Lauaxeta Pragan
Datua jakina zen zenbait girotan, baina niretzako guztiz ezezaguna. 1935ean, Lauaxetaren artikulu bat txekierara itzuli zuten eta Pragako 'Prehled' aldizkarian argitaratu
Beti gertatzen den bezala, ezustez aurkitu nuen berria. Egia esan Gabriel Arestiren lana aztertzen ari nintzen. Gutunen batean dio Argentinako Garrigari bidali zizkiola zenbait poema. Garriga hori nor ote zen jakin nahiz, Buenos Airesen zuzentzen zuen 'Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos' aurkitu nuen bidean. Eta horrela hasi zen Pragarako bidaia. Badirudi garai hartan nahiz 'Euzko Gogoa'ren nahiz 'Boletín'aren berri zuela poetak Bilboko Euskaltzaindian. Eta haien zuzendariengana jo zuen bere poemak argitarazteko asmoz. 'Euzko Gogoa'n lortu zuen abegi ona Andima Ibiñagabeitiari eta Jokin Zaitegiri esker. Garrigarentzako, ostera, gogorrak ziren poemak, «heterodoxoak».
Askotan gertatzen den bezala, ikerketan zuzen jarraitu ordez, ingurumarietan galtzea gogoko du gogoak. Eta horrela ez nuen jakin gauza asko Arestiri buruz, baina bai Gabino Garrigari buruz. Ikasi nuen, adibidez, Buenos Airesen argitaratu zen aldizkariaren zuzendaria izan genuela hamalau urtean, 1950etik 1964 arte. Kontua da 'Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos' hori Argentinan sorturiko Eusko Ikaskuntza erakundearen moldapena zela, eta bai aldizkarian eta bai erakundean parte hartu zuela Norbert Tauer txekiarrak (1898-1983). Gabriel Arestiren arreta piztu behar izan zuen artikulua idatzi zuen Tauerrek bertan. 1953an 'La literatura vasca contemporánea vasca vista por un extranjero' azterketa argitaratu zuen.
Ez dut Bizkaiko idazlearengan inoiz hain zuzen ikusi erlijioaren eta nazioaren arteko lotura esturik
Eta 1955ean Instituto de Estudios Vascos erakundeko partaide aukeratu zuten Tauer. Andres de Irujo idazkariak eman zuen horren fede, euskarari eta Euskal Herriari zien maitasunaren esker onez. Kontua da, ordainez, bere biografia eskainiz hitzalditxo bat eman behar zuela omenduak. Tauerrek ez zuen modurik Pragatik Buenos Airesera joateko eta hitzaldia idatziz bidali zuen eta «Maitetasunak lotzen duena ez du itsasoak bereizten» lemapean bere biografia azaldu zuen. Madrilen Txekoslovakiako Enbaxadan aritu zen lanean 1929-1939 bitartean, eta orduan zaletu zen euskaraz eta euskal kulturaz.
Argentinan argitaratzeko zen sarrera hitzaldi horretan Tauerrek bere lana deskribatzen zuen, eta adierazi zuen era bitakoa zela: Txekoslovakian Euskal Herriaren berri ematea eta euskotarren artean euskararako maitasuna indartzea. Eta bat-batean inondik inora ezagutzen ez nuen berri bat zekarren: «Nere Aberrian aspalditik euskaltzale zintzo batzuek dira. Ayen laguntzarekin 1935'garren urtean 'Prehled' izeneko aldizkariaren eusko-zenbaki bat antolatu nuen. Euskal erriaren edesti eta kulturari buruzko artikulu askotarik landara, euskerazko diosal bat, Lauaxeta olerkariak (G.B) egiña». Eta ondoren jarraitzen zuen gaiarekin: Txekiarren himnoaren (ereserkiaren) letra euskaraz emana zuten, eta 'Gernikako Arbola'ren letra txekieraz.
Lauaxeta 1935ean txekiera itzulia. To Etxepare Institutua!
