Borrar
Kanillo bakegilea (I)

Kanillo bakegilea (I)

Barandiaranek jasotako ipuin ezagun baten azterketa eskaintzen dugu

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 3 de noviembre 2018, 22:27

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

'Eusko-Folklore0' aldizkariaren 1931ko martxoko alean Joxe Migel Barandiaranek 'Kanillo arrantzalea ta Kanillo txiki' kontu zaharra jaso zuen. Aipatu behar da istorio horrek ezaugarri erabat bereziak dituela. Alde batetik, abenturaz beteriko narrazioa da. Bertan, Kanillo pertsonaia nagusiaren atsedenik gabeko akziozko gorabeherak kontatzen zaizkigu. Horrez gainera, esanahiaren ikuspegitik, narrazio konplexua dela aipatu behar da. Irakurketa bakar batek ez ditu ipuinaren aukera semantiko ezberdinak agortzen. Kontu zahar honek duen konplexutasun deigarriak egokia egiten du antropologoek beren interpretazioak eraiki ditzaten. Horrela, Joxemartin Apalategik, 1987ko 'Introducción a la historia oral' liburuan, Kanilloren istorioa familia behartsu bateko seme gaztearen norabidearekin lotu zuen. Bestalde, Andrés Ortiz-Osés filosofoak Kanilloren bidaia askatasunerantz daraman iniziaziozko prozesua dela aipatu zuen 1982ko 'El inconsciente colectivo vasco' liburuan. Interpretazio hauek kontuan izan arren, uste dut beharrezkoa dela metodologia desberdin bat erabiltzea, mitologia konparatuarena hain zuzen ere. Kanilloren ipuina europar tradizioarekin alderatzen dugunean, testuinguru zuzenean jartzen da eta esanahiak modu argitsuagoan azaltzen dira.

Kanillo arrantzalea

Herri batean Kanillo izeneko arrantzale bat bizi omen zen. Itsasoan lanean zebilela, bisigu bat harrapatu zuen. Bisiguak aske uzteko eskatu zion eta hori eginez gero, aberastuko zuela agindu zion. Kanillok aske utzi zuen bisigua eta berehala aberastu zen, baina ondoren aberastasun horiek guztiak agortu zituen Kanillok. Hori dela eta, berriro arrantzan hasi behar izan zuen. Bigarren saio horretan, bisigu bera harrapatu zuen Kanillok eta arrainak askatasunaren truke aberastasuna eskaini zion berriz Kanillori. Oraingo honetan, ordea, bisiguak baldintza bat jarri zion Kanillori: etxerako bidean aurkitzen zuen lehen izakia eman egin behar zion. Izaki hori gehienetan txakur bat izaten zen, baina Kanillo txiki semea agertu zitzaion txakurraren partez.

Lehendabizi aipatu behar da kontakizun honek lotura duela europar tradizioko 'arrantzalea eta bere familia' eredupean koka daitezkeen ipuinekin. Euskal eremu kulturalean Wentworth Websterrek 'Légendes Basques' liburuan 'Le pêcheur et ses fils' kontua jasotzen du. Bertan arrantzaleak arraina aske uzten du eta horren ondorioz, bere emaztearen irainak jasotzen ditu. Oinarrizko oposizio bat islatzen da, arrantzalearentzat aurreikuspen ekonomikoa ez delako muntaduna; emaztearentzat, ordea, funtsezkoa bilakatzen da. Grimm anaiek 'Arrantzalea eta emaztea' ipuinean eredu bera garatu zuten. Kontu horretan, emaztearen amaigabeko gutizia azpimarratu eta zigortzen da. Tradizio europarrean oraindik atzerago joaz, Esopo fabulagile greziarraren 'Arrantzalea eta arrain txikia' fabula daukagu. Gure Felix Maria Samaniego ere, azken istorio horretan oinarritzen da bere bertsioan. Bertan, arrainak aske uztea proposatzen dio arrantzaleari, horrela denboraren eraginez arrain handiagoa eta ederragoa jateko aukera izango duelako. Arrantzaleak ez dio jaramonik egiten eta «hobe da bat eskuan, eta ez bi auzoan» esaeraren adierazle da bere jokabidea.

