoak, nahi eta nahi ez, kontakizun erakargarri bat sortzeko ageri diren ekintzak zuzen asmatu eta laburtu behar ditu, kondentsatu. Beraz, zenbait ekintza fikzioaren barnean ikusi beharko lirateke eta ez horrenbeste gertatukoaren eta fikzioaren arteko kinkan.
Honelako telefilmak ez dira egiten garaiaren testigu izan direnentzako bakarrik. Txabi izen katalana dela defendatu, Txabi Etxebarrieta horrela dei-tzen zela, Txabi eta Xabi izan euskaldunak direla ez dakitenentzako ere egiten da.
Beste kontu bat da eragina. Edozein kontaketak diskurtsoa sortzen du, eta diskurtso horrek eragina du gizartean. Garaiak normalduz doazen heinean, kontakizunei buruzko eztabaidak sortuko dira. Zeren Barrosoren eta bere gidoilarien kontakizunak eragina izango du bere mezuan. Eta horretan garbi du egileak kontakizun egokia eman badu, manikeismotik urrundu bada, mezua ETAren historia kritikoki begiratzen ari dela.