Borrar
Kanillo izarren artean (eta III)

Kanillo izarren artean (eta III)

Kontakizun honetan eki-argiaren bermatzailea da eta horren zentzua indoeuropar mitologian aurkitu dezakegu

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 8 de diciembre 2018, 23:01

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Joxe Migel Barandiaranek 1931ko 'Eusko Folklore'n argitaratu zuen 'Kanillo arrantzalea ta Kanilllo Txiki' kontu zaharrak aberastasun eta sakontasun apartekoak ditu. Aurreko artikulu batean aipatu nuen fabulen europar tradizioarekin dituen harremanak. 'Kanillo eta udaberria' artikuluan, berriz, indoeuropar kutsuko folklorearekin eta mitologiarekin lotura ere baduela ikusi genuen. Ikuspuntu hori gehiago sakondu dezakeen funtsezko gai bat dago ipuin honetan: Kanilloren eta Kanillo-txikiren arteko aita-semeen harremana batik bat. Barandiaranek ahoz jaso zuen kontakizunean harreman horren ezaugarriak lausotuta azaltzen baldin badira ere, mitologia konparatuaren metodologia erabiliz, azpian dagoen egitura nagusia argitu daiteke.

Kanillo-txikirekin hasiko dugu azalpena. Barandiaranen hitzetan, semea «han urrutiko itsas bazterrean zegoen etxe beltz batera betiko bidali behar» izan zuen Kanillok, bere aitak. Leku ilun hartan geratu omen zen, «deabruaren mendean, sekula handik irteteko eskubiderik izango ez zuen etsipenean». Gau batean, «etzan-lekura zihoala, uste baino hots gehiago nonbait atera eta deabruak deiadar egin zion, geldirik egoten ez bazen itsasora botako zuela» adieraziz. Eta baita egin ere, «atearekin edo hots pixka bat atera zuen beste gau batean, deabru horrek hartu eta itsasoan urrutira bota omen zuen. Igerika-igerika, goizalderako itsas bazterrera inguratu omen zen». Istorio honetan kontatzen denak Faeton pertsonaia mitologikoarekin du antzekotasuna. Martin L. Westen arabera, Faeton eta Hiperion eguzkiaren hipostasiak edo ordezkariak dira. Hiperionek etimologikoki «gorantz doana» esan nahi du, eta Faetonek «distiratsua». Hesiodoren 'Teogonia'ren arabera, eguzkiaren aita da Hiperion; eta Euripidesen 'Phaethon' tragedian, eguzkiaren semea da Faeton. Gure Kanilloren istorioarekin alderatuz, bietan hiru ezaugarri nagusi azaltzen direla esan dezakegu. Alde batetik, pertsonaia nagusia gordeta edo bahituta mantentzen dela. Bestetik, bahiketa hori ateak dituen egoitza ilun batean gertatzen dela. Azkenik, pertsonaia itsasora jaurtitzen dutela.

Lehenengo ezaugarriari buruz, aipatu behar da Hesiodoren 'Teogonian' (990) Faeton pertsonaia Afroditak bahitzen duela. Gregoy Nagyk 'Greek mythology and poetics' liburuan ematen duen interpretazioagatik dakigu Afrodita hori egunsentiarekin (Eos jainkosarekin) parekatzen dela eta bere izaera anbibalentziazkoa dela, ez erabat lagungarria.

Aurretik argitaratutako erreportaiak

Gaueko izarrak

Horrek oinarri naturala edo fisikoa badu, zeren eta egunsentia gertatzen denean, gaueko izarrak desagertuz joaten dira, bahituta bezala. Ateei dagokienez, Homeroren 'Odisea'n «Eguzkiaren ateak (púlai)» esaera erabiltzen da ortziaren mugak adierazteko, hau da, eguzkia kanporatu eta berriz ateratzen den guneak iragartzeko. Kanilloren kasuan, egoitza ilunak gaua ordezkatzen du eta berdin gertatzen da Faetonekin ere, Nagyk adierazten baitu 'Afrodita chtonikoa' (lur-jainkosa) delakoaren mendean geratzen dela, berriro ateetara hurbiltzen den arte.