Adibide hauetan guztietan ipuinak ezaugarri nagusi bat azaltzen du, irabazi ekonomikoekiko jarrera garatzen dela. Esoporen kasuan, denborari itsatsita; Grimm anaien kasuan, aberasteko nahiari mugak jarri behar zaizkiola azpimarratuz. Kanilloren kasuan bisiguarekin egiten duen hitzarmena da nagusi, askatasuna eta aberastasuna orekatzeko balio duena. Beste bi puntu ere deigarriak dira. Alde batetik, arrantzalearen izena Kanillo izatea nahasketaren ondorioa izan daitekeela, arrantzaleak etxerako bidean aurkituko duen lehen izakia txakur txiki bat izan beharrean Kanillo txiki semea baita. Bigarren puntua da ipuinaren lehen zati honetan literatur testuartekotasuna gailentzen dela. Bigarrenean, ordea, indoeuropar jainkoei erantsitako eduki mitologikoa nagusitzen da.

Justiziazko banaketa

Aip atu deabruak Kanillo txiki itsasora jaurtitzen du. Igeri eginez, lehorrera iristen da. Bertan hiru animalia aurkitzen ditu: lehoia, usoa eta inurria. Hiru hauek aurrean hildako behor bat dute. Kanillo ikusten dutenean, aipatzen diote hiru egun daramatzala behor zahar hura banatu ezinik, eta ea Kanillok lagundu diezaiekeen lan horretan. Kanillok bere irizpidea erabiltzen du lehoiari haragia emateko, usoari erraiak eta inurriari hezurrak eta muina. Hiru animaliak pozik geratzen dira banaketarekin, eta Kanilloren lana eskertzeko hiru botere magiko eskaintzen dizkiote.

«Kanillo justiziazko banatzailea bilakatzen da, balore arrakastatsuak finkatzen dituena»

«Ipuina europar tradizioarekin alderatzean, testuinguru zuzenean jartzen da»

Kontuaren zati honek europar tradizioko bi fabularen nahasketa egiten du. Modu horretan berdintasunaren ezaugarri diren baloreak azpimarratzen ditu eta Kanillo irudi bakegile moduan azaltzen zaigu ipuinean. Kontuan hartzen den lehen istorioa berriro ere Esoporen fabuletan aurki dezakegu. Fabula ugari ditugu lehoiaren nagusitasuna azaltzen dutenak. Esate baterako bertsio batean (Fedrorenean) lehoia, behia eta ahuntza ehizan doaz eta biltzen duten harrapakina banatzerakoan lehoiak indarrean oinarritutako nagusitasunari esker beretzat hartzen du guztia. Indarrez ezarritako boterearen adierazletzat hartu da betidanik kontu hau, tiraniaren irudi aproposa. Aipatu behar da zuzenbidean erabili ohi den 'lehoi kontratua' (leonino) izen hori irudi horretan oinarritzen dela, kontratuetan alde baten neurrigabeko abantaila finkatzen duen akordioa izendatzen baitu.

Kanilloren istorioaren fabula hau Esoporen beste batekin nahasten da, 'Usoa eta inurria' ipuinarekin alegia. Honetan, nahiz eta usoak inurriak baino neurri askoz handiagoa duen, elkarrekin kolaboratzen dute, batak besteari une bakoitzean beharrezkoa duena emanez. Beraz, Kanilloren ipuinean lehoiaren eragina leundu egiten da, jokabide kooperatiboa onesten den neurri berean. Horrez gain, lehoiaren, usoaren eta inurriaren beharrizanak kontuan hartzen dira. Azkenik, esan behar da Kanillo justiziazko banatzailea bilakatzen dela, balore arrakastatsuak finkatzen dituena.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios