Izaro, Itziar Ituño, Albert Pla... Torrezabalen 30. urteurrena ospatzeko
Iraila bukaeran hasi eta datorren urteko ekainean amaituko da ospakizun programazioa, eta lehen zatia aurkeztu dute
Zurekin
Asteazkena, 4 iraila 2024, 17:07
Urte berezia da aurtengoa Torrezabal Galdakaoko Kultur Etxearentzat. 30 urte beteko ditu azaroan eta, bere arduradunen arabera, «sasoi onean dago, bizi-bizirik, eskuzabal». «Programazio aberatsa du, gustu guztiak asetzeko modukoa, ausarta eta behar desberdinak kontuan hartuta osatutakoa», diote. Urteurrena ospatzeko prestatutako programazioa ere halakoa izango da. Edurne Espilla Kultura zinegotziak azaldu duenez, ospakizun programazioa iraila bukaeran hasi eta datorren urteko ekainean amaituko da, eta lehen zatia aurkeztu du Galdakaoko Udalak astearte honetan, abendura artekoa.
Torrezabaleko aurkezpenean parte hartu dute Itziar Ituño abeslari eta aktoreak, Marcus Englert eta Janire Egaña Hika Teatroko kideak; Ane Legarreta ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sareko orkestra zuzendariak; Arkaitz Estiballes bertsolari eta urteurreneko leloaren sortzaileak; eta Iñigo Hernando alkateak eta Edurne Espilla Kultura zinegotziak, Galdakaoko Udalaren izenean.
Estiballesek ondutako leloari dagokionez, 'Egun batean bilakatu zen bizigai' izango da. Bertsolariak eman dio leloa, duela 30 urte Torrezabali izena eman zion bertsolari berak. «Duela 30 urteko Galdakaon eraiki eta eraiki egiten zen, eraikuntza zen nagusi, baina leku gutxi zegoen elkartzeko. Toki zabal bat nahi genuen», azaldu du Torrezabal izenaren zergatia Estiballesek; dorre itxurako eraikina zabala izatea nahi zuen, irekia herritar, talde eta elkarteentzat. Galdakaoko kultur etxeari izena jartzeko antolatu zen lehiaketa irabazita eman zion, horrela, Torrezabal izena. Eta, orain, 30 urte geroago, bizirik dagoen eraikina delako pozik azaldu da Estiballes.
Barrez lehertzeko moduko ikuskizunak
Urteurreneko programazioan lekua izango duten bi emanaldiren protagonistek hartu dute hitza ondoren. Hika Teatroarekin kantuan ariko den Itziar Ituñok 'Bidaia-Die Reise' emanaldia nola sortu zen azaldu du. Marcus Englert alemaniarrak alemanieraz kantu bat abesteko Ituñori egindako proposamenetik sortu, eta eszenatokian 12 artista batzen dituen egitasmo oso batean bihurtu da esperientzia, Englertek berak «pop-rock poesia musikatu» gisa definitu duena. Egitasmoan kide duen Janire Egaña galdakoztarrak, «herritik eta herriarentzako» izango den eta euskararen presentziari eutsiko dion Torrezabal izatea desio dio kultur etxeari, gabonetako bertso saioetan «izugarri» gozatzen duela aitortuta.
Halaber, abendu amaieran ikusi ahal izango da Ane Legarreta orkestra zuzendaria Torrezabaleko oholtzan lanean, ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea zuzenduko du eta 'Transition Resonances' emanaldian musika klasikoa eta elektronikoa batuko direla azaldu du, nolabait, «musika elektrosinfonikoa» entzungo dela.
Iñigo Hernando alkateak kultura sustatzeko lan horretan aritzen diren udal teknikari, programatzaile eta langileei eskertu die egiten duten lana. Etorkizunari begira, beste urte asko opa dizkio Torrezabali, eta «torre zabala izatea herri guztiarentzat». Eta Katrin Schlegel udal programatzaileak bertaratutakoek musikarekin asko gozatuko dutela azaldu du, baita barrez lehertzeko moduko ikuskizunak izango direla ere, eta antzerki kritikoagoak, umeentzakoak zein irisgarriak.
-
Irailak 28 'Cris, pequeña valiente'. El Espejo Negroren emankizuna, 6 urtetik gorako haurrentzat. Torrezabal Klubeko haurren parte hartzea izango da.
-
Irailak 29 Hika Teatroaren 'Bidaia-Die Reise', Itziar Ituñoren ahots eta eszenarekin, Marcus Englerten pianoarekin eta Dangiliske taldeko Janire Egaña galdakoztarraren doinuekin, besteak beste, egingo den bidaia.
-
Urriak 4 Charo Lopez aktore handiaren 'Verso a verso' errezitaldia, Victor Carbajoren pianoak eta Luis Santana baritonoak lagunduta.
-
Urriak 5 Izaro 'Cerodenero' azken diskoa aurkezteko ikuskizunarekin dator, popa eta elektronika uztartuta.
-
Urriak 11 Yllana Teatroren 'Passport'. Hitzik gabeko komikotasun zorabiagarria, publiko guztientzat.
-
Urriak 18 Khea Ziaterren 'La sed del minotauro' antzerkia.
-
Urriak 19 'Pinocchio, eldarniozko istorioa', Canti Vagantiren eskutik. Umorea, objektuen antzerkia, txotxongiloak eta jatorrizko soinu banada nahastuko dira. Torrezabal Klubeko haurrek parte hartu ahalko dute.
-
Urriak 25 'EMDLM. Mundu guztietan onena', Ane Pikaza&Gheadarekin. Performancea, bideoa eta teknologiaren erabilera narratiba eszeniko gisa aztertzen dituen proiektu eszenikoa.
-
Azaroak 8 'Helen Keller, ¿la mujer maravilla?' dokumentu-teatro irisgarria, Chévere Teatroren eskutik.
-
Azaroak 9 'Kutxartean' umorezko klown ikuskizuna, Teatro Paraísorekin. Torrezabal Klubeko haurrek parte hartu ahalko dute.
-
Azaroak 15 'Corta el cable rojo' inprobisazio-komedia ikuskizuna, harridura eta algara eragiten dituena.
-
Azaroak 16 0 eta 3 urte arteko umeei zuzendua, soinuak, usainak, testurak, irudiak, animaliak eta beste sortuko dituzte 'Haizea eta kulunkatzen den hostoa naiz' emanaldian, PAIren eskutik.
-
Azaroak 23 'Eolo eta Da Capo musika banda'.
-
Abenduak 1 'Eukalyptus', zuhaitzak, industria, paisaia eta beste aurrez aurre jartzen dituen istorioa.
-
Abenduak 13 Gazte Konpainia P6ren eskutik, 'Egun zoragarriak' komedia sentsual, lotsagabe eta sentimentala.
-
Abenduak 15 'Dinamita Da Capo' lehen diskoa aurkeztuko du Galdakaoko Da Capo Musika Bandak.
-
Abenduak 26 ESAS Emakume Sortzaile eta Artisten Sarearen 'Transition resonances' emanaldia, estereotipoak hautsita musika klasikoa eta elektronikoa uztartuko dituena, Ane Legarreta orkestra zuzendariaren batutapean.
-
Abenduak 27 Albert Pla musikari, abeslari, aktore, idazle pailazo, bufoi ospetsuak '¿Os acordáis?' ikuskizuna ekarriko digu, eskenatokira bakarrik igota, bere egoera puruan.
-
Abenduak 30 Zirkua ekarriko du Ganso&Cia konpainiak; 'Maluta, Eguberri zirkoa'.