Tauerren biografia idatzi zuen Jose Maria Satrustegiren lanera jo nuen gehiago jakiteko asmoz. 'Bidegile' saileko alea eskaini zion euskaltzainak txekiarrari. Eta bertan aipatzen da 'Prehled' aldizkaria, baina ez dago Lauaxetaren berririk. Hauxe da aldizkariari buruz esaten dena: «Pragako 'Prehled' aldizkari katolikoak,1935ean, ale berezia eskaini zion euskarari eta partaide izan zen Tauer beste idazle batzuekin batera. Bertan Azkuek Txekiako aberri-ereserkia euskarara itzuli zuen eta R. Slaby ospetsuak 'Gernikako Arbola' euren hizkuntzara».
Interneten saio ustel batzuk egin ondoren jo nuen, nola bestera?, Norbert Tauerren lana gordetzen duen Euskaltzaindiko liburutegira eta han aurkitu nuen, azkenean, euskal kulturari buruz Pragan argitaratu zuten aldizkariaren alea. Eta barnean Lauaxetaren artikulu, diosal, galdua gordetzen zuen.
'Prehled' aldizkari katolikoa zen bai. Ilustrovany ctrnactidenik Svatovaclavske Ligy-ren bozeramailea zen: hau da San Wescenslaoren Ligako lau hilabetekari ilustratua. Eta hantxe, aleko 193garren orrian Lauaxetaren 'Diosala' ezezaguna. Eta beste berri ezezagun bat: Bizkai Buru Batzarraren partaide gisa aurkezten du aldizkariak poeta.
Nazioa eta erlijioa
Lauaxeta txekieraz irakurtzeko nire lehen aukera! Eta dirudienez, izaera katolikoak despistatu zuen poeta, zeren nazioaren eta erlijioaren arteko loturaz egin zuen 'Diosala'. Bost zati laburreko artikulua da. «Euzkadi'ko semiak Kristo'en bidez-bide ibili-ixan dira Erri onen edesti-ziar. […] Bere lagijak, ekandubak, elia eta bixitza osu-osua Doibatza'ren babespian azi ta garatubak dira». Horrela hasten da artikulu. Eta azken batean Kristoren azpian jartzen du Euskal Herri osoa poetak. Pozik ageri du bere burua diosala egiteko modua duelako, baina pozago bide eman zaiolako erlijioa eta nazioaren arteko elkarkidetza agertzeko. Aldizkariak Euskal Herriko eta Txekiako Kristoren jarraitzaileak batzen dituelako ageri du bere poza Lauaxetak. Otoitz egingo du 'Prehled' aldizkariko irakurleengatik, eta «Gustijokin Kristo'ren bakia ixan dedila!» desio du poetak. Artikuluaren bigarren aldian, ordea, Txekoslovakiako aldizkarikoek egiten diote antzeko agurra Euskal Herriko katolikoei, eta antzera bukatzen dira testu biak: «Guztiokin Kristo'ren bakea izan dedila!», ziurrenik Tauerren itzulpen hitzetan.
Egia da Bilbotik Pragara bide luzea dela eta emaitzak ez direla espero bezain ahaltsuak. Baina, egia esateko, ez dut Bizkaiko idazlearengan inoiz hain zuzen ikusi erlijioaren eta nazioaren arteko lotura esturik. 'Prehled' aldizkari katolikoa zen, baina ilustratua ere bai, alde horretan katolikoa izaten jarraitzen bazuen ere. Argitalpenaren erdi aldean, Euskal Herriko argazki bilduma ederra ageri zuen zuri beltzez. Lehen irudian Bergarako Kristo gurutzean ageri da, drama kutsuarekin, eta orrialde pare bat geroago, Sabino Arana eta Azkueren erdian Mateo Mujika gotzaina. Gernikako Arbolaren ondoan Loiolako Eliza. Katolikoa zen benetan aldizkaria, eta guretzako Lauaxetaren diosala zahar kutsukoa izan arren, badirudi katoliko txekiarrek espero zuten mezua zela Bilboko poetak bidalitakoa.