https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Krudelkeria

Krudelkeria larriena da norberak bere buruari eragiten diona./Martín Olmos
Krudelkeria larriena da norberak bere buruari eragiten diona. / Martín Olmos
Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Ez da gehiegi hitz egiten krudelkeriaz gure artean. 'Indarkeria' hitzak ordezkatu eta, albora bota gabe, ezkutatu egin du. Baina ez da kontu bera, ezta antzekoa ere. Egon daiteke, eta badago, indarkeriarik gabeko krudelkeriarik, era sotilean igarotzen dena, inork berari erreparatu gabe. Eta badago, zergatik uka, indarrik, indar fisikorik esan nahi dut, behar ez duen krudelkeriarik. Baina, azken finean eta ondorioaren ondorio gisa, mina dago, oinazea dago, samina dago.

Indarkeriak, bertatik bertara ikusi izan dugunez, ertz asko ditu, ilun-argi asko: gizakiaren aro guztiak zeharkatzen ditu eta, batzuk, zulatzen, labanak gurina bezala, txingorrak orbela bezala. Indarkeriarekin bizitzen ohitu gara, indarrarekin bizitzen bezala. Indarra behar baita bizitzen jarraitzeko, barneko indarrak, batez ere, egin baikaitu garen bezalakoak. Kanpoko indarrak ere bai, kanpotik etorri zaizkigun erronka eta erosoei aurre egiteko, batez ere. Baina bereiz ditzagun indarra eta indarkeria. Indarkeria mugarik gabeko indarra da, ez duelako onartzen ez muga fisikorik, ezta muga sozialik ere, alegia ez duelako gizartearen araurik onartzen. Jakina, araua ez da legea, baina, askotan, zigortzaileagoa da.

Krudelkeria beste kontu bat dugu. Bataillek zioen krudelkeriari buruz «izua eragiten duela, baina liluratzen ere bai». Liluragarria da, uler ez dezakegun neurrian, lilurak ere ez baitu neurririk, ez baita beti ulertzen zer zaigun liluragarri eta zer ez; baina badu bere logika, krudelkeria bezala arrazoimenaz azter daitekeena. Izan ere, beti ezagutu izan dugu krudelkeria, baina beti egiten zaigu arrotza, bestelakoa, kanpokoa, gurekin ez baletor bezala. Baina gurekin zerikusi handia du, krudelak izan baikaitezke besteekin eta, are gehiago, geure buruarekin. Ez dago filosofo askorik krudelkeriari buruz lan egin dutenik. Nietzsche aipa dezakegu, Artaud ere bai. Nietzschek zioen gozagarria zela inor sufritzen ikustea; baina, are gozagarriagoa geu garenean borrero. Oso gizatiarra zela baieztatzen zuen Nietzschek, oso betikoa, oso gaurkoa. Gozamena eta liluramena, ametsetan bezala. Gertatzen da, krudelkeria ametsetan sartutakoan esnatu egiten garela. Eta krudelkeria bisitan etortzen zaigunean, begiak ixten ditugula. Ikusten badugu norbaitek oiloari lepo egiten diola, aiztoaz edo aizkoraz, izutu egiten gara, eta begiak zerratzen zaizkigu, bat-batean. Izutzen gaitu bestearen krudelkeriak, baina are gehiago izutzen gaitu pentsatzeak gu ere horretara iritsi gaitezkeela, guk ere lepoa moztuko diogula oiloari, hala behar izanez gero. Liluratzen gaitu ekintzak, oiloa une bat lehenago bizirik zegoen; gero, ez. Ikusten ditugu haren bulkadak, haren mugimenduak, haren ihes-saioak. Alferrik.

Baina besteengana zuzendutako krudelkeria ez da okerrena, edo bortitzena. Are lazgarriagoa da norberak bere buruari eragiten diona. 'Kontzientzia gaiztoa' deitzen zion Nietzschek, eta aipatzen badut, ez da oso gogoko dudan filosofoa delako, baizik eta beste inork ez bezala adierazi dituelako gure barneko irrits eta irristaldiak, gure barneko goraldi eta beheraldiak. Askotan ikusia da hori ere; kanpora ez doazen indarrak barnean geratzen dira, oztopo eta traba eginez; kanpoan jomugarik aurkitzen ez duten geziek barnera jotzen dute, harrapatzen dutena larrutuz. Eginbeharrak behartsu bilakatzen gaitu, norbaiten zordun nolabaiteko, egin beharrekoa burutu ezean, garbi adierazterik ez badugu ere.

Bizitza krudelkeria dela diotenek krudelkeria saihetsezina dela irudikatzen dute. Egia da krudelak garela, ez nahita, nahi gabe gara gehienetan: badakigu zer den egin beharrekoa eta, hala ere, gure kontzientziak esaten digunaren kontra jokatzen dugu. Baina nola jakin gure kontzientzia ona ote den, ala gaiztoa? Ez dago jakiterik, eta horretan hobe barneko indar hori gidari uztea, norabait irits gaitezen, nahiz ez jakin norabait iristea hobea ote den.

Temas

Euskera