Joxe Azurmendiri buruzko komiki batek jaso du aurtengo Sormen Beka
Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek 'Gizaberetxoak. Joxe Azurmendiren joanak eta etorriak' lana onduko dute, Azokaren datorren urteko edizioan aurkeztuko
Azokaren azken eguna heldu da, baina ekimenak ez dira amaitu eta gozatzen jarraitu behar dugu. Duela egun batzuk iazko Sormen Beka irabazi zuen Irati Bazetaren proiektuaz gozatzen hasi baginen Durangoko Museoko Atartea espazioan, gaur jakin dugu aurtengo saria 'Gizaberetxoak. Joxe Azuremendiren joanak eta etorriak' proiektua gauzatzera egongo dela bideratuta.
Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek elkarlanean aurkeztutako lana da, eta hiruren artean sortuko duten komikiaren bitartez, Joxe Azurmendi eta zenbait autore feministaren arteko elkarrizketa fikzionatuko dute: Angela Davis, Simone Weil, Vandana Shiva, Jule Goikoetxea... Krisisietatik bilaketetara, gizaberetxo horien eizinegon, galdera eta gogoetak landuko dira, elkarren arteko zubiak eraikiz eta elkar aberastuz.
Euskal Herrian ardaztuta, gure lurraldeko eta munduko bazter zein egoera ezberdinetan kokatuko dira autoreok, haien bizitzako pasarte esanguratsu batzuetaz ezagutaraziz, haien pentsamendua azalduz eta gaur egun bogan dauden gizarte-auzisk jorratuz. «Pasarte ezberdinak collage modura josita, tonu umoretsu, satirika eta zorrotza izango da nagusi», adierazi dute aurkezpenean.
Unai Iturriaga idazleak agerraldian esan duenez, «proiektu kolektiboa» da aurtenego Sormen Bekaren irabazlea. Urdangarinen tesia ezagutu ostean, hiruren arteko elkarlan proiektu bat abiatzeago gogoz. Egiak marrazkia eta Olasok gidoia egingo du. Hala, batez ere Azurmendik Davisekin zituen loturetan zentratuta, pentsalari feministekin elkartuko da komikian zehar, eta hain arteko elkarrizketa eszenak fikzionatuko dira.
Sinopsia
Joxe Arantzazuko Santutegian ikasle dabiliela, aita hiltzen zaio lan istripu batean. Fedea auzitan jartzean, bizitzako zimenduak eraitsiko zaizkio eta bizitzaren zentzuaren bilaketan abiatuko da. Une berean, Dynamite Hillen (AEB) arrazializatutako familien aurkako bonba-erasoen ondotik, Angela Davis borroka anti-arrazistan aktibatu eta bere ibilbide politikoa hasiko du. Bi pertsonaia hauek munduko txoko ezberdinetan elkar lotzen joango dira, bidean hainbat gizaberetxorekin topatuz.
Epaimahaikideak hauek izan dira aurten: Unai Iturriaga, Esti Albizu, Ainara Azpiazu 'Axpi«, Adur Larrea eta Garazi Arrula. Adierazi dutenez, Joxe Azurmendiri buruzko lana aukeratu dute, besteak beste, proiektu «anbiziotsu» bat delako.
«Batetik, euskal pentsalari handi bat (gizonezkoa bera) bere garaiko mundu mailako pentsalari feministekin elkarrizketan jartzen duelako ezoihiko formatu baten bitartez, komikiaren lengoaiarean bitartez, hain zuen ere. Bestetik, hain seriotzat hartu ohi den mundu intelektuala umoretik eta jarrera jostari batekin lantzeko asmoa ere baloratu dugu. Orijinala da gaia eta tonua uztartzeko proposamena», argudiatu dute.
Gotzon Gomez Gerediagako lehendakariak adierazi du sortzaile berrien bidelagun izateko nahiari bide ematen jarraitzeko asmoa dutela. «Gazte jende asko nabaritzen genuen, arlo ezberdinetan, sortzeko gogoarekin, euskaraz eta euskaratik gainera. Eta horren erakusleiho baino gehiago izan nahi genuen», esan du.
'Atopia' rol jokoen egitasmoa izan zen lehen bekaduna, eta geroztik Kai Nakairen diskoa, Bañolet ikus-entzunezkoa, Ibai Aizpuruaren Barraka bideojokoa, Jon Ander Urrestiren 'Eukalyptus' antzezlana, Marramiau sorkuntza taldearen Argizagi. 'Zubiak adiskidetasunerantz' telesaila eta momentu honetan erakusgai dagoen Irati Bazetaren 'Harien isla' erakusketa saritu dituzte.