Aipatu dugun hirugarren ezaugarria itsasora jaurtitzearena da. Ovidiok, antzinatasuneko beste idazle batzuen artean, bere 'Metamorfosi' liburuan aipatzen du nola Faetonek ziurtarazi nahi zuen bera eguzkiaren semea zela eta horretarako Heliosi (eguzkiari) bere gurdia eskatu zion; eguzkiaren karroa gidatzeko gai zela frogatzen bazuen, aldi berean Heliosen semea ere bazela frogatuko baitzuen. Zoritxarrez, genealogikoki amaren aldetik bere izaera hilkorra zenez gero, Faetonek ezin izan zuen gurdia behar bezala gidatu eta lurrera erortzear zihoala, kalte larriagorik gerta ez zedin, Zeusek bere oinaztarria erabiliz Eridanos ibaira jaurti zuen.

Kanillo itsasora jaurtitzen du deabruak, ez ibaira; baina Nagyk azaltzen duen moduan, Eridanos eta Okeanos (ozeanoa) errealitate beraren bi forma dira. Eridanos, Hesiodoren 'Teogonia'ren arabera, Okeanosen semea da, beraz, zentzu osoa du Heliosen semea (Faeton) Okeanosen semearen eremuan (Eridanos ibaian) hiltzea.

Eguzkiaren semearen istorioa ez da bere heriotzarekin bukatzen, goizero ortziaren eta lurraren bitarteko ateak irekitzen baititu. Gertakizun honek Kanillo-txikiren abenturen azken partearekin du zerikusia. Kanillo-Txikik bere aitarengandik betebehar bat jasotzen baitu, deabrua gainditzea. Ipuin honetako deabrua iluntasuna da, argiaren kontrako izakia eta eguzkiaren zikloan bi modutan gauzatzen dena.

«Deabrua iluntasuna da, argiaren kontrako izakia eta eguzkiaren zikloan bi modutan gauzatzen dena»

Eguzkiaren zikloa

Alde batetik gauaren agerpenean, eguzkiaren 24 orduko zikloaren heriotzan eta birjaiotzan. Lurraren rotazio mugimenduak eragiten du ziklo hori. Bestetik, gauaren iraupena luzatuz edo laburtuz doa urtaroaren arabera. Ekinozioetan gau iluna eta egun-argia parekatu egiten dira. Hori da Kanillo-txikik deabruarekin parekatuta daukan lehia. Gure istorioa arrantzalearekin eta arrainarekin hasten da eta udaberriko ekinozioan, martxoaren 20an edo 21ean, eguzkia Piscis izarren konstelazioan kokatzen da. Indoeuropar mitologian eguzkiaren eta izarren arteko harremana modu zehatzean dago azpimarratuta. Esate baterako, Rig-Veda 1/50 himnoak dioen moduan, «Konstelazioak zenduz doaz, lapurren antzera, beren izpiekin batera, guztia ikuskatzen duen eguzkiaren aurrean». Gauaren soin beltzean azaltzen dira gure kontuko beste zenbait pertsonaia distiratsuak, Eridanos (itsasoa), Gemini (bikiak), Virgo (neskamea eta garia), Lepus (erbia), Columba (usoa) eta, nola ez, Canis minor (txakurtxoa).

Beraz, Kanillo-txiki ipuin honetan eki-argiaren bermatzailea da. Horren zentzua indoeuropar mitologian aurkitu dezakegu, bertan prozesu naturala (argia, euria eta ondasunak) bermatzeko erritozko ekintza beharrezkoa zelako. Ekintza hori normalean gerraren jainkoari eskainitako sakrifizio batean gauzatzen zen. Gure ipuinean hildako behorra dugu eta Jaan Puhvelek zioen zaldiaren sakrifizioa, Indian udaberrian gertatzen zena, gerraren jainkoari, Indrari, opa izaten zitzaiola. Azkenik, germaniarren artean, beren aitaren etxea utzi eta Odin gerraren jainkoaren mendean iniziazioa jasotzen zuten mutil gazteek izen deigarri bat hartzen zuten: txakurrak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios