'Iliadazaleak' eta 'odiseazaleak'
Esan daiteke itzulera ere gai unibertsala dela, gerra bezainbeste
Esan izan da 'Iliada'-k efektu monumentala eragiten duela, hein handi batean unibertsala eta tragikoa delako. 'Iliada' borroka handi baten kronika da. 'Odisea', berriz, itzulera baten istorioa. Lur odolez blaitua eta itsasoa aurrez aurre. Baina esan daiteke itzulera ere gai unibertsala dela, gerra bezainbeste. Bere 'Poetika'-ren 24. atalean, esaterako, Aristotelesek dio 'Iliada' ren argumentua arrunta dela, sufrimenduei buruzko kontakizun bat. 'Odisea', berriz, konplexuagoa, nortasunei buruzko kontakizun bat. Beharbada, horregatik erabiltzen ditu 'Odisea'-tik hartutako adibide gehiago 'Iliada'-tik hartutakoak baino.
Publicidad
'Odisea'-ko pertsonaiei denborak eragiten die. 'Iliada'-ko heroiak, aldiz, pieza batekoak dira, denboraren joanak ez du haiengan pitzadurarik sortzen. 'Iliada'-ren une gogoangarrienak gerraren beste aldean gertatzen dira, Troiako jauregian eta Akilesen dendan. Hektor eta Andromakaren despedidaz ari naiz, eta Akiles eta Priamoren arteko topaketa ezkutuaz. Bi kasu horietan armarik gabe daude pertsonaiak, beren biluztasun oinarrizkoenean. 'Odisea'-n ez da gizon handirik hiltzen, ez dago heriotza gogoangarririk, ezta jainkoen arteko borrokarik ere; Ulisesen eskifaia-kideak hiltzen dira, baina haien heriotzak ez du Hektorren heriotzaren gorentasun lirikorik. Eta Ulises etxera heldu eta Peneloperen ezkongaiak akabatzen dituenean, gizon doilorrak diren aldetik, sarraski horrek ez gaitu larregi hunkitzen. Izatekotan, harritu egiten gaitu horrenbesteko basakeriak, batez ere Ulisesek doilor horiekin oheratutako neskameak hilarazten dituenean. Neurriz kanpokoa iruditzen zaigu, eta ez dator oso bat ordu arteko Ulisesen jokamoldearekin. Baina badira 'Odisea'-n bestelako osagai tragikoak ere: aedo feaziar batek Ilionen erorketaren historia kantatua entzutean, barrutik hausten da Ulises, eta horri esker ezagutzen dute besteek; edo Euriklea inudeak txundituta ezagutzen duenean, bere jaun zaharraren orbaina haztatu ondoren; eta zer esan Argos zakurrari buruz... Edo Peneloperen kasuaz, hil-oihal bera josten eta desjosten, denbora irabazteko, nahiz eta senar urtetsuaren etorreran sinisteari utzi dion ia-ia. Eta eskalez mozorrotutako Ulisesekin hitz egiten du aurrena, bere senarra dela jakin gabe. Eta ez al da bihotz-urragarria Ulises Hadesera jaitsi eta hildakoekin hitz egiten duenean, tartean bere amarekin edo Akilesekin? Irakurlearen gogoan ondo iltzatuta geratzen dira Akilesen hitzak, itzal bihurtu eta gero, nahiago lukeela besteren menpeko nekazari pobre eta ondarez eskasa izan, hil guztien gainean errege izan baino. Eta ez al da hunkigarria Eumeo urdezainaren leialtasuna? Edo Atenearen presentzia lagunkoia? Edo Ulisesek sorterriari dion maitasuna?
Alexander Handiak Aristoteles izan zuen irakasle, eta badakigu 'Iliada'-ren ale bat gordetzen zuela burkoaren azpian. Akiles izatearekin egiten zuen amets. Ez zen Mazedoniara itzuli. Agian, ez zen Itakaren benetako esanahiaz jabetu. Batek daki... Oso bestelakoa izango zen burkoaren azpian 'Odisea'-ren ale bat gorde izan balu, eredutzat Odiseo hartu izan balu. Hobe joango zitzaion. Aurrera ateratzeko baliabide adimentsuagoak topatuko zituen akaso. Baina, nork daki, agian, Odiseoren kastakoa izan balitz, ez zukeen konkistatu zuenaren erdia ere konkistatuko, eta greziar kultura ez zen guganaino helduko.
«Pentsatzen hasi zirenak eta, beharbada, dena pentsatu zutenak, greziarrak izan ziren». Borgesen hitzak dira. Eta zera dio beste pasarte batean: «Homeroren indarkeriazko eszenak Faulkner edo Sartreren eszenekin alderatzen baditugu, ikusten da Homerok, eszena mota horiek ondo deskribatzen bazekien ere, ez zuela gogoko indarkeria; jende askoren bilerak gustatzen zitzaizkion, jateko eta musika entzuteko: zibilizazioa zen gustatzen zitzaiona». Aedoa, lagunartea, ogi-haragia eta ardoa. Ulisesi ere ederrena iruditzen zaiona, 'Odisea'-ren IX. kantuaren hasieran, feaziarren artean dagoela, aitortzen duen bezala. Eta Borgesek, jakina denez, nahiago zuen 'Odisea' 'Iliada' baino, eta heroi heleniar guztien gainetik nahiago zuen Odiseo.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión