Kartoizko nukleoa duten taulak egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek
Egitasmo honek poliuretanoaren emisioei aurre egitea du xede
UNAI SARRIUGARTE
Osteguna, 30 urtarrila 2020, 22:13
Kartoizko nukleoa duten taulak egin ditu Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek. Egitasmo honek poliuretanoaren emisioei aurre egitea du xede. Hala, duela egun batzuk Donostiako Kontxako hondartzan kartoizko nukleoa duen surf taula batek flotatu dezakeela erakutsi zuten Mondragon Unibertsitateko Ekoteknologia Industrialetako Ingeniaritza Graduko hirugarren mailako hamahiru ikaslek.
Ikasle hauek bi hilabetetan buru belarri ibili dira kartoizko nukleoa aurkezten duen surf oholak diseinatu eta ekoizten. Donostiako Kontxako hondartzan burututako erakustaldirako hiru taula jorratu zituzten, diseinu eta modelo ezberdinetakoak (Fish 5'5«, Fish 6'4 eta Thruster 6'0).
Seihilekoaren amaierako proiekturako burutu du ikasle-talde honek surf oholen diseinu eta ekoizpena. Era berean, oholak bizikletan garraiatzeko sistema ere asmatu dute. Bertan ikasleek seihilekoan barrena graduan ikasitako ezagutzak aplikatu dituzte ekimen honetan.
Irakasleek taula hauen zenbait alderdi goraipatu dituzte, hala nola, kalitatea, uretan aurkezten duten egonkortasuna, harearekin surfean egin ondoren egitura behar bezala isolatuta dagoela eta bertan urik ez dela sartu, zenbat pisatzen zuen oholak uretara sartu aurretik eta ondoren.
Gaur egun urtean miloi bat surf taula inguru ekoizten dira nazioartean, poliestireno estrusionatua edota poliuretanoa bezalako materialak erabiliz gehienbat. Hori dela bide, 200.000 tona karbono dioxidoren emisioa isurtzen ditu fabrikazio-prozesu honek. Hala, ingurumenarekin jasangarriagoak izateko helburuarekin, surf taulak ekoizteko beste material batzuk hasi dira erabiltzen zenbait diseinatzaile amateur: zura, kortxoa, paper birziklatua edo kartoia, besteak beste.