Korrika lehen aldiz
Duela berrogeita hamar urte emakume batek erabaki zuen maratoi batean parte hartuko zuela. Estatu Batuetan izan zen, eta bertan gertatutakoa oraindik ere adierazgarria da. Berez, ez zegoen debekatua, arauak egin zituenari ez zitzaiolako horrelako zerbait gerta zitekeenik burutik pasa. Baina ordura arte ez zuen emakume batek pauso hori eman.
Zergatik da hain esanguratsua irudi hori, are sekula santan korrikan egin ez dutenentzat? Emakume gazte baten adorea erakusten duelako. Pentsa daiteke beste emakumeren bati bururatuko zitzaiola lasterketa horretan parte hartzeko aukera. Hala izan zen agian, baina Kathrine Switzer izan zen asmoa ekintzara eraman zuen lehena edo, gutxienez, argazki batzuen bidez ezagutu dugun lehena.
Berrogeita hamar urte geroago duela gutxi ibili da Kathrine Switzer Euskal Herrian 'emakumea' eta 'kirola' bi hitz bateragarri direla kontatuz, eta haren ingurura bildu ziren beste esparrutan ere emakumeontzako dauden debekuak hautsi nahian borrokan ari diren emakumeak. Adibidez, Bidasoaldeko alardeetan berdintasuna defenditzen dutenak.
Egizue amestutako hori, esan omen zien Switzer-ek, ausartu zaitezte. Ausardia defendatzen du oraindik ere korrika eginez bizi den emakumeak. Eta ez zaio arrazoirik falta. Gutxienez mundu bazter honetan, askotan emakumeoi ez zaigu debekatu hau edo hura egitea, baina ez dugu egiten. Ausardia falta zaigulako.
Egia da ez gaituztela ausardian hezi, baina egia da baita ere, txikitan edo gaztaroan ikasi ez duguna, irakatsi ez zigutena, handik aurrera ikasteko aukera dugula. Hori da Kathrine Switzer-en irakaspen nagusia, ausardia, jorratu gabeko bideetan abiatzeko ausardia.
Korrikan nahiz aulki batean eserita, ausardia mota asko dagoelako eta nork berea aukera dezakeelako. Kathrine Switzer-ek ez zuen pentsatu, egun hartan gizonezko artean korrika hasi zenean, egun hura izango zela bere bizitza osoa baldintzatuko zuena. Baina horrela gertatu zen.