Korrikak martxoaren 31tik apirilaren 10era izango duen ibilbidearen berri eman du
Amurriotik abiatu eta Donostian amaituko da 22. edizioa. Zehazki, 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, 'Hitzekin' lelopean
Korrikak bere sekreturik ezkutuenetako bat eman du gaur ezagutzera: martxoaren 31tik apirilaren 10era bitarte izango duen ibilbidea. Amurriotik (Araba) abiatu eta Donostian amaituko da 22. edizioa. Zehazki, 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, 'Hitzekin' lelopean.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ibilbidearen xehetasunak gailu adimendunetarako Korrika aplikazioan kontsulta daitezke (Android, IOS, web orria) baita ekintzaren beraren egoera ere. Bestalde, AEK-k jakinarazi du kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela.
Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da Korrika, eta, beti bezala, aurreko edizioa amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa, Araban, hain zuzen. Zehazki, Amurrio izan da ekintzari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea helburu dituen ekimenaren mezu sekretua daraman lekukoa, beraz, bertatik abiatuko da martxoaren 31n, 16.30ean. Lehenengo arratsalde horretan Aiara eta Enkarterrin ibiliko da, eta apirileko lehenengo egunekin batera sartuko da Hego Uribera, Arrankudiagan barrena, hain zuzen ere.
Azaldu dutenez, apirilaren 1eko gau osoa Bizkaian emango du, Hego Uriben bertan eta Durangaldean, Gipuzkoara sartzeko ondoren, Eibartik. Hortik Debagoienera (Bergara, Arrasate, Leintz-Gatzaga) eta, buelta Arabara egingo du, Legution barrena, 17.00etan lehenengo hiriburua zeharkatzeko: Gasteiz.
Halaber, Korrikak Lautadan emango ditu apirilaren 1eko azken orduak, Eginotik Ziordirako bidetik Sakanan sartzeko. Korrikalariek Nafarroan emango dute asteburu osoa, Sakanatik Iruñerrira, eta Iruñetik Elortzibarrera. Eta hortik Izarbeibarra, Tafallaldera eta, apirilaren 3a amaitzeko, Erriberara igaroko da.
Eguneko azken orduak Zangozaldean eman ostean, Pirinioetara helduko dela jakinarazi dute. Mendi eta haranetan ibiliko da lasterketa erraldoia, apirilaren 4ko 17.00etan aurtengo edizioak zapalduko duen hirugarren hiriburuan sartzeko: Donibane-Garazi. Ondoren, 21.30ean, Maulera ailegatzea aurreikusi du AEK-k, eta, nabarmendu dutenez, Korrika erdia eginda egongo da ordurako.
Euskal Herriko herrialde guztiak
Hurrengo eguneko, apirilaren 5eko, lehenengo orduak Zuberoan emango ditu lekukoak, hortik berriro Nafarroa Beherera bueltatu, eta Baigorritik Erratzurako bidetik Nafarroa Garaiko hurrengo etapa egiteko. Baztan, Ultzama, Larraun, berriro Sakana eta Lizarraldeko biztanleek ikusiko dituzte korrikalariak pasatzen egun horretan.
Apirilaren 6an, helduko da Arabako hurrengo etapa. Mugatik Kanpezurako bidean barrena eta Mendialdean ibiliko da lekukoa. Hortik Trebiñu, Añana eta Gorbeialdera joango da, azkenik Bizkaira sartzeko Arratiatik, 22. edizioan bigarren aldiz.
Ondoren, bi egun emango ditu Bizkaian Korrika: Arratiatik Usansolora eta Txorierritik Bilbora, hurrengo hiriburura. Apirilaren 6ko 19.30ak izango dira dagoeneko. Ezkerraldea eta Meatzaldetik ibiliko dira korrikalariak 7ko ordu txikietan, eta goizaldea Uribe Kostan pasako dute. Hortik Uribe Butroe, Busturialdea eta Lea-Artibaira joango da, eguna Mutrikun amaitzen ikusteko.
Jarraitzeko, Korrikak Gipuzkoan emango du apirilak 8 osoa: Deba, Urola (Zestoa), Urola Kosta, Buruntzaldea, Tolosaldea, berriro Urola, Goierri eta berriro Tolosaldea, eguna bertan amaitzeko. Biharamunean ekingo diote korrikalariek Nafarroako azken etapari: Leitzaldea, Malerreka eta Bortzirietan, Lapurdira sartzeko geroago Ibardinen barrena. Apirilaren 9a Lapurdiren txanda izango da, eta lekukoa 17.30ean ailegatuko da Baiona hiriburura.
Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio oraindik, apirilaren 10ekoa: hegoaldera joko du lehenik, eta berriro sartuko da Gipuzkoara Irundik. Bidasoa atzean utzita, lasterkariek Oarsoaldea zeharkatuko dute, Hernanialdea atzean utzi eta, azkenik, Añorgatik sartuko dira Donostia hiriburura, 07.30 aldera. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera 12.30erako aurreikusita dago, Bulebarrean. Hori izango da, beraz, Korrikak egingo duen ibilbidea, asteazken honetan ezagutzera eman dena.
Aplikazioa, eskuragarri
Bestalde, AEKtik jakinarazi dutenez, ibilbidearen xehetasunak eta ekimenaren beraren unean uneko egoera kontsultatu ahalko da gailu adimendunetarako Korrika aplikazioaren bidez. Aurten, programak hainbat berrikuntza dakartza, hala nola bilatzaile hobetua eta estaldura arazoak ekiditeko sistema berria.
Aplikazioa dago dagoeneko Android eta IOS sistema eragileen dendetan. Osagarri moduan, ibilbide osoa herrika eta eskualdeka ere badago ikusgai korrika.eus webgunean.
Azkenik, iragarri dute kilometroak erreserbatzeko aukera otsailaren 1ean zabalduko dela. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru ekarpena egiteko.
1980tik Euskal Herria zeharkatzen duen ekimen erraldoia
1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrikak, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa denak. Ordudanik, 21 edizio eta 41 urte igaro dira. Orain, 2022ko martxoaren 31n hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du 22. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe.
Jakina denez, ekimena hasi eta amaitu arte, lekukoa eskuz esku eta kilometroz kilometro eramaten dute korrikalariek. Lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena.
Antolakuntzatik gogorarazi dutenez, ehunka mila lagunek parte hartu dute aurreko edizioetan. «Ekimenaren inguruan sortzen den mugimenduak Euskal Herriko jendarteak bere hizkuntza berreskuratzearen alde egindako hautua erakusten du», diote webgunean.
Beraz, Korrika bi urterik behin Euskal Herriko jendartea astintzen duen gertakari bilakatu da. «Bertan parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe, Korrikaren antolaketan milaka lagun aritzen dira herriz herri eta auzoz auzo eratutako batzordeetan, eta kanpainak irauten duen bitartean, hil batzuk lehenago aurkezten denetik azken eguneko jaia egin arte, ehunka jaialdi, kultur ekitaldi eta abar antolatu ohi dira», nabarmentzen dute.